Kontzertua

badok

2018.02.12

badok

Laurobaren azken kontzertua

Lauroba taldeak 14 urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Martxoaren 3an eskainiko du azken kontzertua, Donostiako Doka kafe antzokian. Horren aurretik baina, kantu bat grabatu eta kaleratu egingo du otsailean. Taldeak azaldu duenez, “gustura jarraituko genukeen aurrera; bagenuen gogo, ideia eta kemenik gure musika egiten jarraitzeko. Baina bide honetan aurrera, zalantzan jarri behar izan dugu aurrera jarraitzeak merezi ote zuen. Azkenaldian oso zaila izan da gure musika modu duin batean plazaratzen jarraitzea, eta 14 urteko ibilbidearen ostean, konturatu gara gure jardunari amaiera jartzea dela onena”.

lauroba

Lauroba taldearen azken formazioa: Andoni Garcia, Haritz Lauroba, Iñigo Asensio, Ane Bastida eta Iker Lauroba.

Iker eta Haritz Lauroba anaiek sortu zuten Lauroba, 2004. urtean, Alain Urkola (gitarra) eta Iraitz Montalbanekin (baxua). Bi urte geroago Donostia Hiria lehiaketa irabazi zuen laukoteak, eta horri esker lau kantuz osaturiko EPa grabatu zuen. Gor diskoetxeak argitaratu zituen taldearen lehen bi disko luzeak: Gauari gauarekin (2008) eta …Egunarekin (201o). Bi lan horietan Borja Fernandezek hartu zuen Iraitz Montalbanen lekua. Ondoren ere aldaketak izan ziren taldekideen artean: Ane Bastidak hartu zuen baxua eta musikari bat gehitu zioten laukoteari, Iñaki Ortego (teklatuak). Iglu bat basamortuan (Oihuka, 2012) izan zen boskotearen lehen emaitza. 2016an laugarren eta azken diskoa kaleratu zuen Laurobak, IV (Autoekoizpena), Andoni Garcia Matxain gitarristarekin.

Laurobaren azken kontzerturako sarrerak hemen eros daitezke.