2014.05.27
Bittor Egurrola

Bittor Egurrola

  • Gernika

Beste askori gertatu bezala, Mixel Labegerie eta Raimon kataluniarraren abestiak entzuteak bultzatu zuen Bittor Egurrola kantatzen hastera. “Banuen gogoa barruan nituen gauza batzuk azaltzeko. Gitarra lagun egokia iruditu zitzaidan nire sentimenduak agertzeko”, adierazi zion Joxemari Iriondo kazetariari. Kantagintzan ibilbide laburra izan zuen Egurrolak. 1968an hasi zen kantari, eta urtea bukatu aurretik saritu egin zuten Abrako I. Sariketan eta Bilbon egindako lehiaketa batean. Bietan bigarren saria jaso zuen; Abrakoan, Argoitia neba-arreben atzetik sailkatu zen. Olabarri auzoan (Errigoiti, Bizkaia) eman zuen lehen jaialdia, 1968ko maiatzean, eta jarraian Bizkaiko beste hainbat herritara heldu zen: Gernika, Zeberio, Iurre… Tarteka Gipuzkoan ere kantatu zuen, eta ilusio handiz parte hartu zuen Zaragozako (Espainia) eta Parisko euskal ikasleek antolatutako jaialdietan.

1932

Abrako I. Jaialdian abesten.

1969an bi disko txiki argitaratu zituen, Xabier Gereñok zuzendutako Cinsa diskoetxearen laguntzaz. Lehenengorako bost kantu grabatu zituen, baina horietako bat, bere kanturik ezagunena, “Gernikako arbola“, atzera bota zuen zentsurak. Kantu guztiak Egurrolak idatzitakoak ziren, eta Naikari orkestrarekin grabatu zituen. “Pake usoa” Martin Luther King beltzen eskubide zibilen aldeko borrokalariari eskaini zion, eta “Unibertsalak” izenekoan “herrien Europa” aldarrikatu zuen. “Nire eskaria” kantuan berriz, zera zioen: “Ni ez naiz artista, ni ez naiz gitarrista…”. Bigarren disko txikian hiru kantu grabatu zituen, aurreko diskoan atzera botatako “Gernikako arbola” horien artean. Rikardo Arregi zendu berriari eskaini zion Egurrolak lan hori.

Gipuzkoan Ez Dok Amairu egiten ari zen lan ona ikusita, Herrikoi taldea sortu zuten Bizkaiko hainbat kantarik, Bittor Egurrola tartean. Maite Idirin abeslaria, Naikari orkestra, Zintzoak eta Beti-Alai taldeak eta Olanga izan zituen lagun proiektu hartan, baina denbora gutxi iraun zuen egitasmo horrek. Emanaldi bakarra egin zuten, Bilboko Ayala antzokian, eta ondoren bertan behera geratu zen.

1970eko amaieran kantagintza uztea erabaki zuen Egurrolak. Zergatia honela azaldu zion Mikel Ugalde kazetariari elkarrizketa batean: “Kitarra, abestia, musika landu egin behar da, ordu luzeak eskaini, eten gabeko saiotan jardun. Euskal abesti arloan gogoa, almena, lana eta denbora eskainiko dion jendea behar da hots, amateurismotik irten beharrean gaude. Nik ez dut horrelako aukerabiderik…” (1). Euskal abestian nagusitzen ari zen joeraz ez zegoen gustura. “‘Folklorismo’ usaia nabari zaio gaurko protesta abestiari. Bestalde, “gorakada” gehitxo ikusten dut euskal abestietan: gora gure ohiturak, nire osabaren… amaren… Sasi protesta asko sobran dagoela esango nuke” (1). Hitz hauekin Egurrolak azaldu nahi zion kazetariari, autokritika kantak beharrezkoak zirela baina oso gutxi egiten zirela.

Bestetik, ikastolen mugimenduak erakartzen zuen Egurrola, eta bide hori hautatu zuen 1971n, Deustuko ikastolan hasi baitzen irakasle.

UK Uribe Kostako aldizkariak Egurrolaren bi disko txikiak CD formatuan kaleratu zituen 2000. urtean. Halaber, zentsuraren ondorioz inoiz argitaragabeko kantu bat, “Umezurtza“, grabatu zuen Egurrolak bilduma horretarako. Pianoan, Natxo Libanok lagundu zion.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Argia, 496. zenbakia, 1972ko azaroaren 16a
Bittor Egurrola. 1968-1970

ABESTIAK:

Umezurtza *

Unibertsalak

Geroa

Bake usoa

Nire eskaria

Gernikako arbola

24 urte

Andereño

Bittor Egurrola, Naikari orkestrak lagunduta

ABESTIAK:

Nire eskaria

Geroa

Bake usoa

Unibersalak

Bittor Egurrola

ABESTIAK:

Gernikako arbola

Andereño

24 urte