2017.10.26
Alboka

Alboka

  • 1994
  • Folka

Alboka taldea 1994an sortu zuten Joxan Goikoetxeak (soinua, trikitia), Txomin Artolak (gitarra), Josean Martin Zarkok (bouzoukia) eta euskal musikarekin maitemindutako irlandar batek, Alan Griffinek (flauta, twistle-a…). Hasieran, bakoitzaren –batez ere Goikoetxearen eta Artolaren– egitasmo propioen talde paralelo gisa sortu zen. Asmoa, hauxe: dantza musika modu instrumental eta akustikoan ematea. Horrelaxe ondu zuten lehen lana, urte hartan bertan: Alboka (Lagin Records, 1994). Lanak dezenteko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian. Baina, horretaz gain, poliki-poliki taldea ezagun egiten hasi zen Europako folk zirkuituetan.

Txomin Artolak alde egin zuen taldetik 1996an, eta Juan Arriola (biolina) etorri zen haren ordez, bigarren diskoa bukatzen laguntzera. Jauzi kualitatiboa eman zuten Bi beso lur diskoan (Aztarna, 1997). Ordurako Alboka ez zen egitasmo paralelo bat, baizik eta adin nagusitasunera iritsitako talde bat. Aurreko diskoaren joera gainditu eta tradizioan oinarritutako kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta horietako hainbatetan ahotsa sartu zuten. Horretarako, Xabi San Sebastianen laguntza eduki zuten; handik aurrera, hark jarriko zuen ahotsa taldearen disko guztietan. Gainera, beste hainbat aukera dituen CD interaktibo batekin osatu zuten diskoa.

Alboka: Joxan Goikoetxea, Juan Arriola eta Alan Griffin (1998). Argazkia: Berria

Joxan Goikoetxea, Juan Arriola eta Alan Griffin (1998). (Berria)

Zuzenekoak ematen jarraitu zuen Albokak, eta nahiko arrunta zen taldearen izena Europako folk jaialdi nagusietan topatzea: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Musicas Del Mon (Herrialde Katalanak), World Music Getafe (Espainia), Transhumances Musicales (Frantzia)… Jaialdi horietan egindako harremanak baliatu zituzten hirugarren lana egiteko.

Josean Martin Zarkok utzita, taldea hirukote bilakatu zen Lorius diskoan (Resistencia, 2001). Ohikoez gain, itzal handiko laguntzaileak bildu zituzten lan horretarako; urtebete aritu ziren diskoa osatzeko lanetan. Aipagarriena Marta Sebestyen (Muzsikas) kantari hungariar handia bost kantu euskaraz kantatzen entzutea izan zen, bere ospearen gailurrean zegoela. Harekin batera aritu ziren Eliseo Parra kantari espainiarra eta Tino Di Geraldo baxu jotzailea, flamenko musikaren oinarrietako bat. Nabaria da, disko horretan, Alan Griffinek eta Joxan Goikoetxeak konposizioei dagokienez hartu zuten pisua. Herri musikan oinarritutako egile musika da taldearena. Honela agertu zuen, urte batzuk lehenago, herri musikekiko harremana Joxan Goikoetxeak: “Erantzunkizunagatik jo izan da herri musikara, galtzen ari den gauza hil ez zedin. Dena dela, funtzio hori gaindituta dago eta ateak zabalik… Musika herrikoia izan daiteke pinturan surrealismoa dena” (1). Bira luze bati ekin zioten Lorius aurkezteko, eta aipagarria da haietako askotan Marta Sebestyanek berak parte hartu zuela.
44

‘Lorius’ (2001) diskoa grabatu zuten musikarietako batzuk: Joxan Goikoetxea, Juanjo Otxandorena, Xabi San Sebastian, Juan Arriola, Garbiñe Sagastibeltza, Alan Griffin eta Marta Sebestyen.

Hurrengo diskorako, Juan Arriolak taldea utzi eta bikote bihurtu zen Alboka. Lau anaiak diskoan (Elkar, 2004), aurrekoaren bidetik jo zuen. Suso Saiz musikari eta ekoizle galiziar iaioak ekoitzitako disko horretan, ohiko laguntzaileez gain, Benito Lertxundik ahotsak jarri zituen, Mikel Artiedak baxua jo, eta Juanjo Otxandorenak bouzoukia. Azken hori Griffin eta Goikoetxearen laguntzaile finko gertatu zen urte haietan zuzeneko emanaldietan, Xabi San Sebastianekin batera.

Albokaren berririk ez da izan azken aldian. Griffinek beste talde bat du une honetan, Aintzina, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena eta Zigor Sagarnarekin osatua. Joxan Goikoetxeak berriz, hainbat disko argitaratu ditu bere izenarekin –Lehenengo geltokian (Elkar, 1988), Goazen lagun (Aztarna, 1996), Supernova (Canton, 2000), Innervisions (Aztarna, 2007), Angel Unzurekin –Kollage, (Elkar, 1991)– edo Juan Mari Beltranekin —Beti ttun-ttun (No-CD Rekords, 1999)—, eta zenbait ikuskizunetan hartu du parte: Neguan izan zen (Xabier Leterekin), Sortuko dira besteak, Egunsentiaren kantak… Halaber, hainbat kantariren diskoetan grabatu du pianoa edota akordeoia.

Testua: Andoni Tolosa

  • (1) Argia, 1.604. zenbakia, 1996

Mundua ala gu

Gorozikako seme, frenteko soldadu,
mendian larrartean sentitu naiz salbu...
Rockaren izenean neure aita saldu,
baina zimur artean duda zait zabaldu:
nor aldatzen da gehien mundua ala gu?

Kañabera sorotan hamaika esklabu,
ta ni Ibardineko langile kottadu...
Puruek zenbat hosto, ronak zenbat gradu,
zintzur erlastu honek galdera bat badu:
nor aldatzen da gehien mundua ala gu?

Ilargi erori bat, ta lau izar galdu,
itsaso uhertu bat guregan dakargu,
borroka xarmatuak berea eman du,
ta galdetu nahi dugu ez bada berandu:
nor aldatzen da gehien mundua ala gu?

Bitoriako blusak ator ederra du,
gitarra zahar batekin matxeten azaldu,
gero kutxillerian eguna zabaldu...
Goizean ispiluak galdetuko balu:
nor aldatzen da gehien mundua ala gu?

Bizi denak derrigor aldatu behar du,
munduak itzulika tai gabe dihardu,
kontraesan guziak hartuz geure kargu,
herri honek aurrera jarraitu nahi badu,
galdera berri baten beharra daukagu.
kontraesan guziak hartuz geure kargu,
erantzun zaharrekin erdoildu gara gu
ta galdera berrien beharra daukagu.