2017.06.06
Akelarre

Akelarre

  • 1972 - 2005
  • Plaza, Rocka

Atzera

Gau pasa
 

Gau pasa

1982 - IZ


  • Akelarre(Hitzak: Anje Duhalde-Musika: Akelarre)
    facebook iconfacebook icon
  • Kantuz(Hitzak: Anje Duhalde-Musika: Rusty Young, Poco)
    facebook iconfacebook iconhitzak icon
  • Goizero(Hitzak: Daniel Landart-Musika: Anje Duhalde)
    facebook iconfacebook icon
  • Eperra(Hitzak: Herrikoia-Musika: Akelarre)
    facebook iconfacebook icon
  • Herria eta hizkuntza(Hitzak: Anje Duhalde-Musika: Ray Davies)
    facebook iconfacebook icon
  • Korkoin bi(Hitzak: Luis Mari Mujika-Musika: Akelarre)
    facebook iconfacebook icon
  • Gaztetasunak(Hitzak: Herrikoia-Musika: Akelarre)
    facebook iconfacebook icon
  • Hotel California(Hitzak: Don Felder, Glenn Frey, Don Henley / Itzulpena eta egokitzapena: Anje Duhalde-Musika: Eagles)
    facebook iconfacebook icon

Formatua: LP


Iraupena: 37' 12"


Argi kodea: IZ-157 D


Azala: Kask estudioa


PARTAIDEAK

  • Ina Goikoetxea, gitarra
  • Pako Diaz, bateria
  • J. Markos Juaristi, baxua
  • Anje Duhalde, ahotsa
  • Aitor Amezaga, teklatuak

GRABAZIOA

Tramontana estudioa (Bartzelona)


SOINU TEKNIKARIA

Maurizio Tonelli, J. Romance


GENEROA

Akelarre 1973an sortu zen, Soraluzen (Gipuzkoa), 1966an lehen pausoak ematen hasitako Los Mansos taldean ibilitako musikariak eta Iñaki Arriaran abeslaria batu zirenean. Ramon Aranzasti (baxua), Juan Luis Ibarzabal (teklatua), Jose Cambronero (gitarra), Iñaki Arriaran (ahotsa), Jose Antonio Ruiz (biolina) eta Ramon Pia (bateria) izan ziren Akelarreko hasierako taldekideak. Geroago, Jose Rodriguez Pepito sartu zen taldean, Cambroneroren ordez; 1974an, Juan Markos Juaristik Aranzastiren lekua hartu zuen; eta 1975ean, Xabier Madina jarri zen kantari. Izena aldatzearekin batera, gaztelaniaz edota ingelesez abestearekin batera tarteka euskaraz egiten hasi zen taldea, eta, azkenik, euskara hutsezko errepertorioaren alde egin zuen. Urrats hori egiten lehenengoetarikoa izan zen Akelarre. “Euskaraz soilik egitea garai hartan harriak gerorren etxera botatzea zen”, Juaristiren hitzetan (1). Juaristi eta Pako Diaz bateria jotzailea dira Akelarreren disko guztietan parte hartu zuten musikari bakarrak. Diaz 1980an sartu zen taldean, Iñaki Goikoetxea gitarristarekin batera, eta urte hartan bertan grabatu zuen Akelarrek bere lehen diskoa, Asfaltu kolorea (Xoxoa). Ziklo baten amaiera ekarri zuen lehen grabazio hark. “Maria marikita” kantuak arrakasta handia lortu zuen 1980ko Bilboko jaietan.

Akelarre, 70eko hamarkadan.

Hurrengo urtean, Errobi taldetik zetorren Anje Duhalde abeslaria eta Aitor Amezaga teklatu jotzailea (Estitxu, Gernika, Enbor) sartu ziren taldean, eta Akelarreren musikak rockaren aldera egin zuen. Musikari gisa kalitatezko lana egiteari eta kantuak sortzeari eman zion lehentasuna, tarteka atzerriko taldeen kantuak euskaratu arren (The Kinks, Poco, Kenny Loggins…). Anje Duhalderekin bi disko grabatu zituen, Gau pasa (IZ, 1982) eta Ari gara (IZ, 1984), zeinetan Akelarreren kantu ezagunenetako batzuk dauden: “Akelarre“, “Goizero”, “Eperra”, “Kantuz” –Poco taldearen “Makin Love” kantuaren moldaketa– eta, batez ere, “Hotel California”, The Eagles taldearen kantu ospetsuaren moldaketa. Azken hori zuzenekoetan bakarrik jotzeko sortu zuten, baina jendeak eskatuta diskoan grabatzea erabaki zuten taldekideek, nahikoa eztabaidatu ondoren. “Batzuk ez genuen egokia ikusten bertsioak sartzea diskoan; beste batzuek, bai (…) Gure artean asko eztabaidatu ondoren, hitzak ere interesgarriak zirela ikusita, sartzea erabaki genuen, baina euskal erara, alegia, leloetan jatorrizkoaren falseteak kenduz eta tonu apalago batean abestuz”, azaldu du Juaristik (2). Kantu horrengatik ezagutu zuten askok taldea, eta zaleen kutunenetariko bat izaten jarraitu zuen taldea desegin arte.

J. Markox Juaristi, Anje Duhalde eta Pako Diaz.

Euskal Herrian, bai dantzaldietan bai rock kontzertuetan, ezohikoak ziren kalitatezko soinu eta argi tresnak erabiltzen hasi zen Akelarre, eta jende multzo handiak erakartzen emanaldietara. Urtean 160-200 emanaldi eskaintzen zituen 80ko hamarkadako lehen urteetan, eta salmenta kopuru politak lortzen zituen. Taldearen garairik gozoena izan zen.

Musikari aldaketak etengabeak izan ziren Akelarreren ibilbidean, eta 1985ean Anje Duhaldek taldea utzi zuen bakarkako bideari ekiteko. Bi kide berri hartu zituen Akelarrek: Jexuxmai Lopetegi abeslari zarauztarra (Sasi taldean ibilitakoa) eta Jose Alberto Batiz gitarrista gernikarra (gerora Tapia eta Leturia Band eta Fito y los Fitipaldis taldeetan ibilitakoa, besteak beste). Bien artean sortu zituzten Mari (IZ, 1985) eta Rockzale (IZ, 1986) hurrengo bi diskoetako kantu gehienak. Akelarreren plazarik kutunenetako batean, Usurbilen (Gipuzkoa), grabatu zuen zuzeneko lehen diskoa, Gauero zuzenean (IZ, 1987), aurreko lanetako kantu arrakastatsuenak bilduz, eta baita berriren bat aurkeztu ere.

Edu Cruz, J. Markos Juaristi, Jexuxmai Lopetegi, Juanma Labandibar eta Pako Diaz.

Plaza taldeen garai onenak ziren jendetza bildu eta dantzan jartzeari zegokionez, eta Akelarre ur gaineko aparretan zegoen. 90eko hamarkadan mugimendu horrek guztiak behera egin zuen, eta Akelarrek ere nabari zuen motelaldia. Joera berriak nagusitu ziren dantzaldietan, irratietan gehien entzuten ziren kantu komertzialak jotzea kasu, baina Akelarrek bereari eutsi zion. “Akelarrek ez du sekula egin jendeak eskatzen duena, beti berak nahi izan duena egin izan du. Hori da beste taldeetatik bereizten gaituena (…) Gu arrakasta hori galtzen ari gara bide bat eramateagatik. Denek egiten dutena egitea erraza da “. (1) Dantzaldiekin batera rock jaialdien bidea jorratzeko saioa egin zuen taldeak. Galizian, Katalunian eta Frantzian kontzertu batzuk eskaini zituen 90eko hamarkadaren hastapenetan, baina hala ere plaza emanaldietan egin zuen ibilbidea.

Elkar diskoetxearentzat hiru disko grabatu ondoren –7-90 (1990), Akerraldian (1991) eta Hator (1993)–, autoekoizpenaren bidea hartu zuen Herrikoiak lanarekin (1994), eta hurrengo diskoak argitaratzeko Soar eta Abar diskoetxea sortu zuen. Ordurako Patrice Dumora Watson lapurtarra zen taldeko abeslari berria, Lopetegiren ordez. Gazteok taldeko abeslari ohia zen Dumora, eta bera arduratu zen, Xabier Lorente-Darracq musikari eta diseinatzaile grafiko miarriztarrarekin batera, Torkemada (Soar eta Abar, 1995) diskoko kantu gehienak egiteaz, horien artean “1, 2, 3, 4 ispiluen aurrean” entzutetsua. Horren aurretik ordea, zuzeneko kasete bat jarri zuten kalean, hainbat emanalditan grabatua, jarraitzaileen eskaerari erantzuteko.

1997an Xanet Arozena gitarristak Edu Cruz ordezkatu zuen, haize freskoa sartu zen taldean eta zuzeneko beste disko bat grabatzea erabaki zuten. 13? (Soar eta Abar, 1997), Hernaniko (Gipuzkoa) Oialume dantzalekuan grabatu zuten. Hamalau kantuetatik sei berriak ziren. Torkemada-k izandako harrera ona ikusita, Lorente-Darracqen eta Dumoraren arteko elkarlanak jarraitu zuen Bertako intxaurrak ere diskoan (Soar eta Abar, 1999), eta Xanet Arozena konpositore gisa estreinatu zen.

Gorria (Soar eta Abar, 2001) izan zen Akelarreren azken estudioko lana, berriz ere eraberrituriko formazio batekin grabatuta. Juanpa Agirre (ahotsa) eta Xabi Zubeldia (akordeoia eta teklatuak) izan ziren taldera biltzen azkenak. Urtean emanaldi ugari eskaintzen jarraitu arren, 2004an Akelarreri azkena ematea erabaki zuten. Abenduaren 25ean eskaini zuen azken dantzaldia, Aian (Gipuzkoa), baina agur esateko kontzertu berezi bat antolatu zuen 2005eko urtarrilaren 21ean, Oialume dantzalekuan. Bertan bildu ziren 33 urteko ibilbidean Akelarreren parte izandako abeslari eta musikari guztiak, Xabier Madina izan ezik, eta garai guztietako kantu esanguratsuenak jo zituzten azkenengo aldiz. Gau hartan gertatutakoa jasotzen du Akelarre 1972-2005 zuzenean CD-DVDak (Elkar, 2005).

Azken taldekideak: Juanpa Agirre, J. Markos Juaristi, Xabi Zubeldia, Xanet Arozena eta Pako Diaz.

2009ko uztailaren 30ean zuzenekoetara itzuli zen taldea, Azpeitian (Gipuzkoa). Kontzertu gutxi batzuk emateko elkartu ziren zortzi taldekide: J. Markos Juaristi, Pako Diaz, Juanma Labandibar, Edu Cruz, Patrice Dumora, Xabi Zubeldia, Juanpa Agirre eta Xanet Arozena. Besteak beste, Bilboko Aste Nagusian jo zuten.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Argia, 1.654. zenbakia, 1997-01-11
  • (2) Gara, 2008ko urtarrilaren 10a