Kontzertua

badok

2014.07.15

badok

Errobiko Festibala

Itsasuko herriak (Lapurdi) Errobiko Festibalaren 19. ekitaldia hartuko du ostegunetik igandera bitartean. Aurtengo egitarauan, jazza, flamenkoa, inprobisazioa, euskal herri kantak, Greziako doinuak eta pastoral bat, Gerezien denbora, eskainiko ditu jaialdiak.

Lehen eguna, osteguna, jazz musikari eskainia izango da. Festibalaren eta erakusketaren inaugurazioa Sanoki aretoan izango da, 19:00etan, eta ondoren Atharri aretoko kontzertuak hasiko dira. Ttikia eta handia txalaparta emanaldiak irekiko du ekitaldia, 21:30ean, eta ondoren Tolosako (Okzitania) Boson Septet taldeak hartuko du eszenatokia. Jazz progresiboko taldea da Boson Septet, eta taldekideen artean Julen Axiari perkusio jotzaile eta abeslaria dago, Beñat Axiariren semea hain zuzen. Michel Portal saxofoi jotzaile baionarrak eta Bernard Lubat gaskoiniarrak itxiko dute lehen gaualdia.

Ostiralean, Niño de Elchek eta Raul Cantizanok flamenko kontzertua eskainiko dute, eta haien ondoren Beñat Axiarik, Ramon Lopezek eta Philippe Ezkurrak disko berria aurkeztuko dute.

Larunbatean, Mendiko euskal kantuak emanaldia osatuko dute Amaren Alabek, Maddi Oihenartek eta Jean Mixel Bedaxagarrek, besteak beste. Ekitaldiaren bigarren zatian, Angelique Ionatos kantariak Greziako poeten obran oinarritutako kantuak joko ditu Atharri aretoan.

Igandean, jaialdiari azkena emateko, Gerezien denbora pastorala taularatuko dute, 16:30etatik aurrera. Itxaro Bordak idatzitako pastoral post-industrial edo urbano hori, Baionan estreinatu zuten ekainaren 29an, eta Itsasukoa izango da bigarren emanaldia.

Atharri aretoko kontzertuez gain, ostiralean eta larunbatean, 17:00etatik 19:30etara bitartean, bestelako emanaldiak izango dira Atharriren zelaian. Besteak beste, A Sugar Viwe Fron the Erotic Moon laukotea, Ramon Baudoin-Jeremy Garat eta Joseba B. Lenoir-Felix Buff bikoteak, Léo Rathier gitarrista, Michel Betouret abeslari eta sitar jotzailea ariko dira saio horietan.

Informazio gehiago: http://www.errobikofestibala.fr

ETIKETAK:Amaren AlabakBeñat AxiariErrobiko FestibalaJean Mixel BedaxagarJoseba B. LenoirMaddi Oihenart