Kontzertua

badok

2017.05.10

badok

Musika Zuzenean jaialdia

Euskal Herrian egiten diren kontzertuen agenda biltzen duen Musika Zuzenean atariak III. Jaialdi Akustikoa antolatu du maiatzaren 21erako, Urnietako Sarobe arte eszenikoetako gunean. Formatu txikiko proposamenak inguru goxo batean taularatzea da jaialdiaren filosofia, eta aurreko bi aldietan bezala, 12 bakarlarik osatuko dute egitaraua.

MusikaZuzenean

Mice
Miren Narbaiza ez da hasiberri bat gure musika eszenan, baina Mice bai. Napoka Iria bikoan eman zituen lehen urratsak, gerora musika egitasmo ezberdinetan aritzeko. Mice da bere proiekturik pertsonalena, bere berea. Kantuak zerotik sortzen ditu, pedalera, loop eta efektu ezberdinen bidez.


Olatz Salvador
Skakeitan taldeko teklatu-jolea da Olatz Salvador. Bere taldean jorratzen dituen ska-rock eta mestizai giro festazaleak alde batera utzi, eta beste erregistro batean taularatzen da bere izenean, folk giroetan, ahots goxoz eta gitarra akustikoaz.

Etxe
2004an hasi zen bakarlari bezala kontzertu akustikoak ematen Etxe izenpean, iraganean Nabari heavy metal taldean aritu ondoren. Azken urteak lozorroan eman ditu, aitatasunak eszenatokitik aldenduta izan baitu. Orain, indarberrituta itzuli da agertokietara, Bizi diskoa besapean.

Pelax
Unai Pelayo donostiarra da Pelax. 2013ko azaroan hasi zen lehen bakarkako emanaldiak eskaintzen, bere ahots gordin eta gitarra elektriko zikin batez baliaturik. Kantautorea bada ere, rock arima da berea, eta kantuetan nabari dira bere eragin gitarzaleak.

Nahia Zubeldia
Nahia Zubeldia ziburutarra zenbait musika-estilotan ibilia da. Unama taldean folka landu zuen eta egun Lumi elektro pop taldean jotzen du. Bakarlari gisa ere jotzen du noizean behin, gitarra elektrikoaren eta efektu-pedalen laguntzaz. Benetako luxu bat gurean izatea.

Iker Lauroba
Ibilbide luzeko musikaria da Iker Lauroba. Talde ezberdinetan aritzen da egun (Lauroba, Izaro, Charlie & The Colours…) baina denbora hartzen du bere kantuak sortu eta taularatzeko. Bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du, Nire gotorlekutik izenpean.

Lear
Urnietako hiru neska gaztek osatzen dute Lear banda. Emanaldi gutxi eskaini dituzten arren, zer esana eman dute jada. Zuzenekoetan kantu ezagunen bertsioak jotzen dituzte nagusiki. Musikazuzenean jaialdi akustiko honetan ordea, hirukoak berak sortutako bi kantu eskainiko dituzte.

Tristtan Mourguy
Tristtan Mourguy Donibane Lohizuneko (Lapurdi) musikari bakarlaria da. Euskarazko kantu egilea da, olerkiak edota bertsoak gitarraren laguntzaz abesten ditu. Folka, popa eta rocka uztartzen dite bere kantuetan. Urte hauetan guztietan bi disko kaleratu ditu.

Inun
Mikel Inunziaga da Inun. Zornotza (bizkaia) herrian jaiotako musikariak bi disko kaleratu ditu, azkena, 2016 urteko Da nola lana. Bertan, euskal poeten hitzak erabili ditu kantuak osatzeko, hala nola, Bernardo Atxaga, Jon Mirande eta Itxaro Bordaren olerkiak.

Nire
Ivan Zabalegi ezkutzen da Nire izenaren atzean. Lisabö talde oldarkorreko bateria-jozailea izan zen bere garaian, eta egun, bestelako doinuetan sakontzen du gitarra akustikoa lagun, folk eta country giroetan sakonduz. BideHuts zigilupean disko bat kaleratu zuen 2015 urtean, Hamabost.

Libe
Bere musika bidea talde ezberdinetan burutu du Libek. Neubat, Sorkun edota Izaki Gardenak taldeko kide izan da (eta da) urteak atzera. Libe izenpean Ihesaldi handia kaleratu zuen 2014 urtean, banda bat izan zuelarik alboan. Emanaldi honetan bakarka ariko da ordea, pianoa lagun bakar.

Maria Rivero
Maria Rivero musika proiektu ezberdinetan murgildua dabil azken urte hauetan guztietan. Hutsa, Siroka, edo Kintsukoroi egitasmoak martxan ditu egun, eta bakarkako bidean ere badabil bere izenpean. Urnietako emanaldian bakarka ariko da, gitarra akustikoa lagun bakar.

ETIKETAK:EtxeHutsaIker LaurobaInunIzaki GardenakIzaroKintsukoroiLaurobaLearLibeLisaböLumiMaria RiveroMiceMusikazuzeneanNahia ZubeldiaNapoka IriaNeubatNireOlatz SalvadorPelaxSirokaSkakeitanSorkunTristtan Mourguy eta HorebaUnama