Elkarrizketa

Antton Iturbe

2015.09.16

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Hasier Oleaga

Elkarrizketa: Hasier Oleaga
hasier txikiagoa

Hasier Oleaga (Bilbo, 1979).

Hasier Oleagari (Bilbo, 1979) musika dario gorputzeko atal guztietatik. Bere esku eta oinekin maisutasunez jotzen ditu bateria eta pianoa, bere begiek dakusaten forma eta koloreak musika bihurtzen ditu buruan eta jazz-eko solo baten moduan ateratzen dira hitzak bere ahotik. Doinuari heltzen dio lehenik eta pixkanaka kiribil baten moduan zabaltzen du, eta plastilinaren moduan moldatu eta nahastu, gero berriz harira bueltatzeko (tira, saiatzen da behintzat). Solasaldi oparo eta argigarri hau ohiko soinu eleen formatuan egin dugu. Hamar kantu. Ehunka istorio.

1.- WAYNE SHORTER: “Infant Eyes” (Speak No Evil, 1964)

HASIER OLEAGA: Badakit zer den, John Coltraneren “Naima”, ezta?

BADOK: Ez, Wayne Shorter da.
H.O.: Aiba! Barkatu…

BADOK: Ea kantuaren izena asmatzen duzun.
H.O.: Baietz uste dut, jo izan dut gainera. “Infant Eyes”?

BADOK: Bai. Zure musikari buruzko informazioa Interneten bilatzen ari nintzela, Bilboko Haceria klubean grabatutako bideo bat topatu nuen, zeinean komentatzen zenuen Wayne Shorterren musikaren inguruko jam bat jotzen ari zinetela. Beste edozein klasiko ekar nezakeen hona, zeren eta jazzaz aritzea zen nire asmo nagusia. Azken batean, musikari bezala jazzarekin lotzen zaitugu nagusiki, nahiz eta beste hainbat estilotan ere aritu. Nondik hasi eta nola iritsi zinen jazzera?
H. O.: Jakin-min hutsez. Nire irakasle batek erakutsi zidan disko bat erabakigarria izan zen prozesu horretan, Red Hot Chili Peppersen Blood Sugar Sex Magik, hain zuzen ere. Musika beste era batera entzutera bultzatu ninduen disko hark. Eta hortik aurrera hasi nintzen jazza eta beste estilo ezberdin batzuk entzuten eta gozatzen. Ordura arte, jazza aspergarria iruditzen zitzaidan, Miles Davisen bilduma trakets eta merke haietako bat entzuten nuen eta ez zitzaidan gustatzen. Musika ona zela esaten zutenez, behin eta berriro saiatzen nintzen ulertzen, baina ez nion zentzurik aurkitzen. Niri Negu Gorriak, Su Ta Gar eta horrelakoak gustatzen zitzaizkidan garai hartan. Ni hortik nator, ez dut ukatuko. 

BADOK: Bitxia da Blood Sugar Sex Magik bezalako disko batek halako eragina izatea. Disko berezia da, zalantzarik gabe, eta neronek ere asko entzun nuen garai hartan. Baina zein modutan esango zenuke eragin zizula?
H.O.: Bat-batean, abestiaren hitzetatik kanpo, bateriak, baxuak eta beste instrumentuek sortutako unibertso bat bazegoela aurkitu nuen. Egun jarraitzen dudan bidearen hasiera ikusi nuen. Alegia, musika hizkuntza bat dela eta horretan sakonduz gero baliabide gehiago izango dituzula nahi duzuna adierazteko.

BADOK: Zein ederki azalduta, Hasier. Eta behin jazzean hasita, zeintzuk izan ziren zure lehen gustuko artistak?
H.O.: Rocketik abiatzen ziren jazz-rock fusio taldeak, baina segituan utzi nituen eta beste gauza batzuk entzuten hasi. Esanguratsua da, Gasteizen bizi nintzela, Bartzelonara bateria lezioak hartzera joan nintzenean gertatutakoa. Irakaslea jazz-rock fusioko bateria jotzaile iaioa zen eta modu ia atletiko batez jotzen zuen instrumentua. 17 urte nituela eta ezagutza handirik gabe berarekin hasi nintzen ikasten, Gasteiz eta Bartzelona artean etengabeko joan-etorrian. Urtebete geroago Bartzelonara joan nintzen bizitzera eta ez nintzen behin ere joan bere klaseetara, dagoeneko jazzaren nire ikuspegia erabat ezberdina baitzen. Beste musikari batzuekin elkartzen eta lanean hastean ikuspuntu askoz “musikalagoa” zutela konturatu nintzen, eta bateriaz baliatuz doinuak jotzea posible zela erakutsi zidaten. Aurrekora bueltatzea ezinezkoa zitzaidan.

2.- ARKAITZ MINER: “Berrogei minututan ez esateko beldurra” (Esan, 2014)

arkaitz miner moztuta

Arkaitz Miner.

H.O.: Hau ezagutzen dut. Maiz entzun dut.

BADOK: Musikaria bera ezaguna duzu.
H.O.: A bai, Arkaitz Miner!

BADOK: Bere bakarkako diskotik hartu dut abestia. Gustukoa duzu?
H.O.: Diskoa entzun dut. Lehenengo kantu honek adibidez, hainbat lekutara eramaten nauela iruditzen zait eta alde horretatik interesgarria deritzot. Baina pittin bat kosta egiten zait musika hau ezagutzen dudan Arkaitz musikariaren izaeraren barruan kokatzea. Diskoa ona da, baina ezustekoz harrapatu ninduen. Tira, Manolo Garcia baten antza hartzen nion hasiera batean. Mediterraneoko kutsu arrotz bat nabaritzen nion. Gero gainera, oso disko eklektikoa da. Herri musikaren puntu bat dauka, baina nongo herri musika? (barreak)

BADOK: Arkaitzen bidez Mugalarien gaia ekarri nahi nuen mahaira. Bertan Ruper Ordorikaren abestien egiturara mugatu behar zarete musikariak. Lotuago sentitzen zara musikari bezala? Diskoen grabaketan musikariei askatasun handia ematen diela irakurri dut baina zuzenekoetan zenbaterainoko askatasuna ematen dizue Ruperrek?
H.O.: Ez, zuzenean ez da horrela. Guztiok bezala, berak ere behar du ziurtasuna eduki. Ez da hori bakarrik; kantuan istorio bat dagoenean, eta hala behar du izan nire ustez, ñabardura batzuk baino ez dira aldatzen zuzeneko batetik bestera. Eguneko sentsazioen arabera modu ezberdinez espresatu dezakezu istorio hori, baina istorio bera da.

BADOK: Nola sentitzen zara eremu horretan?
H.O.: Lehenik eta behin esan behar dut Ruperren zalea nintzela berarekin jo aurretik. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Herriminak jota edo, bere musikaz eta bere figuraz erabat maitemindu nintzen Bartzelonan.

BADOK: Beraz, berarekin jotzea, zale baten ametsa betetzea izan dela esan genezake.
H.O.: Bai, erabat. Mugalarietan aritu baino lehen, Gasteizen jotzen hasi nintzenean nire kontzertuak ikustera gerturatu zen behin baino gehiagotan. Bion arteko lotura aspalditik dator.

3.- JOSEBA IRAZOKI: “Bonbila eta elektrotxatarra” (Joseba Irazoki eta lagunak, 2014)

Joseba Irazoki

Joseba Irazoki.

H.O.: Hau ez dut ezagutzen.

BADOK: Musikari honekin jo izan duzula uste dut.
H.O.: (Denbora luzez entzun ondoren) Bale, bai, Joseba Irazoki.

BADOK: Gustukoa duzu Josebaren lana?
H.O.: Bai. Ez beti, ordea. Baina orokorrean bai.

BADOK: Zure izena estreinakoz Josebaren ahotsean entzun nuen. Elkarrizketa batean esan zidan inprobisazio saio batzuk egin berri zituela zurekin. Nolakoak izan ziren saio haiek? Grabaketarik ba al dago?
H.O.: Ez daude inon grabatuta, zoritxarrez. Altxerrin egindako emanaldi bat eta hura prestatzeko nire lokalean egindako saio pare bat izan ziren, besterik gabe. Ruperren artista gonbidatu moduan sarritan aritu izan denez, kontzertu horietako batean sortu zen elkarrekin lan egiteko ideia. Egia esan, berak egindako musikak betidanik deitu du nire atentzioa.

BADOK: Ni oso zalea naiz.
H.O.: Azkenengo diskoak apur bat nahastu egiten nau. Oso ona da Joseba musikari bezala, oso interesgarriak dira egiten dituen gauzak, sormen handikoak eta ausartak. Dena dela, azken diskoko soinuak eta nahasketak, orokorrean, ez nau asetzen. Ahotsaren intentzioa eta hitzaren mezua ez dut argi jasotzen.

BADOK: Ba esaten duzuna oso ondo datorkit abesti honen inguruan egin nahi nizun beste galdera bat egiteko. Josebaren folk aldea aipatu nahi baitut, alde hori gustukoago duzulakoan: abeslari batek era akustikoan egindako musika, non abestiaren muina modu gordinagoan iristen den entzulearengana. Gustukoa duzu folka edo, orokorrean esanda, musika akustiko biluzia?
H.O.: Folka berez zer den, ni ez naiz gai esateko. Azken batean Billie Holiday edo Chet Baker entzuten duzunean, zer da hori? Ez al da folka ere?

BADOK: Edo Nina Simone. Ahotsa lehen planoan eta instrumentazio lausoa duten doinuez ari naiz, agian. Alegia, zuk komentatzen zenuen mami hori garbi eta gordin erakusten duen musika. Eta hari horri jarraituz, zeintzuk dira zure ahots gogokoenak?
H.O.: Betiko klasikoak, egia esan. Nick Draketik hasita, Frank Sinatra, Chet Baker, Leonard Cohen, Tom Waits… Eta mamiaren kontzeptu horretara bueltatuz, Berri Txarrak ikaragarria iruditzen zait. Ideia zuzenean botatzen dizute aurpegira, zaplazteko bat bezala, inolako itzulingururik gabe. Maisuak dira horretan.

BADOK: Bai, sarritan entzun dudan lez, hamaika esperimentazio egin ditzakezu doinuak hornitzeko, baina abestirik ez baduzu, ez duzu ezer.
H.O.: Zalantzarik gabe.

BADOK: Baita jazzean ere?
H.O.: Bai, eta horrekin lotuta estandarren kontua aipatu nahi nuke. Jazz estandar gehienak 20ko hamarkadako Broadwayko musikaletarako idatziak dira. Eta noski, hitzak dituzte. Baina jazz eskola gehienetan estandar bat jotzen erakusten dizutenean hitzei ez zaie jaramonik egiten, eta hori akats galanta da, ezinbestekoa baita esaten ari dena ulertzea doinua behar bezala interpretatu ahal izateko. Musikari on batek bere instrumentuaz istorio bat ere konta dezake, nahiz eta batzuk ez ohartu horretaz. Entzuleen artean bakarrik ez, musikarien artean ere badago espresio gaitasun horrekiko ezjakintasuna edo indiferentzia. Bateria jotzaile baten eginkizuna klaketa baten moduan erritmoa mantentzea besterik ez dela uste duen abeslari bat baino gehiago topatu dut. Eta ez da horrela, musikari guztiok istorio kontalariak gara eta istorio horretan sinesten ez badugu jai daukagu.

4.- MOSTLY OTHER PEOPLE DO THE KILLING: “The Shickshinny Shimmy” (Red Hot, 2013) 

H.O.: Ez dut inoiz entzun baina badut susmoren bat. Jazzaldian jo zuten orain dela bi urte?

BADOK: Donostian bai, baina ez Jazzaldian.
H.O.: La Orquesta de los Elefantes edo antzeko izen bat zuen, erdi antzerki erdi musika proiektu bat zen Jazzaldiko hura.

BADOK: Ez da hori, baina tira, badu bere antzerki puntua. Taldearen izena Mostly Other People Do The Killing da. Peter Evans tronpetistak zuzentzen du eta diskoen azaletan eta doinuetan klasikoen parodia modukoak egiten dituzte, umore handiz eta aldi berean irudimen eta gaitasun ikaragarriz. Musikarekiko jarrera jostalari bat dutela esango nuke, eta Nevermind Trio-ren bideo bat ikustean antzeko jarrera bat sumatu nuen zuen artean. Musika jokoa eta umorea ere bada, ezta? Zein punturaino?
H.O.: Erabateko garrantzia du niretzat. Musika egiterakoan jolaserako dugun aldartea edo jarrera bera azaltzen ez badugu emaitza pobretu egiten da. Nik beti aipatzen dut honen inguruan bai ingelesez bai frantsesez musika jotzeko erabiltzen den aditza: play eta jouer, hau da, jolastu bi kasuetan. Niretzako ezinbestekoa da jolastea. Zein modutara?, galdetuko didazu, eta jolasa, sorkuntzaren bilaketa prozesuan, araurik gabe eta ume batek bilatu eta probatzen duen moduan eman daitekeela erantzungo dizut. Kantuak interpretatzerakoan edo entseguetan ere aukera ezberdinekin jolastu daiteke. Jazzeko solo bat zer da azken batean? Doinu jakin batetik abiatuz harekin jolastea baino ez. Are gehiago, tristura edo negargura sentiarazten dizuten une horietan ere jolasa egon daiteke. Ez dut ondo pasatzen une horretan baina sentipen horrekin eta sentipen horren azalpenarekin ere jolas egin dezaket. Plazera ere aurki daiteke une horietan.

5.- IÑAKI SALVADOR TRIO: “Ihesa. Denbora ez da luzea” (Lilurarik ez, Mikel Laboarekin solasean, 2011)

H.O.: Iñaki Salvador, Lilurarik ez diskotik, ezta? Neu naiz bateria jotzen duena.

BADOK: Horregatik ekarri dut. Iñaki Salvadorrek zugan eraginik izaten ote duen galdetu nahi dizut. Maisu izan da zuretzat? Zeintzuk izan dira zure maisuak? Eta horri buelta emanez, zurekin aritu diren beste musikariek zugandik ikasi dutela esango zenuke?
H.O.: Bai, noski, Iñaki maisua izan da niretzako, baita bere diskoetan jo izan duten beste hainbat musikari ere. Maisu eta eredu, esango nuke, bai musikaren alorrean bai bizitzarenean ere. Edozein modutan, behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari musikari bat ikusi eta entzuten dugunean barruko pertsona benetan ikusi ahal dugun ala ez. Batzuek diote bat direla pertsona eta musika. Baina hala bada, orduan John Coltrane zer zen? Nolabaiteko santu bat? Bere estetika eta kontzeptuen sakontasun izpiritualak ezin du erabat egiazkoa izan nire ustez, benetako sentimenduetan oinarrituta badago ere.

BADOK: Azken batean Coltrane ere pertsona arrunta zen. “Gezur” edo antzerki pittin bat egon beharra du horretan, edo lehen aipatzen genuen jolasa. Alde batetik pertsona dago eta bestetik mozorroa. Oholtzara igotzen zaren unetik erabat zu ez zaren beste zerbait bilakatzen baitzara.
H.O.: Bai, irudi bat eratzen da zure inguruan. Egun nire emaztea denak eszenatoki batean ikusi ninduen lehenengo aldiz, nire irudi bat ezagutu zuen eta berekin eraman. Baina irudi hori ez dator bat pertsonarekin, ez behintzat %100ean. Kanpotik ikusten den irudi estetiko hori perfektua da. Horrek ez du jan edo komunera joan beharrik. Ez da guztiz egiazkoa beraz.

6.- EDDIE PREVOST / EVAN PARKER / JOHN EDWARDS-en pasarte inprobisatu bat (Live at Café OTO, 2015)

BADOK: Hau oso zaila da, musikariak ezagututa agian asmatuko duzu. Hitz egiteko gai polita ekarri dit eta ea zer iruditzen zaizun.
H.O.: (Arretaz entzuten du) Bateriak Paul Motian-en antza du, edo New Yorkeko Joey Baron bat.

BADOK: Ingelesa da. Egungo grabaketa da, baina musikari oso beteranoak dira.
H.O.: Ingelesa? Ba, Paul Motian dezente entzun duela esango nuke. Baina jazz ingeles askorik ez dut entzun, egia esateko. Beste musikariak nortzuk diren jakingo banu…

BADOK: Bateria jotzailea Eddie Prevost da, saxo jotzailea Evan Parker eta kontrabaxu jotzailea John Edwards. Gustatzen zaizu, edo askeegia iruditzen?
H.O.: Arriskutsua iruditzen zait batzuetan free-jazzaren eremua.

BADOK: Musikari hauek inprobisazioaren alorrean mugitu izan dira beti.
H.O.: Inprobisazio askean, garbi aditzen denez.

BADOK: Pertsonalki oso gustukoak ditut era honetako soinuak, musikaria ez den entzule bezala lilura berezi bat sortarazten dute nigan, baita nolabaiteko misterioa ere. Zu Asociación Libre Orkesta taldean aritu zinen era honetako musika egiten, ezta?
H.O.: Bai, baina talde haren musikan bazen ekarri duzun honetan faltan botatzen dudan elementu edo informazio bat. Ezinbestekoa zitzaigun komunikazio bide bat izatea musikarien artean, eta bide hori irudia zen. Bai argazkiak, bai bideoak. Irudiek iradokitzen ziotenaren arabera jotzen zuen taldeak, beti ere Joe Smith-en zuzendaritzapean. Joek berak keinu eta koloreetan oinarritutako hizkuntza bat asmatu zuen musikariei adierazpenak emateko eta jo behar zutenaren inguruko adierazpenak emateko. Beraz, zuzendaritza bat eta abiapuntu bat geneukan denok gure inprobisazioak lantzeko. Muga batzuk genituen, azken batean.

BADOK: Eddie Prevostek elkarrizketa batean esaten zuenez, inprobisatzeak ez du helburu finkorik (hots, soinu atseginak edo interesgarriak “aurkitzea”), noraezean galdu eta zure buruan arriskuan jartzeko modu bat da. Era horretako jarrerek eta ideiek liluratu egiten naute. Nola da posible hori gauzatzea eta musika jotzen jarraitzea? Nola lantzen dituzu inprobisazioak?
H.O.: Hau nire ustea da: free-jazzean forma ezinbestekoa da. Eta abiapuntu hori edozein gauza izan leike: zapata bat, edo leihotik ikusten duzuna bateriarekin jotzen saiatzea. Abesti baten hitzak interpretatzen saiatu zaitezke edo blues baten egituraren formarekin jolastu dezakezu.

7.- TONY ALLEN: “Secret Agent” (Secret Agent, 2009) 

H.O.: Uau! Afrikarra da, zalantzarik gabe. Fela Kuti edo oso antzeko zerbait.

BADOK: Ontzat emango dut, kar kar. Tony Allen da, Fela Kutiren taldean aritutako bateria jotzaile mitikoa. Nire asmoa Afrikako erritmoak ekartzea zen. Jazza musika afroamerikarra izanik, afrikar tradiziotik ere edaten du, eta erritmoek osagai afrikar handia dute. Jazz musikari asko joan izan dira Afrikara erritmo horiek aztertzera eta ikastera. Zuk erritmo horiek gustukoak dituzu edota inoiz landu dituzu?
H.O.: Afrikako erritmoak oso interesgarriak iruditzen zaizkit, zalantzarik gabe. Europan harmoniaren aldetik garatu den guztia, Afrikan erritmoaren alorrean garatu da. Urteen poderioz erritmikoki garapen handiko gauzak egitera heldu dira Afrikan. Oso gauza sofistikatuak dira, Tony Allenen doinu hau sofistikazio horren adibiderik hoberena ez bada ere. Badira Mamadi Keita moduko gauza txundigarriak, adibidez. Edo gurera ekarriz, nire lagun diren Kalakaneko mutilek lantzen duten musika zoragarria hor dago. Txalaparta oso hizkuntza musikal arkaikoa da. Afrikara erritmo horiekin baldin bazoaz barre egingo dute zure aurrean. Txalaparta ohiko erara jotzeak guretzat balio historiko bat duen arren, hitz batzuk zezeltzea baino ez da afrikar hizkuntza garatuen aldean. Baina Kalakanek beste zerbait egitea lortu du, soinu hibrido berezi bat.

BADOK: Zein afrikar musikari duzu gustuko?
H.O.: Mamadi Keita bera edo Richard Bonak egiten dituen erritmoak. Jazzaldian birritan jo duen talde bat oso ona iruditu zitzaidan, adibidez, Reunion irlatik zetorren [Zanmari Baré]. Jean Marie Ekairen kantu bat adibidez, Reunion irlan egiten den musikatik abiatzen da. Eta horrek sekulako aberastasun erritmikoa dauka. Marokoko gnawa musika dut gustuko, eta baita flamenkoa ere. Afrikako erritmoetan oinarritzen da erabat eta ikaragarri sofistikatua da.

8.- AIRTO MOREIRA: “Xibaba” (Natural Feelings, 1970) 

H.O.: Argi dago nongoa den baina zein izan daiteke? Zalantzak dauzkat. Emakumea da liderra?

BADOK: Ez, musikari nagusia bateria jotzailea da. Bere izenean atera zen diskoa.
H.O.: Milton Nascimento?

BADOK: Hortxe, hortxe. Airto Moreira da.
H.O.: Ezagutzen dut baina ez sakonki. 

BADOK: Brasilgo musika ekarri nahi izan dut, bateria jotzea erritmoekin jokatzea baino gehiago izan daitekeela komentatzeko asmoz. Era honetako doinuetan bateriak eta perkusio instrumentuek soinu ehundurak sortzen dituztela dirudi. Bateria jo baino gehiago, laztandu eta igurtzi egiten dutela esango nuke. Eta zuk askotan era horretan aritzea gustuko duzula iruditzen zait.
H.O.: Erabat ados, gustukoa dut gainera musikari ez den bati nire musikak eragiten dizkion sentsazioak ezagutzea. Esaten duzunari buruz, jotzen duzun instrumentuak berak eramaten zaitu lurralde batean edo bestean aritzera. Pianoan, adibidez, “erraza” da doinu atzemangarri bat sortu eta hura errepikatuz abesti moduko bat eratzea. Baina bateriarekin nekezagoa da hori. Pixkanaka eta instrumentua ezagutzen duzun heinean haren bitartez hitz egiten ikasten zoaz. Bateria modu ikusgarri batez jotzeko abilezia garatzea ez da berez horren zaila, entrenatuz eta aldizkarietako teknikak ikasiz lor dezakezu. Baina zer esan nahi duzun ahazteko arriskua du horrek, eta aurreko galdera batean aipatutako puntura bueltatzen gara. Non geratzen da zure irizpide artistikoa? Margolaritzarekin paralelismo bat eginez, abstraktuagoa den obra batek itxuraz ez dauka figuratibo batek daukan zama teknikoa. Baina abstraktura iritsi diren artista askok teknika errealista erabat menperatu eta hura gainditu nahian eman dute pausoa. Ornette Colemanek berak, Charlie Parkerren soloak xehetasun milimetrikoz errepika zitzakeen baina berak urrunago joan nahi izan zuen, nahiz eta hasiera batean bere free estilo berria askori ulergaitza eta traketsa iruditu zitzaion, garaiko zenbait musikari ospetsu barne. Max Roach bera, Ornette jipoitzeko asmoz joan zen haren etxera, erabat minduta eta irainduta sentitu baitzen haren kontzertu batean. Afroamerikar usadioaz trufatzen ari zela pentsatzen baitzuen.

9.- BENGALIFERE TRIO: “Petit bengal deviendra grand” (Bengalifere Trio, 2014)

Bengalifere-Trio

Bengalifere Trio.

H.O.: Ez da Ornette Coleman?

BADOK: Ez, egungo musika da. Ziurrenik ikaragarrizko ohoretzat hartuko dute Ornetterekin nahastu izana, kar kar. Euskaldunak dira, gainera. Taldeburu den bateria jotzailea behinik behin.
H.O.: Julen Axiari izan daiteke. 

BADOK: Hori da, Julenen Bengalifere Trio da. Aurtengo Donostiako Jazzaldian ikusi nuen eta ederki pasa ere. Bateria jotzailea taldeko buru izatea zaleentzat arrotza da hasiera batean, nahiz eta adibide ugari egon historian zehar, Art Blakeytik Tony Allen edo Max Roachera. Zure kasuan, Hasier Oleaga Quartet edo Quintet moduan azaltzean zeu zara liderra, ezta? Nola kudeatzen da hori, alegia, bateria jotzailea zuzendari eta konpositore izatea?
H.O.: Abestiak pianoan idazten ditut. Nire izenean egin ditudan bi diskoak (Cantus Caterva I eta II), melodiaren inguruko ariketa moduan sortu ditut. Eta hori, agian, aldendu egiten da bateria jotzaile baten ohiko disko kontzeptutik. Are gehiago, bi diskoetan pasa izan zait neuk idatzitako musika gero baterian jotzeko gai ez izatea, kar, kar. Ideia eta teknika berriak ikasi eta probatu behar izan ditut horretarako.

BADOK: Zuzenean jotzeko garaian nola eramaten duzu bateriatik taldearen zuzendaritza?
H.O.: Tentuz, kar kar. Zorionez, musikari handiekin elkartzen naiz, eta horrek bidea aberastu egiten du. Musikaren hizkuntza erraztasunez erabiltzen duten artistak dira. Haiei lekua egiten eta eroso sentiarazten saiatzen naiz.

BADOK: Bi diskoetan Julen Izarra eta Mikel Andueza saxo jotzaileen presentzia nabarmena eta bikaina da. Horri lotuta, diskoaren aurkezpeneko elkarrizketa batean zera esaten zenuen: zu askotan gonbidatua izan zara beste musikarien diskoetan jotzera eta orain fabore hori bueltatu nahi zenuen, gustuko musikariak zure etxera gonbidatuz. Asko gustatu zitzaidan iruzkin hori.
H.O.: Horixe da bilatzen dudana, erabat. Konfiantza eman eta nire hizkuntza berbera hitz egiten duten musikariez inguratzen naiz.

10.- MORITZ VON OSWALD TRIO: “Structure 4″ (Horizontal Structures, 2011) 

BADOK: Aurretik esango dizut ez duzula asmatuko ziurrenik, baina saia gaitezen hala ere, gai interesgarri bat komentatzeko aukera emango baitit.
H.O.: Ez, ez dut asmatuko… Elektronikaren gauzetan ez nago oso jantzia.

BADOK: Doinua Moritz Von Oswald Trio-rena da. Elektronika eta jazzaren arteko uztarketa bilatzen duen talde bat. Zuk Guillermo Lauzurica eta Fanfy VJ-rekin Telmo Trio elektro-jazz proiektua sortu zenuela jakitean, arras interesgarria iruditu zitzaidan eta horretaz galdetzeko aukera ez nuen galdu nahi. Nola ikusten duzu musika elektronikoaren mundua? Arrotz? Kide? Lagungarri?
H.O.: Guillermoren mundua elektroakustikarena da eta ez dauka elektronika moduan izenpetzen dugun techno dantzagarriarekin zerikusi handirik. Alde dantzagarri hori The Hot Wok edo Ortophonk moduko taldeekin landu izan dut gehiago. Telmo Trio edo Sound Painting taldearekin egin izan dudanak beste jatorri bat dauka, kontzeptualagoa agian.

BADOK: Eta elektronika, lanerako tresna bezala, zer iruditzen zaizu?
H.O.: Arriskutsua, beste edozein instrumentu bezain arriskutsua, hobe esanda. Gitarrista batek pedal eta efektu pila erabili ditzake soinu txundigarrien bila. Baina betiko kontua da: zer esanik ez badu, zertarako tramankulu guztiak? Elektronikarekin gauza bera gertatzen da. Aukera infinituak ditu eta horrek galbidera eraman zaitzake ideia garbi bat ez baduzu.

BADOK: Erabat ados nago zurekin.
H.O.: Horixe zen Telmo Trioren barnean Guillermok eta biok genuen kezka. 

BADOK: Nola mugatu zenuten zuen lana?
H.O.: San Telmo museoan eman genuen sesio hartarako gidoi finko bat sortzen saiatu ginen. Ez zen erabat askea, inprobisaziorako lekua zegoen baina mapa eta bidea garbi geneukan biok. Bestela, freaky-arena inolako mugarik gabe egiteari aspergarria deritzot. Agian nire ezintasuna da, nik ez dudalako musika jario etengaberako gaitasunik. Nik bide bat behar dut.

BADOK: Bukatzera goaz. Zein proiektutan zabiltza une honetan eta etorkizunari begira?
H.O.: Uztailean nire talde berriarekin, Pangea Quartet-ekin, lanean hasi nintzen. Saxofoian Julen Izarra dago, eta harekin batera tronpeta eta kontrabaxu bat. Kasu honetan abestiak landu eta zuzenean jo nahi ditut lehenago eta gero grabatzera joan. Nevermind Trio berritu egin dugu eta lanean gabiltza. Horiez gain, Ruper Ordorika, Miguel Salvador, The Hot Wok, Igelaren Banda, Tenpora, Maracas Para Dos… aspertzeko astirik ez daukat!

ETIKETAK:Arkaitz MinerBerri TxarrakHasier OleagaIgelaren BandaJoseba IrazokiKalakanRuper OrdorikaTenpora