Kontzertua

badok

2019.05.29

badok

EHZ jaialdia

Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileek aurtengo ekitaldiko programazio osoa eman dute argitara. Aurretik emanak zituzten festibalean parte hartuko duten zenbait artistaren izenak (Iseo & Dodosound, Oihaneko Zuhainetan, Gari & Maldanbera, Broken Brothers Brass Band, Koban, Montauk), eta atzo beste hainbaten parte hartzea baieztatu zuten. Hala, EHZn izango dira, besteak beste Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond, Old School Funky Family, Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi Altxatu taldeko Ibai Osinagaren proiektu berria—, Diabolo Kiwi, Anari, Liher, Izaki Gardenak, Nizuri Tazuneri eta Cumbiam’bero. Aurten antolatzaileek euskal musikariei eman nahi dieten protagonismoa agerian utziko dute horiek guztiek. Euskal Herria Zuzenean jaialdia Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo da ekainaren 28tik 30era bitartean.

EHZ afixa
Euskal Herriko artistak izango dira nagusi EHZn, baina bertan ariko dira kanpoko musikariak ere; besteak beste, Manu Louis konpositore eta abeslari belgikarra, The Very Small Orchestra Bordeleko (Frantzia) taldea, Lu Rois abeslari eta pianista kataluniarra, eta Ray Fernandez trobadore kubatarra.

Bestalde, Led Silhouette dantza konpainiak Orbita ikuskizuna estreinatuko du Irisarrin, EHZrentzat propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioek lagunduko dutena, eta Toi d’abord zirkua ere jaialdian izango da.

Aurten, arreta berezia ezarri da hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat bermatzeari begira, eta bost ildoren inguruan osatuko dira eztabaidak: feminismoa, besta eredua, burujabetza autogestioa, G7koak eta migrazioa. Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruz osatua egongo da. Tailer horietan parte hartu nahiko dutenek ildoren batean izen-eman beharko dute aurretik. Lantegiak adituen eta eragileen ekarpenekin diseinatu dira, parte hartzaileek gaur egungo erronkei buruz hausnartzea, iritzi trukatzea eta horietan sakontzea helburu izanik.

EHZrako sarrerak 45 euroan saltzen dira ekainaren 3ra arte, jaialdiaren webgunean. Hortik aurrera 55 eurora igoko da bonuak eskuratzeko salneurria. Eguneko sarrerak ere datorren astelehenean jarriko dira salgai.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:www.ehz.eus

ETIKETAK:EHZEuskal Herria Zuzenean