Elkarrizketa

Jon Urzelai

2018.03.01

Jon Urzelai

Willis Drummond, fotogramaz fotograma

Elkarrizketa: Willis Drummond

Rafa Rodrigok bere taldearen kontzertu bat ikustera gonbidatu zuenean ezagutu zuen Willis Drummond Jon Iraundegik. Geroztik, urte luzez hamaika istant ederretan islatu ditu argazkilari irundarrak bere talentua eta taldearen nondik norakoak. Orain gutxi horietatik esanguratsuenak hautatu eta Banizu Nizuke argitaletxearen bitartez argazki liburu bat kaleratu du, giza-talde honen ibilbideak emandako bizipenen inguruan jarduteko lekuko paregabea. Aukera probestu eta liburua eskuetan dugula batu gara Jurgi Ekiza, Xan Bidegain eta Felix Buff taldekideekin, Oñatiko Antixena gaztetxean ematekoak diren kontzertuaren aurretik, Willisen formazio berriak eman dezakeena ezagutu baino lehen. Une aproposa iruditu baitzaigu taldearen hiztegian oso ohikoa ez den hitz batez baliatu eta patxada pixka batekin solasean aritzeko. Zenbait argazkik iradokitakotik tiraka osatu dugu elkarrizketa hau.

IMG_3182

Irungo Mosku auzoko plazan, 2007an. (Jon Iraundegi)

XAN BIDEGAIN: Argazki hori Irungo Moskuko plazan ateratakoa da, bertako jaietan. Kontzertuaz ez naiz asko oroitzen, eszenatokian izan genituen pare bat istripuz soilik, baina badakit ordurako Joseba Baleztena ezagutzen genuela eta gurekin abesti bat jotzera igo zela. Garai haietan ezagutu genituen Irungo lagunak, Bidehutseko jendea…

Nola gogoratzen dituzue hasierako urte haiek?
JURGI EKIZA: Hor lehen diskoko bira egiten ari ginen, Anthology argitaratu genuen oker ez banago. Diskoa grabatu ostean teklatu jotzailea joan egin zen eta laukote gisa ginen (argazkian ez da agertzen baina Felix dago baterian). Bigarren kontzertua zen Irunen, Rafa bertakoa da eta etxean ginen.

Lehen bi diskoekin sekulako kontzertu pila eskaini zenuten eta erritmo bizia izan zenuten 2009an lehen geldialdi oso labur bat egin zenuten arte. Garai hartan musika zale askoren arreta bereganatu zenuten, gerora fidelak bilakatuko zirenak. Zer geratzen da Motörhead eta Fugazi bertsionatzen zituen talde hartatik?
X.B.: Orain hirukote gisa hasi gara eta berreskuratu ditugu lehen disko hartako hainbat kantu. “Berriz ere” adibidez, aspaldian ez genuen jotzen. Nire ustez, ez dago aldaketa handirik, soilik errango nuke espero dudala teknikoki hobeak izatea orduan baino. Hirukote gisa kontzertu gutxi eman ditugu oraindik baina garai hartan genuen gordintasuna eta basakeria oroitarazi didate. Ez dakit sentipen bat besterik ez ote den baina iruditzen zait gordintasunerat itzultzen ari garela berriz. Willis Drummondek baditu aro ezberdinak bere ibilbidean eta ez dut esango berdina egiten ari garenik, baina indar hartara itzultzen ari garela esango nuke.

Willis Drummond psilocybe 2010 (Jon Iraundegi)

Hondarribiko Psilocybenea aretoan, 2010ean. (Jon Iraundegi)

J.E.: Oker ez banago, Bidehuts festakoa da hau, Psilocybe da baina ez da grabatu genuen hartakoa. Taldeak etenaldi gutxi izan ditu, 2009. urte bukaeran hain justu egin genuen bat eta azken kontzertua Psilocybenea aretoan egin genuen. Berriz hasi ginenean jotzen, Bidehutsen urtebetetze jaian jo genuen bertan. Hemen ere agertzen da Bidehuts inguruko eta Moskuko kideen laguntasuna.

X.B.: Jurgik ez du bere buruaz sobera hitz eginen baina niri asko gustatzen zait nola batzuetan guztiz askatzen delarik eszenatokian dena botatzeko gai den. Ongi ikusten da lehen lerroan dauden lagunek nola jasotzen duten transmititzen duen hori eta asko gustatzen zait argazkia.

Nahita hautatu dut Psilocybenea aretoko argazki bat. Nahiz eta argazkia ez den kontzertu hartakoa, bertan emandako kontzertu batekin argitaratu zenuten zuen zuzeneko disko bakarra. Bertan, zuzenekoen indarra islatzeaz gain, entzulegoa osatzen zuten norbanako guztien argazkia jarri zenuten diskoaren azalean. Horri buruz galdetu nahiko nizueke: beti izan zarete talde miretsia zuen zuzenekoengatik eta zalego fidela izan duzue. Nola bizi izan duzue entzulego horrekiko harremana eta nola eboluzionatu du entzulego horrek urte hauetan guztietan?
X.B.: Uste dut nahiko talde “sinpatikoa” garela. Ez dugu sekula hesirik jarri gu eta zalegoaren artean eta publikoan egon diren asko lagun ere bilakatu dira denboraren poderioz. Euskal Herrian jotzen dugularik badaude errepikatzen diren bisai batzuk, izenez ezagutu ez arren agurtzen ditugunak. Horrelakoak badaude. Gero, espero dut hamar urteren ondoren zale berriak egingo genituela, ze bestela gurekin zahar bilakatuko dira ditugun horiek!

J.E.: Seinale ona da, Xanek zioen moduan, badaudela zehazki ez ezagutu arren ezagunak zaizkigun bisaiak, horrek zale fidelak badaudela esan nahi baitu. Beti saiatu gara gure hastapenetako entzulegoa mantentzen baina espero dugu beste berri batzuengana heltzea ere. Aurrekoan Mutrikun egon ginen eta askok galdetu omen zieten antolatzaileei ea nola lortu zuten Willis Drummond ekartzea halako herri txiki batera. Sinpleki laguntasun kontua da, beti sentitu gara ongi bertan eta ez dugu kalkulu handirik egiten, bi hiri nagusi eta beste zenbait herritan jotzea eta horrelakoak. Mutrikura joan nahi genuen bertan lagunak ditugulako eta nik uste laguntasuna elementu zentral bat izan dela Willis Drummonden.

Laguntasunaz gain, esango nuke 90. hamarkadaren bueltan jaiotako askoren talde generazional bat izan zaretela, adin tarte bat zehaztearren. BADOK atarian Montauk taldeko Beñat Goitiak (1991) aipatzen zuen bere generaziokook “Bidehuts sindrome larri eta zoragarria” dugula eta zuen musika Danele Sarriugarteren (1989) Erraiak eleberrian agertzen da, adibidez, baita Beranduegi web telebistaren sintonian edota Markel Ormazabalen (1982) Hemen naiz, ez gelditzeko baina liburuan ere. Halakorik sentitu izan duzue inoiz? Presio modukorik?
Denek: Ez, benetan ezetz.

X.B.: Niri behintzat gertatzen zait, Iparraldean bizi naizenez eta Hegoaldean askoz ere gehiago jotzen dudanez Iparraldean baino, toki bateko eta besteko bizitzak ez ditudala berdinak. Iparraldean nago neure eguneroko bizitzan eta, egia erran, pena da, baina ez zaizkit horrenbeste etortzen arrakastaren oihartzunak. Bai gertatzen da Bilboko edo Donostiako jaietan egotea eta jendeak “Aupa Willis!” esatea eta orduan konturatzen zara badagoela jende bat taldea maite duena. Baina presiorik jasan ez, eta nik behintzat badut bereizketa hori babesten nauena.

Orduan gehiago jotzen zenuten gaztetxe eta txosnetan, nahiz eta oraintxe bertan gaztetxe batean gauden eta hori ere mantentzen duzuen. Baina bai iritsi zaretela publiko zabalagoen aurrean jotzera, jaialdietan eta abarretan. Kontzertu haiek gogoan dituzue edo baduzue halako malenkoniarik?
J.E.: Diozun bezala, jarraitzen dugu halakoak egiten eta hori izan da beti gure gauza. Inoiz ez gara iritsitako tokian geldi egon, beti nahi izan dugu aitzineratu, beti esperientzia berrien bila gaude eta saiatzen gara eszenatoki berrietan jotzen, jende gehiagoren aurrean ahal bada. Baina momentu berean mantentzen ditugu beti egon garen lekuak eta lagunak, gure bizitzaren parte baitira. Ez dago kalkulu bat, hala da. Ezin ditugu beti halakoak egin baina gaztetxeetan tour bat egiteko gogoa genuen, beti hastapen berri batean gaude kasik eta niretzat gauza ona da. Kontua ez da areto batzuk izatea eta egitea Kafe Antzokia eta ez dakit zer, oraindik arrisku batzuk hartzen ditugu eta hori da bizigarria eta kitzikatzen gaituena. Bestela aspertuko ginateke, nire ustez.

X.B.: Gure ibilbidean izan dira garai batzuk asko jo duguna, beste batzuetan gutxiago, gero geldi egon gara… Baina ez da sekula izan estrategiarik edo ikuspuntu zehatzik. Ibilbidea begiratzen duenak ikusiko du ez duela inongo norabiderik (barreak).

Ez dago planik, beraz.
X.B.: Ez dago planik eta iruditzen zait, azken finean, jendeak Willisengandik hori ere maite duela. Bizitza nahiko normala dugu.

Willis Drummond larrabetzu 2012 (Jon Iraundegi)

Larrabetzuko Gazte Egunean, 2012an. (Jon Iraundegi)

J.E.: Ahal bezain beste jotzen genuen garaietakoa da, kontzertu asko eman genituen orduan. Bezperan Katalunian jo genuen, Salten, egunean bertan Santanderreko Takio Festen aritu ginen eta ondoren Larrabetzun jo genuen, Gazte Egunean Berri Txarrak-ekin. Argazkia, hain justu, hirugarren kontzertuaren ostean ateratakoa da, 24 ordutan 3 kontzertu eskaini ostekoa. Nekatuak ematen dugu baina lana ondo egin dugunaren sentsazioarekin: hitza bete dugula, helburua bete dugula. Ez dugu estrategia ez ibilbiderik baina badugu obsesio hori, batzuetan gehiegizkoa agian, sekula ez kontent izan eta beti gehiago eta hobeto egiteko gogoa izatekoa. Desafio polita izan zen eta kontent ginen lortu eta gero.

Argazkia 2012koa da, Istanteak etapakoa, eta disko harekin ere kontzertu erritmo oso bizia izan zenuten. Gogoan dut Andoaingo Kilometroen ondoren atsedenaldi bat iragarri zenutela, baina azkenean oso denbora gutxiko kontua izan zen.
J.E.: Bai, hilabete edo. Gainera, tarte horretan disko berria kaleratu genuen (barreak).

Gaur egun oreka jasangarriagoa topatu duzue?
X.B.: Ez dut uste. Luisek, Black Izarreko gure managerrak, dio talde batek gutxienez 80 kontzertu eskaini behar dituela urtean eta, garai hartan gehiago ziren arren, orain gehiago da agenda kontu bat, bakoitzak badituelako beste gauza batzuk ere. Kontzertuak ez ditugu murrizten, gaztetxeko bira honetan 12 kontzertu eskainiko ditugu hiru astetan, adibidez. Japoniakoak eta Baionakoa kontatuz 20 kontzertu inguru izango dira hilabete eta erdian… Ez dut uste hori oreka edo erritmoa lasaitzea denik (barreak).

J.E.: Izan ditugu fase ezberdinak. Batzuetan nekatuta egon gara, batzuetan gauzak ez dira ez fisikoki ez ekonomikoki bideragarriak izan. Baina orain berriz badugu jotzeko gogo anitz hirukote gisa, disko berria prestatzeko… Erritmo handian aritzeko eta jotzeko gogoa daukagu, ahal bezain beste. Plazer handia hartzen dugu eta beti izan da hori gure motorra. Nekeagatik edo dena delakoagatik plazer gutxiago hartzen ari ginela sentitzeagatik izan da geratu garenean. Helburua beti izan da musika gure ogibidea izatea, hori baizik ez egitea, baina inoiz lan gisa sentitu gabe. Oreka hori atzematea da zailagoa kontzertuen erritmoari dagokiona baino.

X.B.: Oreka aipatzen ari garela, ohituraren eta elkar ezagutzaren bidez, orain lasaiago gaudela esango nuke. Inoiz ez da istilu handirik egon gure artean baina bai tentsioa eta kezkak. Gure harremanak irauten duen eta gogoa dugun bitartean, jarraituko dugu.

Datorren argazkiak badu horrekin zerikusik…

Willis Drummond Jimmy Jazz aretoan 2013 (Jon Iraundegi)

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 2013an. (Jon Iraundegi)

J.E.: Gasteiz da, ezta? Jimmy Jazz?

Bai. Lehen aipatzen zenutenaren harira, 10 urte baino gehiagoz ia dena konpartitzen aritu zarete, kasik familia baten antzera. Bizi ere batera bizi izan zarete…
J.E.: Halako argazkiek adierazten dute nola talde bat gauza intimo bat bilakatzen den. Edozein une eta egoeratan ezagutu behar izan dugu elkar eta kamerinoko momentuak bereziak izaten dira. Konturatzen zara batzuetan oso jende gutxik partekatzen duen zerbait partekatzera iristen zarela. Gauza oso berezia da.

Rafa ere ateratzen da argazkian.
X.B.: Ni Rafa taldekide zuen Skunk-en zale amorratua nintzen eta kontzertuak ikustera joaten nintzen. Gero lagun bilakatu ginen, ez naiz oroitu ere egiten nola…

J.E.: Lehen diskoa grabatzera gonbidatu genuen, gitarra solo batzuk egin zitzan, eta hala elkartu ginen. Huntsa pasatu genuen eta garai haietan ere etorri zen gurekin bizitzera, taldean sartzearekin batera. Feeling ona genuen, lagunak ginen eta geure bizitzen barruraino sartu zen momentu hartan. Aski azkar gertatu zen. Taldekide historikoa bilakatu da gero, 10 bat urte egon da gurekin. Hasieran konposatutako abestiak jotzen eta gero konposatzen. Bion gitarren artean jolas asko daude abesti haietan.

FELIX BUFF: Rafari esker hasi ginen Hegoaldean jotzen, gainera. Bidehutseko jendea eta Jon Iraundegi, adibidez, berari esker ezagutu genituen. Muga ezabatzearen arduraduna bera izan zen.

Willis jimmy jazz 2013 (Jon Iraundegi)

Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 2013an. (Jon Iraundegi)

X.B.: Eñaut Iraeta agertzen da. Rafak lagundu zigun Hegoaldera pasatzen baina gure diskoa Eñauti esker heldu zen hara. Bere eskuetara iritsi zen Anthology eta Hala Bedi irratiko Hiru Kortxea saioan flipatu zuten diskoarekin eta han jotzera gonbidatu gintuzten, Gasteizko Parral tabernan. Geroztik oso lagun bilakatu gara eta Gasteizekin ere harreman kutuna dugu.

J.E.: Hegoaldera salto egiteko gure bi ateak horietxek izan dira: Irun eta Gasteiz. Lehen kontzertua Irungo Polideportivo tabernan eman genuen eta bigarrena Parralen. Bi kontzertu horiei esker hasi zitzaizkigun beste tokietatik deitzen eta guk denari baietz esaten genion (barreak). Joseba [Baleztena] ere ezagutu genuen Hala Bediren bidez. Hala hasi ginen furgoa alde batera eta bestera mugitzen…

X.B.: Furgoa erosten!

J.E.:  Hala da, hala da. Hasieratik zer egin nahi genuen argi izan dugun taldea izan gara. Lehen kontzertua 2004ko abenduan eskaini genuen, Heletan, eta aste bat beranduago Parisera gonbidatu gintuen lagun batek. Guk furgoneta bat erosi genuen hara joateko (barrez).

X.B.: Hirukotea ginen, beste bateria batekin, eta kontzertu hartara 9 lagun joan ginen.

F.B.: Gure Tokiak biran Gasteizen joko dugu berriz, Hala Bedik antolatuta.

Aipatu dituzue Mutriku eta Gasteiz eta Gure Tokiak biraz hitz egin nahiko nuke. Orain, taldea beste behin berrasmatu duzuen honetan, formazio hau konfort guneetan probatu nahi zenuten?
J.E.: Ez, familia aurkezpen bat da, nahi baduzu. Beste inori erakutsi aurretik hobe hurbileko jendeari erakustea.

X.B.: Nahi genuen jo, nahi genuen Euskal Herrian jo eta toki horietan jotzeko ez dugu borrokatu beharrik. Gainera, proposamen asko jasoak genituen eta erantzun nahi izan diegu, lehenago agenda arazoengatik ezin baita posible izan. Lehenago aritu ez garen tokietara ere iritsi gara baina ez ditugu gauzak sobera pentsatzen egin aurretik, naturala da gaztetxe bira bat guretzat.

J.E.: Gaztetxe bira bat egitea aspaldidanik genuen buruan baina atzeratzen eta atzeratzen joan gara. Formato berria toki txikietan praktikan jartzea ere ongi datorkigu.

F.B.: Eta oraindik gure toki batzuk bisitatzea falta zaigu: Psilocybenea Hondarribin, Matadeixe Azkoitian…

J.E.: Beste Gure Tokiak bat egin beharko dugu eta gogotik egingo dugu!

Willis Drummond Bilboko Kafe Antzokia (Jon Iraundegi)

Bilboko Kafe Antzokian, 2014an. (Jon Iraundegi)

J.E.: Hau Neil Youngena da segur aski. Dirudi denak hegan gaudela, bidaiatzen (barreak). Josebarekin izan zen proiektu hori eta hau berarekin emandako lehen kontzertua izan zen.

X.B.: Gure lehen aldia areto bete-betearekin. Lehen sold out-a. Ez genuen inoiz hainbeste jende elkartu geuregatik soilik.

J.E.: Presio handia sentitu genuen, lan handia egin genuen. Kontzertua bera tentsio handikoa izan zen, biziki indartsua. Oraindik esan gabe genuen arren, bagenekien Joseba batuko zitzaigula hilabete geroago. Biziki momentu indartsu gisa gogoratzen dut.

X.B.: Nik plazer handia hartu nuen hori egiten, bidaia baten modukoa izan zen. Kristona izan zen.

J.E.: Josebak eman diguna hori izan da, bere izaera dela eta, bera halakoa baita. Musikaren beste dimentsio bat eman digu: momentuaz gozatzea jendeak zer uste eta jasotzen duen pentsatzen aritu beharrean. Gu gehiago kontzentratu izan gara egin nahi genuenean, emaitzan, momentuan baino. Nik uste kontzertu hauetan hasi ginela hori gehiago bizitzen eta bi hauek (Felix eta Xan seinalatuz) Joseba Lenoir Gangekin asko bizi izan dute hori eta beharbada nik bakarkako proiektua behar izan nuen hori bizitzera iristeko.

Josebak eman zizuen hori, orduan.
X.B.: Lagundu zuen, bai.

J.E.: Berak musika horrela bizi duenez, hori eman digu, bai. Batzuetan ez du funtzionatu, muturreraino eramatea ere ez delako komeni, baina oreka lortu dugunean ederra izan da. Niretzat musikalki onenak izan garen garaiak Josebarekin bizitako zenbait izan dira.

F.B.: Oraindik bada kontzertu hari buruz hitz egiten didan soinu teknikaririk. Kafe Antzokian egon den kontzertu onena izan zela esan izan didate. Gainera Psychedelic Pill diskoko abestiak ere jo genituen, 20 minutu ingurukoak, kasik sludge amaiera dutenak…

Zein hutsune uzten du Josebak?
F.B.: Oraindik hasten ari gara, oraindik dena berria da. Hobe hilabete batzuk barru hitz egiten badugu.

J.E.: Argi duguna zera da, ez garela bere hutsunea betetzen saiatuko. Abesti eta pasarte batzuk ezin ditugu jo Joseba edo Rafa gabe bi gitarra behar direlako eta beste batzuetan sinpleki ezin dezakedalako Josebak egiten zuena egin. Ez soilik teknikoki, kopia hutsa emango lukeelako eta ez lukeelako funtzionatuko baizik. Hobe da abiapuntu berri baten gisara hartzea, beste mundu bat baita.

X.B.: Gauza natural gisa hartu behar dugu gainera, bagenekien ez zela betirako izango eta taldea utzi duen momentua iritsi denean, ba onartu besterik ez dago. Talde bat horrelakoa da, batzuk badatoz eta besteak badoaz. Gure artean lasai eta giro onean gaude, dena dela. Ez da arazo larririk.

J.E.: Zahartzearen kontua izango da, ez gara lehen bezala beldur. Batek uzten badu, geratzen garenok gogoa dugun heinean, arazorik ez dago.

F.B.: Nahiko naturala izaten ari da, uste baino gehiago.

J.E.: Hori bai, gitarrarekin kriston lana daukat nik orain (barreak). Alde positiboa ere badu, aspaldian egin behar nuena egiten ari naiz, gitarrarekin lanean jarri… Hobetzera behartzen gaitu eta hori ondo dago.

X.B.: Eta ni koruekin…

Willis Drummond Zangotza nafarroa oinez 2014 (Jon Iraundegi)

Zangozako Nafarroa Oinez jaian, 2014an. (Jon Iraundegi)

Badago Larrabetzuko argazkiarekiko alderik, ezta?
J.E.: (Barreak) Argazki honek ere badu bere historia… Asteburuan nonbait jo genuen, asteazkenean Pariseko Olympian, ostiralean Madrilen, larunbatean bi kontzertu, Azkainen eta Ordizia Rock jaialdian, han lo egin eta zuzenean Nafarroa Oinezen jotzera joan ginen igandean. Ni gainera gastroenteritisak jota nengoen (barreak)

F.B.: Azkainen Jurgi botaka aritu zen abesti tarteetan eta gero beste kontzertu bat genuen egun berean…

J.E.: Erokeria bat izan zen, baina kontzertu guztiak ongi egin genituen. Zangotzakoaren aurretik furgonetan uste nuen ez nintzela gai izango, baina egin nuen, aste batean ez dakit zenbat kilo galduta izan bazen ere.

Argazkia Joseba batu eta gutxira ateratakoa da. Laster parentesi bat hasi zen, izan duzuen geldialdirik luzeena.
X.B.: Bai, hilabete geroago.

Oxigenoa hartzeko beharrezkoa izan zen, bakoitza bere proiektuetan murgiltzeko?
F.B.: Nik geldialdi hori sumatu ere ez nuen egin, ez bainaiz geldirik egon tarte horretan. Bi urte izan dira eta sei hilabete iruditu zaizkit.  Joseba Irazoki, Joseba Baleztena, Rafa Berrio… jende askorekin jotzen aritu naiz eta segundu bateko kontua iruditu zait. Ez dut gehiegi ere deskantsatu.

J.E.: Garai nahiko gogorrak izan ziren eta nik behintzat banuen atsedenaldi baterako beharra. Tentsio handia ere bazegoen orokorrean, eta horren ondorioz, nik uste geure artean era hobean komunikatzen ere ikasi dugula. Gauza sinpleak konplikatzen ari ziren eta uste dut denbora behar genuela eta pausa bat egin gauzak mahai gainean zintzoki jartzeko. Etenaldia, dena dela, ongi etorri zitzaigun berriz indartsu hasteko.

X.B.: Krisirik ez izateko gelditzea beharrezkoa bada, egin dezagun. Benetan diot gelditu ginenean ez genekiela itzuliko ote ginen ere. Baina era hobean funtzionatzea lortu dugu.

Willis Drummond EHZ jaialdian, 2016an (Jon Iraundegi)

Lekorneko Euskal Herria Zuzenean jaialdian, 2016an. (Jon Iraundegi)

J.B.: Berriz hasi osteko lehen kontzertua da hori, EHZn. Rafak utzi zuen tarte horretan eta laurok aurrera egitea erabaki genuenean iritsi zitzaigun bertan jotzeko eskaintza. Urte hartako arduraduna laguna genuen, Willisen zale amorratua zen eta bere azken urtea zen. Galdegin zigun ea animatuko ginen eta disko berria prestatu aurretik kontzertu batzuk egitea pentsatzen ari ginenez, animatu ginen. Eszenatoki handian izan zen, jende pila bat zegoen…

X.B.: Ongi jo genuen, kontzertu ona izan zen.

F.B.: Kontzertu haren oso oroitzapen ona daukat.

X.B.: EHZn jotzea berezia da. Gaztetatik izan gara bertan, nire lehen jaialdia izan zen eta maite duzun toki batean jotzea beti da ederra

J.E.: Nik ere oso oroitzapen onak ditut. Berriz ere etxean sentitzea, ez soilik EHZ zelako, baizik gustukoa duzuna egiten berriz ere, lagunekin eszenatokian aritzea… Eszenatoki alboan Fermin Muguruza eta Niña Coyote eta Chico Tornado-ko Usoa eta Koldo dantzan zebiltzan, baita lehen aipatutako antolatzailea ere… Guretzat inportantea zen baina ez soilik guretzat, besteak ere pozik ikustea ederra izan zen.

F.B.: Une eta toki egokian egotearen sentsazio hori izan nuen nik. Zeure buruari “hau da egon behar dudan tokia” esaten diozun momentu horietakoa izan zen.

Sentsazioa daukat jendeak zuek berriz ikusteko gogo handia gordetzen zuela. Uda hartan eskainitako kontzertuak oso arrakastatsuak izan ziren eta lehenago ikusten ez ziren generazio berriak ere heldu zirela esango nuke. Ez dakit zuek halakoez konsziente izaten zareten, dena dela. 
J.E.: Agian pixka bat, bai. Piratetan eta horrelakoetan jotzerakoan beti mugitzen dituzu gazteagoak ere, normala da. Gelditu eta itzultzean ere horrelakoak gertatzen dira, kontzienteki egin ala ez.

X.B.: Nik ez dakit horretaz, espero dut baietz (barreak). Kontzertuak eman nahi genituen Tabula rasa grabatu aurretik eta oso ongi atera ziren, hori bai.

Bigarren lehen diskoa deitu zenioten disko hari.
J.E.: Bai, baina bosgarren lehen diskoa izan zen agian (barreak)

Lehen aldia izan zen Bidehuts zigilutik kanpo argitaratzen zenutela. Nolatan hartu zenuten erabaki hura?
J.E.: Gu bezalako talde batek erabakiak azkar hartu behar ditu eta denok badugu geure ahotsa, ez dago lidergorik. Beraz, geure artean antolatzeak berak denbora asko hartzen digu eta itzuli ostean diskoa segituan argitaratu nahi izan genuenez, autoekoizpen hutsera jotzea erabaki genuen. Geure erritmoa mantendu ahal izatea zen asmoa.

F.B.: Ez dugu Bidehutseko beste hainbat talderen errealitate bera, beste erritmo bat daukagu, bai biretan, bai erabakiak hartzerakoan… Ez da erraza izan baina gure bideari ekitea erabaki dugu. Dena dela, bertakoak geure lagunak dira eta gure erreferenteak dira. Gure familia dira. Nik Joseba Irazokirekin jo dut, Audience-rekin… Oso gertuko jendea ere badut bertan.

Willis Drummond Tokion 2018 (Jon Iraundegi)

Tokion, 2018ko otsailean. (Jon Iraundegi)

F.B.: Oso berezia izan da Japoniakoa, erabat mundu ezberdina baita. Kontzertuetan ere oso ondo pasatu dugu, jendeak oso harrera ona egin baitigu. Niri orain dela 10 urte hemen gertatzen zitzaiguna gogorarazi dit, inork ez gintuen ezagutzen eta unean bertan sartzen zen zure munduan… Energia hori sumatu dut. Egiten dugunak oso toki ezberdin batean funtzionatu dezakeela ikustea ere oso ongi egon da, egia esan.

J.E.: Hirukote gisa markak hartzeko ere egokia izan da, ezagunik gabe aurrean eta lasaiago.

Zer moduz hirukote gisa?
J.E.: Kasik bitxia egiten zaigu hirurak agertoki gainean egotea eta hain naturala izatea dena, badirudi betidanik aritu garela horrela.

X.B.: Bertako backline-a erabili dugunez, jotzeaz soilik arduratu gara, anpliak zer soinu ateratzen duen eta horrelako kontuak ahaztuta. Halako esperientziak jotzean jotzeagatik soilik gozatzen aritzeko lagungarri izaten dira, gauzak sobera intelektualizatu gabe.

Amaitzeko, zer ekarriko digute datozen argazkiek?
X.B.: Oraingo argazkietan hiru aterako gara, hori asteko. Bost kontzertu eman ditugu eta ikusi beharko da jendeak nola erantzuten duen. Oraingoz erantzuna ona izaten ari da eta nik esango nuke geroa ongi ikusten dudala, egiten duguna oso garbi dudalako. Beldurrik ez dut. Konposatzen hasiko gara, ea disko berririk sortzen dugun. Lan asko dugu baina lan interesgarria.

J.E.: Betiko plana dugu: hobetzea eta ongi pasatzea.

DATOZEN KONTZERTUAK

  • martxoak 1: Gasteizko gaztetxea (+ Azken Aukera)
  • martxoak 2: Bergarako gaztetxea (+ Rukula)
  • martxoak 3: Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea (+ Polygorn)
  • martxoak 4: Berako Kataku ostatua
  • martxoak 9: Orioko Etxeluze gaztetxea
  • martxoak 10: Leitzako Torrea herriko taberna
  • martxoak 15: Beasaingo gaztetxea (+ Rukula)
  • martxoak 16: Amurrioko Burubio elkartea (+ The Mocker’s)
  • martxoak 17: Lekorneko La Gaita aretoa
  • martxoak 18: Tolosako Bonberenea gaztetxea
ETIKETAK:AudienceAzken AukeraBanizu NizukeBeñat GoitiaBerri TxarrakBidehutsDanele SarriugarteEñaut IraetaFelix BuffFermin MuguruzaJon IraundegiJoseba B. LenoirJoseba BaleztenaJoseba IrazokiJurgi EkizaMarkel OrmazabalMontaukNiña Coyote eta Chico TornadoPolygornRafa BerrioRafa RodrigoRukulaSkunkThe Mocker'sWillis DrummondXan Bidegain