Kontzertua

badok

2015.03.10

badok

‘Zeru horren infernuak’-en estreinaldia

Joan den urtarrilean aurkeztu zuten jendaurrean William Shakespeareren 154 sonetoak euskarara ekartzeko Juan Garziak egindako urteetako lanaren emaitza. EHUko Mikel Laboa Katedrak sustatutako proiektu mardulak bi alderdi ditu: batetik, idazle ingelesaren sonetoak euskaraz eta ingelesez biltzen dituen liburukote ederra, eta bestetik, Zeru horren infernuak disko bikoitza. Lehen diskoak, Ahotsak azpititulua duenak, hainbat kulturgilek errezitatutako sonetoen grabazioa jasotzen du, eta bigarrenean, Musikak izenekoan, Joxan Goikoetxeak kantu bihurtutako 23 soneto entzun ahal dira hainbat kantariren ahotsean: Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Maika Etxekopar, Maddi Oihenart, Xabier Montoia, Olatz Prat…).

Joxan goikoetxea

Joxan Goikoetxeak zuzendu ditu ‘Zeru horren infernuak’ diskoa eta ikuskizuna.

Iragarri bezala, diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena martxoaren 29an egingo dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etatik aurrera. Joxan Goikoetxearen zuzendaritzapean bildutako kantari eta musikari talde zabal bat arituko da eszenatokian. Olatz Prat, Amaia Azkue, Pier Paul Berzaitz, Estitxu Pinatxo eta Petti izango dira abeslariak, eta Roberto Yaben, Michel Longaron, Iosune Marin, Maider Zapirain, Txema Garzes, Felipe Ugarte eta Juanjo Otxandorena musikariak. Horrez gain, Ximun Fuchs aktoreak Shakespeareren sonetoak errezitatuko ditu, eta Montse Zabalzak prestatutako koreografiak dantzatuko dituzte Txori Garcia Urizek, Ion Barbarinek eta Zabalzak berak. 

Ikuskizunaren eszenografiaren diseinua, disko-liburuan bezala, Koldobika Jauregi artistak egin du.

ETIKETAK:Eñaut ElorrietaJoxan GoikoetxeaMaddi OihenartMikel UrdangarinPettiPier Paul BerzaitzXabier Montoia