Kontzertua

badok

2017.03.14

badok

Badok Eguna Loraldia jaialdian

Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere Bilboko Loraldia jaialdiarekin kolaboratuko du BADOK atariak. Oraingoan, jaialdi txiki baten formatua hartu du elkarlanak, eta hiru kontzertu jarraian plazaratuko ditu egun berean, apirilaren 1ean. Gaurko musikaren bihozkadak neurtzeko parada eskainiko du Badok Egunak.

Izaro kantariak zabalduko du egitaraua, BIBA gunean, 19:00etatik aurrera. Azken sasoiko ahots deigarrienetakoa da. Katea ez da eteten eta euskal musikaren sortzaile berriak atea jotzen dabiltza. Izarok ondo ederto islatzen du gaurko paisaia musikala. Formatu txikian aurkeztuko ditu berak sortutako azken kantuak.

Izaro-2

Lukiek 2015ean Mungian sorturiko rock alternatiboa jotzen duen taldea da. Hirukotea da: Josu Ximun (gitarra, ahotsa), Antton Goikoetxea (baxua) eta Christian Rodriguez (bateria). Rock garajeroa eta grunge dute gustuko. Strokes, Nirvana eta The Clash moduko taldeak hartzen dituzte erreferentzia. Musika anglosaxoiaren eragina izan arren, euskara daukate oinarriko hizkuntza haren kantetan. Aurreneko albuma kaleratzeko zorian da. Bilboko Kafe Antzokian ariko da, 21:00etatik aurrera.

lukiek

Hesian taldeak itxiko du Badok Eguna, Kafe Antzokian, 22:30etatik aurrera. Aurten Bizkaian ematen duen lehen kontzertua izango da. Hamar urte bete ditu Sakanako taldeak rockaren errepidean eta ibilbide emankor hau ospatzeko asmoa du. Loraldia Festibala ospakizun honen lekuko aparta izango da. Taldekidekin batera, hamaika lagun ezagunez osatuko da Kafe Antzokiko eszenatokia. Sekulako jaia izango delakoan gaude. Bertan, salgai egongo da urteurrena ospatzeko taldeak plazaratu duen diskoa, dendetan aurkitzen ez dena.

hesian_web-1024x946

Informazio gehiago: www.loraldia.eus

ETIKETAK:HesianIzaroLoraldiaLukiek