Elkarrizketa

2018.12.07

Anartz Bilbao

“Estetika hutsetik goragoko zerbait nahi nuke”

Elkarrizketa: Joseba Tapia

Euskal Herriko musikagintzan ezinbesteko ahotsa dugu honezkero Joseba Tapia-rena (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964), entzun orduko identifika erraza, trikitilari esparrutik abiatuta aspaldi kantagintzara emana. Bakarkako ibilbidea hasi zuela hogei urte betetzen diren honetan, egitasmo berria abiatzear da, berarekin berba egiteko baliatu dugun aitzakia. Azaroko goiz argitsu eta fresko batean hartu gaitu, non eta bere jaioterriko Buenos Aires auzoan, galduak ginela-eta gure bila etorri behar izan baitu. Luze aritu gara bertan, eguzkitan gozo eserita, datorren igandean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian joko duen kontzertuari buruz hasi eta, berak esan bezala, “zaletik zalera” bukatu, hitz eta pitz.

8760937

Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko du Joseba Tapiak bere talde berria. (Jagoba Manterola / Fokus)

Vint anys izendatutako ikuskizuna atondu duzu, bakarkako ibilbidearen 20. urtemugan.
“Hogei urte” katalanez diogun arren, ez da errepaso bat, ez bainaiz atzera begira zale, ezta urtemugen ospatu zale ere. Talde berri baten aurkezpena da kontzertua, kasualitatez hogei urteko ibilbide diskografikoaren ondoren datorrena. Makinaria martxan dabilkit, eta proposamen berri bat dator.

Norabide aldaketa bat egitera zatoz?
Nirean beti dira norabide aldaketak (kar, kar). Hogei urte hauetan kantagintzari eskaini diot nire lana, eta orain zortzi musikari izango gara eszenatokian; aldaketa handi bat dator forma aldetik. Gainera, askotan diskoek markatzen dute ibilbide berria, baina kasu honetan kontzertuak erabakiko du. Zergatik? Gehienetan guk kantuak osatu, moldaketak egin eta diskoa ateratzen dugulako, eta askotan pena izaten da gero ibilbidearen bukaeran diskoa ez atera izana, taldeak ere behar duelako kilometro batzuk ibili, bere bidea egin, moldaketa haiek ontzeko.

Zortziko talde berria ezagutzeko jakin-mina dugu.
Hiru metal: Ion Celestino, Garazi Petrirena eta Asier Ituarte, bi tronboi eta tronpeta jole bat; aspalditik ezagutzen ditut eta elkarlan hau aspaldi egin nahi genuen. Ez da lehen aldia metalekin lan egiten dudana, Eta tira eta tunba diskoarekin hasi bainuen harreman hori, eta beraz moldaketak idazten bide hori egina nuen, gertuago aritu naiz horretan. Piano bat: Iñar Sastre, etorkizun handiko musikari gaitza. Musika tresna honekin ere urte luzetako harremana izan dut, Tapia eta Leturia-n hamar urtetan. Oso instrumentu egokia da akonpainamendu eta soloetarako, baina beharbada gure folk munduan oso gutxi erabilia, kanpoan gehiago. Kasu honetan, taldean gitarrarik ez dagoenez pianoa izango da oinarria, Besamotzak taldeko berak izango diren baxu eta bateriarekin batera, Iker Uriarte eta Iñigo Telletxea. Eta perkusio jole eta kantari den Nerea Erbiti falta zait aurkezteko, metaleko jendearekin ezagutu dudana hau ere, eta Celestinorekin batera Lurpekariak taldean dabilena.

Zuk zeuk egin dituzu moldaketa guztiak?
Abiatu nik egin dut baina talde osoaren parte hartzea dago atzean. Nik idatzia eta nahi nuena endelegatzen nahiko lan egin dute musikari gaixoek. Nire lanean akats eta zuzendu beharreko asko zegoen. Nork bere perfila dauka, bere gustuak, bere “harrikada”. Elkar hartzea ez da beti erraza izaten. Halere, zoragarri moldatu gara, musikari serio eta profesionalak tokatu zaizkit. Gozatu ere egin dugula esango nuke bidean.

Entseguak nekezak izango dira.
Agenda arazoak izan ditugu bai. Lanean diharduten musikariak dira denak, proiektu ezberdinetan dabiltzanak. Batzuk Gasteiztarrak, besteak Iruñekoak, beste bat Elgorrikoa eta azkenik Ondarroako bat…. Geografikoki ere punta batekoak. Hiru sekziotan banatu ditugu entsaioak; Iruñean metalekin lan egin dugu, Internetez talde erritmikoarekin eta Lasarten pianoa eta koruak. Gero, halako batean, denak elkartu.

Txoritxo batek esan digu lagun gehiago ere izango direla oholtza gainean.
Ekitaldi handia antolatu nahi nuen, gonbidatuen ideia beranduago etorri zitzaidan. Ibilbide baten irakurketa ere badenez, gurean eta garai batean taldean ibilitako zenbait izango dira gurekin. Xabier Leturia gonbidatuko dut kantu batera, kopla pare bat kantatuko dugu elkarrekin. Arkaitz Miner etorriko da biolinarekin. Niko Etxart da beste gonbidatuetako bat, urte askotako harremana izan baitugu, eta elkarren diskoetan parte hartutakoak garelako. Testuei dagokienez gure aurreneko ibilbide horretan oso inportantea izan zen Xabier Amuriza, eta gurekin izango da Amuriza ere. Oraingoz hor geldituko da kontua, baina asko dira gonbidatu nahi ditudanak, eta datorren urtean biran ibiliko garenez, horietan beste lagun batzuk gonbidatzeko asmoa dut.

Berriro trikitia hartuko ei duzu altzoan.
Beti ibili dut soinu txikia nirekin. Festarako bezala kantagintzarako ere oso baliagarria suertatzen zait. Proiektu honetarako egoki zetorkidan. Gitarrarekin segitu nahiko nuke baina aurrerago, zin dagizuet (kar, kar). Nerea Erbitik ere hartuko du soinu txikia. Horrenbeste intsumenturen tartean ederki defenditzen da nire tresna diatoniko hau.

“Hogei urte hauetan kantagintzari eskaini diot nire lana, eta orain zortzi musikari izango gara eszenatokian; aldaketa handi bat dator forma aldetik”

Azken urteetan, harritu gintuen zu gitarrarekin ikusteak.
Ez dok Amairu-tik ezagutu dut gitarra eszenatokian. Beranduago Beatles eta euskal rock taldeak, Errobi, Niko Etxart, berbena talde pila bat. Gitarra elektrikoa da gaur eguneko gure instrumentu tradizional eta popularrena. Ni hamalau urterekin hasi nintzen gitarra elektrikoa jotzen.

Antzoki ederra da Viktoria Eugenia. Beren beregi hautatu duzu?
Behar genuen horrelako kontzertu baterako pisu eta edertasun handiko tokia. Ni plazetakoa izan naiz gehiago. Badira hamabi urte ez dudala Viktoria Eugenian jo, azkenekoz Lluis Llach-ekin Quebec aurkeztu genuenean edo. Eta Arriaga antzokian ere Tapia eta Leturiarekin orain dela ez dakit zenbat, Band baino lehen esango nuke. Izan ere, gure proposamenak dantzari lotuagoak izan dira, eta bakarkako ibilbidean talde txikiagoetan ibili naiz… ez dira izan dimentsio handietakoak. Gogoa ere baneukan antzokietan emanaldiak egitekoarena eta proiektu hau egoki dator horretarako.

Gaur-gaurkoz zuzeneko data bakarra ezagutzen dugu.
Bai, horrelako birek sukalde lan handia eskatzen duten antolamenduan ere eta lanean ari gara lepo. Jende asko gara eszenatoki gainean eta hortik kanpo beste horrenbeste. Kontratuak, altak eta bajak, fakturak, Administrazioak lupa jarria dauka gugan eta papeleo handia eskatzen du. Hortik aparte promozioa, prentsaurrekoak, kartelak, espotak, elkarrizketak… Bakarka errazagoa da; Infraestruktura txikia nahikoa da, aretoak ere txikiagoak dira. Gertutasuna handiagoa izanik komunikazioa ere ezberdina da. Baina gordinagoa ere bai. Bakarrik zezenaren aurrean toreatzea ezberdina da. Ederra ere bai. Atharratzen joko dugu abenduan soinu txikia eta biok , baina orain ez naiz horretan ari bereziki. Talde berri honen aurkezpena dator eta hementxe daukat ilusioa eta bihozkada.

Hogeita bost kantuko errepertorioa prestatu duzue. Bada berririk? Biniloko single berrian Arestiri musikatu diozun olerkia, “Zorrotzako portuan aldarrika”, esaterako?
Badira kantu berriak ere, hurrengo diskoan izango direnak, talde honekin berarekin. Baina atzera aurrera bat egingo dugu gure ibilbidean zehar, kopletatik abiatuko dudana, horregatik gonbidatu ditut Leturia eta Amuriza, beste atal bat piano, biolin eta ahots hutsez, eta talde osoaren aurkezpena bestetik. Aipatzen duzun abestia singlean bezala kantatuko dugu Iñar, Arkaitz eta hirurok. Festa giroa geldiarazi eta pare bat kantu eskainiko dugu formatu horretan. Kantu berria da nahiz testu zaharra. Baina aldaera ezberdin baten sotiltasuna eta handitasuna azpimarratu nahiko nuke.

Folk progresista bat osatu nahian” zabiltzala esanez iragartzen da zuzenekoa.
Broma bat da, folk progresiboari buruz ari ginela, gaur egungo folk jaialdiekin konparazioan egindakoa. Alegia, herri musika ez dela testu baldarren eta lotsagabeen gunea. Gaur ia etniko eta paleto nahastu egiten ditugu eta jaialdi erraldoi horietan oso exotiko gelditzen da eta horrela ikusi nahi izaten gaituzte. Ondarea aberatsa da tradiziotik datorrena baina badago, tamalez, baldarkeriarik. Zer hartu eta zer utzi, hor dago gakoa.

Urteak daramatzazu idazleekin elkarlanean. Zer ematen dizu testuak?
Estetika hutsetik goragoko zerbait nahi nuke, bai letran bai soinuan. Letrak pisua ematen dio kantagintzari, eta gainera, norabidea. Baina testuak eta musikak gauza berri bat sortzen dute akoplatutakoan, kantua, eta hor banaezinak bihurtzen dira bata eta bestea, arte mota desberdin bat osatzen dutelako. Eta ez dut banatzen idazlea eta musikaria; elkarrekin abiatzen badugu proiektu bat osotasun bat hartzen du eta gauza interesgarriagoak lor daitezke.

Garrantzi berezia ematen diozu kantatutako hitzari.
Letrak zaintzea gure ofizioaren parte inportante bat dela esango nuke, musika zaintzea bezalaxe. Askotan, gure momentuko kezkekin zerikusirik ez daukan zerbait topatzen duzu, harrapatu egiten zaitu eta musikatzen hasten zara. Baina garrantzia osotasunari eman behar zaio, bestela kantu herrena aterako zaizu, desorekatua.

“Karga ideologiko bat dago egiten ditugun hautaketa guztietan, kantua ez da pozoitu gabeko arte bat”

Zuk esana da: “egiten dudanak karga ideologiko handia izatea garrantzitsua da”. Baduzu azaltzerik?
Ez naiz mezu politikoez ari. Ideologia aipatu izan dut, hautua egiten dugulako aldiro, baita musikalki ere. Zenbat ideologia dagoen musikaren barruan, ze instrumentu hautatzen duzun, ze moldaketak egiten dituzun, ze letra kantatu, zer esaten edo esaten ez duzun… Karga ideologiko bat dago egiten ditugun hautaketa guztietan. Sukaldean bezalaxe. Platera eta platerekoa ideologiaz beteak daude. Adierazi nahi dudana da kontzientea naizela kantua ez dela pozoitu gabeko arte bat, eta kontrapozoia erabili behar dudala.

Kontu subjektiboa izan liteke hori, hala ere.
Eta askotan belaunaldien arteko talka. Musikaren mundua oso lotua dago gure sistema honekin. Zer esan nahi du musikak gaur egun? Konpetentzia komertzialaren erdian dagoen estetika bat da askotan, eta belaunaldi berriak normalitatean sartzen dira eta zaharrentzat zabarkeriak dira askotan. Talka horretan bizi gara. Herrigintza kendu diogu kantagintzari, eta aisialdi bihurtu. Sistema honek ez du herrigintzarik nahi, esaneko nahi gaitu. Baina aisialdiak zer esan nahi du gaur egun? Esan dudan konpetentzia komertzial eta korporazio handien arteko talka horretan bakarrik uzten gaitu komunitateak, patera batean itsasoaren erdian, eta horregatik da hain luzea gure taldeen heriotza iragartzen duen zerrenda. Abandonatuta utzi gaituzte, halabeharrez, hain da konpetentzia izugarria. Talde gehiegi ikusten dut jaio, hazi eta hiltzen. Talka komertzial horrek heriotza baitu bizibide, etengabe akabatzen du musika bat eta ekartzen beste bat, eta heriotza horretan ez dugu guk babesik eta ezin dugu lehiatu, gainera.

Ez dezagun itxi elkarrizketa ezkorregi.

Nik oraindik mantentzen dut musikaren haria, egoskor segitzen dut. Borroka bizian gaude eta elkarri eskua emanda jarraitu behar dugu lanean. Berreskuratu ditzagun indarrak eta erasora berriz. Hik bultza gogor hortikan eta nik berriz hemendikan, ikusiko duk nola, nola… laster eroriko dan!


“SISTEMA HONEK EZ DU HERRIGINTZARIK NAHI, ESANEKO NAHI GAITU”

Bakarkako ibilbidea hasi zuela hogei urte igaro direla esan dugu, baina Joseba Tapia 1981ean atera zen lehen aldiz plazara, beste batzuekin batera, Igeldon bizi zen Balda izeneko trikitilari baten omenaldian, Eleuterio osabarekin ikasten ari zela.

Harrezkero joan dira kasik 40 urte, musikagintzak Euskal Herria alderik alde ezagutzeko beta eman dio, eta ez hori bakarrik, izaera ere moldatu dio, nolabait. “Ni oso pertsona lotsatia naiz -dio berak-, eta eszenatokiaren gainean sermoia ematera zoaz, zu zara trikitilaria eta beste guztiak zuri begira daude. Harrokeria puntu bat hartu behar duzu, bestela ez zara kapaz hor egoteko, eta guretzat froga gogorra zen hori. Horretara jarri ginen, gure ofizioaren parte ere badelako, eta orain esango nuke aldatu ere egin naizela pixka bat”. Gogoa hasiera haietara bueltatuta, “Soinua jotzeko irrika nuen —oroit du Tapiak— baina trikitirik ez zuten nahi familian, soinu handira bidali ninduten”.

Geroztik kontuak oso ezberdinak dira, aurreko trikitilariek adina ez bada ere, aldaketa handiak ezagutu dituzte-eta. “Trikitia baserri girokoa eta kontserbadorea zen gehienbat, baina babes handia ematen ziguten mundu hartan. Gero kalera atera behar duzue esaten ziguten, mestizatu behar duzue esaten ziguten, eta egin genuen jauzi hori, azpiegitura handietan jo dugu, jadanik mestizatu gara… Baina gabeziak nabarmenak dira, abandonatuta bezala gaude. Sistema honek ez du herrigintzarik nahi, esaneko nahi gaitu. Kantuak galdu egin du indar kritikoa, aisialdia gara. Beraz, trikiti mundu kontserbadore horretan askoz hobeto tratatzen gintuzten, nahiz eta ordu pila ederra jo behar izaten genuen”

Gauza bera kantagintzan ere. “Ez Dok Amairu ezagutu nuen zuzenean, herrigintzak antolatzen zituen emanaldiak, egarri bat bazegoen”. Garai zailak bizi ditu musikagintzak, Joseba Tapiak esandakoaren arabera, “Baserriaren egoerarekin alderatu daiteke gurea, diferentziak diferentzia. Diru laguntzak eta emango zaizkio, baina inork ez du babesten, bakarrik utzi dugu eta ezin da lehiatu esnetegi handiekin, jada esan genezake hilda dagoela kasik baserri mundua; antzekotasuna ikusten diot gure kantagintzari”.

Kantagintzan
Egun musikari talde asko eta bikainak ari dira lanean Euskal Herrian, baina ez daukagu barneko merkaturik eta hori gabe zaila da uholde komertzial horretan bizirik irautea. “Talde gehiegi ikusten dut jaio, hazi, eta hiltzen”, onartzen du lasartearrak. Bizibidea, musikatik, ezinezkoa da. “Ahalegin handia dago musikarien artean, urte luzetako ikasketak eginak, teknika handia lortu dute, proposamen berri eta ausartak egiten dituzte, eta halere ezin ”.

Joseba Tapiaren kasuan, hogei urterekin hasi zen musika irakaskuntzan, zuzenekoetarako geldiuneekin (Hiru Truku, Zaldibobo eta beste talde askotan jo du), eta Trikitixa Elkarteko zuzendaritzan ere ibili da urte luzez, proiektuak bultzatuz… “Borroka irekian gaude jadanik, egoera honek geroz askoz fronte gehiagotan egotea eskatzen du”.

Eta diskogintzan? “Musika sortu eta grabatuko genuenik ez genuen inoiz pentsatu“. Eskaintza egin omen zieten IZ diskoetxekoek baina ez omen ziren ausartu. “Herriko festetan jo eta fuego genbiltzan Leturia eta biok eta pixkana famoso bihurtu ginen“. Azkenean ausartu eta grabatzeko konpromisoa hitzartu zuten Elkarrekin. “Baina ez genekien nola egin behar zen disko bat”. Jexux Mari Esnaolak, Lizartzako soinu joleak lagundu omen zien horretan. “Jexux Mari Bikondoaren ikasle gorenetakoa zen eta banuen konfiantza berarekin“. Beste trikitilari gehienak bezala erromerietarako preparatu omen ziren, soinujoleak izateko entrenatuak zeuden ez diskoak grabatzeko. Hori beste upeleko sagardoa zen. “musika sortu beharra zegoen”. Kantatzeko joera ere bazutenez Leturia eta bien artean dena egitea erabaki omen zutenHor konturatu omen ziren beren gabeziaz eta testuen bila hasi. “Baina diskoak egiteko proposamenak etorri ziren eta sortzeko beharra eta eskaintzeko beharra sortu zitzaidan. Seguru nago gure munduak proposamen berriak behar dituela, kantu berria, kantu berritua”. 

Kantagintza horretan, kasik historia irakasle ere izan dugu Joseba Tapia, kantu zaharrak berreskuratu baititu bakarkako diskoetan. “Mugimendu guztietan dago berreskuratzeko eta memoria ekartzeko interesa, batez ere horretatik edan ere egiten dugulako. Uste dut hori ere gure ofizioan dagoela. Guk ere, akordatzen naiz, gure Zuberoako lehen kantak Ez Dok Amairukoek erakutsitakoak entzun genituen hasieran. Alde batetik beharrezkoa da aurreko gure munduaren gauzak berreskuratzea eta gordetzea, baina badauka beste dimentsio bat, lehengotik abiatu eta berria egitearena, eta uste dut hori ere badaukala tradizioak”.

Esandakoaren adibide bat ere eman digu, kantuan: “Karlisten garaiko letra zahar bat kantatzen dudanean ez dago bakarrik XIX. mendeko kantutegia berreskuratzeko intentzioa, baizik eta mundu hura gaur kantatuta zer sortzen den. Orduko kontraesanek gaurkoak agerian jartzen ditu. Adibidez, irratian entzuten ditudanean apaizen pederastia kontuak, edo nola jotzen duten emakumeen aurka edo ikusten dudanean Espainiako apaizeria frankista hori; gero kantatzen dudanean “Apaizak tiraka pin pon dabiltza ti-ta tikiti pin pon” (1873ko anonimoa, “Eta tira eta tunba” diskotik) hori oso aktuala bihurtzen da, baina erabili dudan forma oso tradizionala da. beste dimentsio bat hartzen du, eta alimentu ikaragarria bihurtzen da”.

Kultur eredua
Koldo Izagirrerekin ondutako “Etorbide profesionala” kantuak (Real Politik, 2006), esaterako, ondo islatuko luke gaur egun musikariak bizi duen egoera? “Bai, uste dut duintasunaren aldarrikapen bat dela gure ofizioarentzat. Asko jo dut eta jotzeko pronto nago, baina ez dut edozein moduz jo nahi.” 

Egoera zaila izanik ere, Joseba Tapiak badu esperantzarik. “Erabaki batzuk hartu ordez beste batzuk hartuko bagenitu, asko aldatuko litzateke egoera. Telebista bat daukagu, dirua ere badugu, eta azpiegiturak. Baliabideok erabiliko balira beste modu batean…”

ETIKETAK:Arkaitz MinerAsier ItuarteErrobiEz Dok AmairuGarazi PetrirenaHiru TrukuIker UriarteIñar SastreIñigo TelletxeaIon CelestinoJoseba TapiaKoldo IzagirreLurpekariakNerea ErbitiNiko EtxartTapia eta LeturiaXabier AmurizaXabier LeturiaZaldibobo