2019.07.31
Nondik datorkio Iñaki Altolagirreri (Jousilouli, Naizroxa, Anai Arrebak….) Matxet goitizena? Inoiz galdera hori egingo zioten hainbatek beren buruari. Bada, bere familiak Pasai Donibanen (Gipuzkoa) duen txiringitoaren izena da Matxet, eta aurten 25 urte egin ditu. Hori dela eta, bi eguneko jaialdia antolatu du Matxetek, irailaren 13 eta 14an, eta aspaldi taularatu gabeko taldeak berriz ikusteko aukera eskainiko du. Izan ere, Jousilouli eta Anai Arrebak izango dira jaialdian parte hartuko duten taldeetako batzuk.
Lehen egunean, Akelarre, Urko, Anai Arrebak eta Angel Altolagirre —Iñakiren aita; musikari, ekoizle eta soinu teknikaria— igoko dira Pasai Donibaneko Juanba Berasategi auditorioko eszenatokira. Bigarren egunean, berriz, doinu rockeroagoak nagusituko dira honako lau taldeokin: Jousilouli, Eraso! —Erantzunik gabe lehen diskoko abestiak joko dituzte zarauztarrek—, Sega Sound Killers eta Negativo (Angel Altolagirrereren 70eko hamarkadako taldea) taldeekin.
Bi egunetarako sarrerak laster jarriko dituzte salgai.