Kontzertua

badok

2014.06.25

badok

‘Edozer Dugu Posible’ eguna

Orain dela 10 urte hasitako dinamikarekin jarraituz, Donostiako Piratek jai herrikoien aldeko eguna antolatu dute uztailaren 9rako, ‘Edozer Dugu Posible’ lelopean. Auzolanaren kultura sustatuz, jai parte-hartzaile, euskaldun eta parekideen aldeko aldarria zabalduko dute Donostian, Aste Nagusitik kanpo.

Musikak pisu handia izango du egitarauan. Alde batetik, hizkuntza gutxituetan abesten duten hainbat talderen kontzertuak izango dira 15:00etatik aurrera Sagüesen, eta bestetik, 19:30etatik aurrera,  Zurriolako hondartzan, eguneko jaialdi nagusia egingo da. Selektah Stepi (Bad Sound System) arduratuko da giroa berotzen hasteaz, Skakeitan talde donostiarra eszenatokira igo aurretik. Ondoren, Tania de Sousak, Zuloak taldeko abeslari ohiak, bere bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du. Disko horretako kantu batzuk Fermin Bouza gitarristaren laguntzarekin jo zituen Badok.info-ren aurkezpenean, maiatzaren 29an, baina hau izango da talde osoarekin eskaintzen duen lehen kontzertua. Tania de Sousaren diskoa irailean argitaratuko da, baina Badok.infori eskainitako elkarrizketa honetan, diskoari buruzko hainbat xehetasun aurreratu zizkigun kantari zestoarrak.

Edozer Dugu Posible eguneko izen nagusia berriz, Manu Chao izango da. Hainbat urteren buruan, Mano Negrako kantari ohia Euskal Herrira itzuliko da, La Ventura taldearekin, eta aurreko emanaldietan bezala, milaka lagun erakarri eta dantzan jarriko ditu.

Horrez gain, egunean zehar, haur jolasak, gazteentzako mural margotzea, bertso-hop, euskara ikasten ari direnentzako mintzapraktika pirata eta jai herrikoien inguruko erakusketa bat egongo dira.

Edozer Dugu Posible eguna aurrera eramateko herritarren laguntza beharko dutela adierazi dute Donostiako Piratek. Lanerako prest dagoenak www.izanpirata.info web orrian eman dezake izena.