Kontzertua

badok

2019.05.20

badok

Musikazuzenean Jaialdi Akustikoa

Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi antzokiak hartuko du Musikazuzenean atariak antolatzen duen Jaialdi Akustikoa. Ekainaren 2a da aurtengo ekitaldirako hautatutako data. Euskal Herriko kontzertuen agenda eskaintzeaz arduratzen den atariak Jaialdi Akustikoa antolatzen duen bosgarren aldia da —2011n egin zuen estreinakoz, eta 2013an, 2016an eta 2017an izan ziren hurrengo hitzorduak—, eta, ohi bezala, formatu txikian aritzen diren gaur egungo eszenaren hamabi bakarlari eta taldek osatuko dute egitaraua, horietarik gehienak diskoa atera berri dutenak. Jarraian duzue bakoitzari buruzko informazio xehea.

ABEREH: Abereh ezizenaren atzean Erik Berganza bizkaitarraren bakarka aritzeko proiektua aurkitzen dugu. 2017an bere lehenengo lana “Zaunka datoz arin” argitaratu zuen eta oraingoan “Laino eta belatz artean” bigarrenarekin datorkigu, etxean ondu eta grabatutako 7 abestiz osatutako diskoa. Lehenengo lanean bezala soinu akustikoak gailentzen dira, oraingoan folk-ak pisu handiagoa duelarik, baina tarteka distortsioa eta fuzz soinuak entzun ahal izango ditugu.

ANE: bakarlari zarauztar honek 2012n sei kantuz osatutako maketa kaleratu zuen Arrutiko Intxaurrak izenpean. Pare bat urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, gitarra pixka bat aparkatuta izan du azken aldian, kontzertu bakan batzuk eman baditu ere. Hala ere aitortu digu berriro ere musikari heltzeko gogoz dagoela. Honakoa, aro berri baten hasiera izango da, Ane izenpean.

ASIER BERAMENDI (ERAUL): 2014 urtean Eraul izeneko talde bat osatu nahian argitaratu zituen Asierrek Beramendik bere lehen abestiak. Koban taldearen hastapenetan ere izan zen, baxu-jole bezala. 2017 urtean Eraulen “Iraultza” diskoa argitaratu zen. Une honetan bigarren estudioko lana izango denaren abestiak egiten dabil. Emanaldi honetan pianoa izango du lagun.

BIRKIT: Birkite Alonso gasteiztarrak Bilbon egin du musika ibilbidea 2002an Eorann (rock/post-rock) taldea sortu zuenetik 2010ean Red Carmine (indie/shoegaze) bere bigarren taldea banatu zen arte. Bost urteko etena egin ondoren “Emen” izeneko lehen bakarkako lana autoeditatu zuen 2017ko abenduan, gitarra elektriko hutsean Iñaki Alonsok Gasteizko Sonora estudioan grabatuta. Horrela taularatuko da emanaldi honetan, bere ahots, gitarra, pedal eta anpliarekin.

GARTXOT: 12 urte daramatza Gartxot Unsain egiatarrak musika eta honek dakartzan bidailagunez inguratuta. Yaw, Madeleine, John Berkhout, Pastoriza Anaiak eta Bizaldi proiektuetan aritu da edo dabil egun. Urte hauetan sortutakoak modu intimoago batean aurkeztea du helburu orain, gitarra akorde xumeak eta ahotsaren manipulazioa lehenetsiz, beti ere jolasa oinarri bezala hartuta.

LARRA BIDEAK: Iñaki Larraioz musikari nafarrak bere lehen bakarkako proiektua kaleratu du: Larra Bideak. Funtsean, jauzi baten kronika izoztua biltzen du zazpi abestiko diskoak. Urteetan La Betty Travan rock taldean eta beste proiektu txikietan ibilitakoa da bera. Oraingoan bikote formatuan Asier Zudaire musikari nafarrarekin batera Larra Bideak proiektu pertsonala defendatzen ariko da honako emanaldian.

MONTAUK: Beñat Goitiaren bakardadeko kantuen gorpuztetik abiatutako proiektua da Montauk laukote gasteiztarrarena. 2016an argitaratu zuten “Bilaketan” izeneko lehenengo lana eta 2018an argitaratu dute “Geruzak” izeneko bigarrena, Erraia diskoetxearen eskutik. Saio honetan, Beñat Goitia (ahotsa eta gitarra) eta Aitor Garcia de Bikuña (sinteak eta programazioak) arituko dira bikoan diskoetan jantzita datozen kantuak, biluzik taularatuz.

NATALI: Natali  egitasmoa 2017ko udan sortu zen eta 2018ko martxoan aurkeztu zuten “Garena” izeneko diskoaz. Natali Izagirre, Ixak Arruti, Olaia Inziarte, Gorka Mendizabal eta Andres Insuak osatzen dute taldea, nahiz eta emanaldi honetan Natali eta Ixak bakarrik arituko diren. Beraien musikak estilo batetik bestera bidaiatzen du eta entzulea ere sentimendu batetik bestera murgiltzea dute xede.

PAXKAL IRIGOIEN: Musika abentura ezberdinetan murgildua izan da azken urte hauetan guztietan Paxkal Irigoien musikaria. Ainhize-Monjolose (Nafarroa Beherea) herrian sortua, musika experimentazioan, rock eta folk doinuetan sakondu izan du,  hitz edo estilo bakarrean definitu ezineko musika sortuz. Bakarkako bidean bi disko kaleratu du gaur artean, azkena, Kontsumo Orkestrarekin batera grabaturiko “Kontsumo produkto” disko zoragarria.

RAITX: Rakel da bere izena, soinujolea betidanik, baina egun batean bere itzalak argitzeko, edo argiak itzaltzeko, hasi zen letrak idazten eta hauek kantatu nahian gitarra hartu zuen. Soinu berriak lortzen eta atmosfera bakar baten bila dago Raitx, natural eta gordin.

SARA ZOZAYA: Donostiar musikari gaztea da Sara Zozaya. Musika abentura ezberdinetan aritu da urte hauetan guztietan, eta duela gutxi bakarkako bideko lehen disko txikia kaleratu berri du “III” izenpean. Musikalki  indie-folk giroetan kokatu izan dute. Gitarra akustikoa, elektrikoa eta pianoa erabiltzen ditu bere kantuak sortzeko. Bakarkako bideaz gain, Nerabe taldeko kidea ere bada egun.

SERGE:Zortzi diskoren ondoren Eraso! eta Osso taldeko Sergio Ruiz G-Txabarri abeslariak eta musikariak bakarkako lehen proiektua mamitu du modu intimista eta akustikoan. Abiapuntua, haurtzaroan zein nerabezaroan urte askoan ikaskide izan zuen Gari Berasaluzearen poemak musikatzea. Disko honen emaitza musika akustiko moderno edo garaikidea bezala definitu genezake.  Pop aldarri eta folk ikutua duten kantuak dira nagusi egitasmo berri honetan.

ETIKETAK:AberehAneAsier BeramendiBirkitEraulGartxotLarra BideakMontaukMusikazuzeneanNataliPaxkal IrigoienRaitxSara ZozayaSerge