Kontzertua

badok

2019.07.04

badok

Donostiako Piratak

Donostiako Piratek eratutako jai eraldatzaile, euskaldun eta parte-hartzaileetan, musika egitarauak leku nabarmena izango du aurtengoan ere. Geroz eta emakume gehiagok egiten dute salto taula gainera, eta horren isla ikus daiteke aurtengo musika egitarauan. Flamenkan arituko diren 21 taldeetatik 15etan, emakumeen presentzia nabarmena da: Ezten Giro, The Lizards, McOnak, Xavi Sarriá, Flaca, Alvva, Brava, Nizuri Tazuneri, Tribade, Izaki Gardenak, Grises, Skabidean, Gora Etorri, Liher eta The Baboon Show.

Piratak egitaraua

Aniztasuna izango da nagusi Flamenkako agertokian: talde gazteak, beteranoak, bertakoak, kanpokoak, euskaldunak… Musika estiloei erreparatuz ere, aukerarik ez da faltako: rock, pop, punk, elektronika, reggae edota folk doinuak izango dira entzungai.

Ohitura bilakatu den moduan, erromeriarekin hasiko dugu Aste Nagusi Pirata. Lasturretik datorren Ezten Giro taldeak irekiko du Flamenkako musika egitaraua. Bigarren gauean, igandez, egurra emango diote Flamenka guneari. Punk, rock eta oi! doinuak izango ditugu: Bartzelonatik datorren The Lizards taldea, Kaleko Urdangak bergararrak eta Europa osoan zehar biran ari diren Rude Pride madrildarrak.

Astelehenean, abuztuak 12an, Abordatze eguna izango da. McOnak talde lekeitiarrak girotuko du Flamenka gunea Abordatzea bukatutakoan. Gauean, Obrint Pas taldeko gitarra eta abeslari izandako Xavi Sarriá izango dugu taula gainean, bere bakarkako proiektu berrian. Abordatze egunari amaiera izugarria ematearren, Ze Esatek! talde gipuzkoarrak bere ibilbideko azkeneko kontzertua emango du, eta Flamenkan agur esango die agertokiei hamar urteren ondoren, ikaragarrizko festa antolatuta.

Asteartean, rap doinuak izango dira protagonista. Bilbotik eta Donostiatik datorren Nizuri Tazuneri bikotea izango dugu. Jarraian, Tribade, hiru emakumez osatutako Bartzelonako taldea. Rap doinuak afrotrap eta reggaeton doinuekin konbinatzen dituzte. Azkenik, Sevillatik datorren Shotta rap-kantaria izango dugu Flamenkan.

Asteazkenean, abuztuaren 14an, batera inoiz ibilitako hiru emakumezko DJ izango ditugu; Flaca, Alvva eta Brava DJ ezagunak igoko dira Flamenkako oholtzara. Dabadabako harrobitik ateratako hiru DJ hauek festibal askotan ibiliak dira, eta gurean hirurak batera ikusteko aukera izango dugu. Milaka jarraitzaile dituzte dancehall, rap, reggaeton eta trap musika estiloen bueltan. Musika, argiak, dantzariak, etab. Gorde ondo hitzordua, izugarria izango da eta!

Ostegun gaua rock-folk gaua izango da. 2012an Gasteizen sortutako Izaki Gardenak taldea izango dugu taula gainean lehenengo. Jarraian, 3 urteren ondoren agertokietara bueltatuko den talde donostiarra izango dugu: Madeleine. Bukatzeko, Zestoatik datorren Grises taldea igoko da kaiko oholtzara. 10 urteren ondoren etenaldi bat iragarri zuten arren, Flamenkan geldialdi bat egiteko tartetxoa hartu dute.

Ostiral gauean oraindik ere saltoka ibiltzeko indarrez izango gara. Skabidean ska-reggae talde iruindarra izango dugu, Skabidean & The Black Birds proiektu berria aurkezten. Bad Sound taldeak piratak dantzan jarriko ditu jarraian, eta bukatzeko, Durangotik datorren Gora Etorri talde gazteak Flamenka harrituta utziko du.

Liher eta The Baboon Show taldeek itxiko dute aurtengo Flamenkako musika egitaraua. Lide Hernando bakarlariak hasitako proiektua izan zen Liher, eta talde formatuan izango dugu agertoki gainean. 2019ko Aste Nagusiko musika egitarauari bukaera emateko, The Baboon Show suediarrak izango ditugu gurean. Izugarrizko zuzenekoa ikusiko dugu, eta badirudi Berri Txarrak taldearekin batera BECen 2018an emandako kontzertua eta gero, Euskal Herriko ikuslegoa harrituta utzi nahi dutela.

ETIKETAK:Aste NagusiaBad SoundDonostiako PiratakIzaki GardenakLiherMadeleineMcOnakNizuri TazuneriSkabideanZe Esatek!