2019.09.09
Antton Valverde

Antton Valverde

  • 1943
  • Donostia
  • Herri kanta

Antton Valverde (Donostia, 1943ko maiatzaren 21a), perito ikasketak egin, eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Graficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik: solfeo, harmonia, konposizioa eta piano. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak. Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde du arreba, hura ere margolaria.

Antton Valverde, 2005eko Donostiako Musika Hamabostaldian kantari. Argazkia: Monika del Valle / Argazki Press

Antton Valverde, 2005eko Donostiako Musika Hamabostaldian kantari. (Monika del Valle / Argazki Press)

60ko hamarkadaren amaieran hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. 1969 eta 1971 bitartean hiru disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen, eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, “Maitasunez hil” eta “Asaba zarren baratza” kantuak. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkariak beti izan dira Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaz gain, Letek, Bitoriano Gandiagak eta JosAnton Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.

Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.

Antton Valverde 1992an, Lauaxetaren irudiaren ondoan. Argazkia: Berria

Antton Valverde 1992an, Lauaxetaren irudiaren ondoan.

1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986). Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta kutunetakoa. Harekiko zaletasuna txikitatik datorkio: “Etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat” (1).
Lizardiren jaiotzaren mendeurreneko kontzertuan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Argazkia: Berria

Lizardiren jaiotzaren mendeurreneko kontzertuan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, “Barberian. “Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo” (2).

2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.

ANTTON_VALVERDE

Xabier Leteren omenezko kontzertuan, Arantzazun, 2011ko abuztuan. (Gari Garaialde / Argazki Press)

2009. urtean Gu gira jaialdian parte hartu zuen beste hainbat kantarirekin batera, eta 2013. urtean 3Lak musika eta literatura emanaldia estreinatu zuen Anjel Lertxundi idazlearekin. Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemen inguruan osaturiko ikuskizuna CD-DVD batean jaso zuten.

Testua: Gontzal Agote

  • (1) Argia, 1.125. zenbakia, 1986ko azaroaren 16a
  • (2) Berria, 2007ko abenduaren 26a

Amayur gaztelu baltza

Amayur gaztelu baltz ori
—berreun gudari oro sumin—
zaintzen zattuben zaldun onak
Naparra-aldez egin dabe zin.

Izkillu gorriz zenbat gaste
bildur-bako mendittar lerden.
Eta orreik, Yatsu jaun orreik,
Jabier' eko zaldun guren.

Ikurrin bat —kate ta lilli—
torre gottijan zabal dago.
Bera salduko daun semerik
mendi onetan ezta jayo.

Amayur'ko ate-zain orrek
zidar turutaz oyu-egik.
Baztan-ibarran zenbat etsai,
arrotz-gabe eztago mendirik!

Esitturik Amayur dauko
Miranda'ko konde Españarrak.
Orreik bai burnizko janzkijak,
ta urrezko ezpata-sagarrak!

Berekin dator, bai berekin,
Lerin'go eto orren semia.
Txakur txarrak jango al abe
erri-bako zaldun dongia.

Goiko aldetik asten dira,
asten dira subaga-otsez.
Orma-kontretan zenbat zurgu,
eta gezi zorrotzak airez!

Baña torrean zabal dabil
ikurrin bat —kate ta lilli—
Nok zapaldu ete dagikez
berreun gudari orok zoli?

Amayur'ko gaztelu baltza
—jausi yatzuz torre gottijak—.
Baña, arrotza, etzadi geldu,
napar-seme dira gustijak.

Arresi gorri, zubi ausi,
—zein gitxi diran zaldun orreik—.
Erijo, samurño zakije
aberri-min baitabiltz eureik.

Miranda'ko konde gaizto orrek
jo egixuz zidar-turutak.
Ikurrin bat —kate ta lilli—
eztau laztanduko axeak.

Berreun gudari oso sumin
gaztelu-pian dagoz illik.
Ordutik ona, —zenbat laño—,
Naparruan ezta aberririk.