Musika

2018.11.08

Aitor Biain

Atmosfera txikien artxipelagoa

«Askotan ez dakigu zein etiketa jarri, nola izendatu egiten dugun musika. Baina guk oso argi daukagu zer egin nahi dugun eta zer egiten dugun». Hala laburbildu du Ander Ederra gitarra jotzaileak Buffalo taldearen estilo «sailkaezina». Jazzaren eta post-rockaren edo rock progresiboaren arteko doinuetan murgiltzen da Zarauzko (Gipuzkoa) hirukotea, 1960ko eta 1970eko hamarkadako doinuak oinarri hartuta. Hitzik gabeko paisaia atmosferiko instrumentalak eratzen dituzte kanta bakoitzean. 2008an hasi zuten bidea, eta urteen joanarekin haien musikak bilakaera bat izan badu ere, ohiko ildo nagusiari eutsi diote kaleratu berri duten hirugarren lanean ere: Ulu.

Buffalo

Ander Ederra, David Gorospe eta Joanes Ederra hirukote zarauztarrak osatzen du Buffalo. (Laura Miner)

Sendotasun handiko zazpi kantuk osatzen dute bilduma berria, eta dinamika eta erritmo desberdinak gailentzen dira guztietan. «Bide beretik doaz kantu denak: ez dago desberdintasun handirik kanten artean. Alde horretatik, aurreko diskoaren jarraipen moduko bat dela esan daiteke», nabarmendu du Ederrak. 2015ean argitaratu zuten Zinematik diskoa, eta ordu hartan egin moduan, estilo anitzen nahasketa gailentzen da lan berrian ere: jazz ukituetatik hasi eta post-rockaren arteko mundu zabalean kokatzen dira doinuak. Musikariek aitortu dutenez, ez da «digestio arineko» musika.

Aurreko diskoarekin egin ez bezala, Azpeitiko (Gipuzkoa) 2Noisy estudioan grabatu dute disko berria, Iosu Gonzalez-en aginduetara. Hiru musikariak elkarrekin aldi berean jotzen egin dituzte grabaketak, ohi duten moduan, lortu nahi duten soinu hori islatu ahal izateko. «Sortu nahi dugun musika egiteko dinamikak eta musikarien arteko interaktuazioa oso garrantzitsuak dira, gure iritziz, eta, beraz, grabaketetan ere hori lortu nahi izan dugu». Estudioan egiteak, baina, «malgutasun» bat eman diela aitortu du Ederrak: «Orain arte beti geratzen zitzaigun arantza txikiren bat: ‘hau honela egin izan bagenu, eta beste hau honela…’ Disko honetan, ordea, erakutsi eta islatu nahi genuena lortu dugu. Oso pozik gaude emaitzarekin».

Diskoa zabaltzen duen abestiak ematen dio izena bildumari. Hitz joko bat egin nahi izan dute fonetikarekin: «Afrikako doinuetara eramaten gintuen abestiak, bai soinu eta bai erritmo aldetik. Baina, horrez gain, gitarrak garrasi moduko bat egiten du abestiaren une batean. Bien arteko nahasketa-jolas horretatik dator izena». Tartean aurki daitezke, “Meteore”, “1981″, “Summer Son”, “Basoko soinuak”, “Guillotine” eta “Balea”.

Talde instrumentala izaki, ez dute hitzik abestiek oraingo honetan ere. Hirukotearen nortasunaren isla bilakatu da dagoeneko ezaugarri hori. Hitzik ez, baina ahotsak badira disko berrian, nolanahi ere. “Summer Son” abestian, esaterako, Aitzol Berasategi-k egin ditu koruak. «Ahotsa instrumentu bat gehiago da guretzat kanta horretan». Diskoaren ildo nagusitik gehien aldentzen den kanta da, musikariaren arabera; «udatiagoa, popagoa, agian».

“Orain arte beti geratzen zitzaigun arantza txikiren bat. Disko honetan, ordea, erakutsi eta islatu nahi genuena lortu dugu. Oso pozik gaude emaitzarekin!

Lehen diskoan egin moduan, taldekide baten jaiotza urtea baliatu dute kanta bat izendatzeko (“1981″). Izan ere, abestiek hitzik izaten ez dutenez, «arazo handiak» izaten dituzte izenburuak asmatzeko, gitarra jotzaileak erdi txantxetan aitortu duenez. Hala, “77″ izena jarri zioten abesti bati, Ander Ederraren jaiotze urteari erreferentzia eginez; oraingo honetan, berriz, Joanes Ederra taldekidearena baliatu dute. «Ez du esanahi berezirik. “77″ kantak The Police taldearen aurreneko abestiak ekartzen zizkigun gogora, eta horregatik jarri genion izen hori, nahiz eta gero jaiotzarekin lotu. Oraingoan, berriz, jaiotza urtera jo dugu zuzenean». Hirugarren bat geratzen zaie, David Gorospe bateria jotzailearena, hain zuzen ere. “1989″ izena eraman beharko luke, eta taldeak baieztatu du kantua ondua duela dagoeneko.

Taldearen sendotzea
Jazz eskola batean ezagutu zuten elkar Ander Ederrak, Joanes Ederrak eta David Gorospek. Inprobisatzen eta denbora-pasa gisara hasi baziren ere, orduan erein zuten Buffalo izango zenaren hazia. Hirugarren diskoarekin, baina, sendotu egin da taldea, eta «beste pisu bat» dute kantuek orain. Musikak berak ere izan du aldaketarik prozesu horretan: garai bateko funkaren eta jazzaren arteko nahasketatik egungo rock progresiboaren eszenara igaro dira.

Konposatzeko modua ere aldatu dutela aitortu du Ederrak, eta horrek ere eragin duela aldaketa hori. «Lehen, lokalean jotzen hasi eta handik ateratzen ziren ideietatik egiten genituen kantuak. Orain, berriz, bakoitzak lan gehiago egiten du etxean. Gehiago pentsatzen dugu zein kantu mota egin nahi ditugun; landuagoak dira, finean».

Esperientzia handiko musikariak dira hirurak, edonola ere, eta beste musikari batzuekin ere ari dira paraleloki: Benito Lertxundi, Alex Ubago eta Gozategi taldearekin ere aritzen da Gorospe, esaterako; Adi! taldearekin ari da Joanes, eta Olatz Zugasti-rekin jotzen du Anderrek.

Diskoa aurkezten ari da Buffalo hirukotea egunotan, eta Donostian izango dira gaur, Kutxa Kultur Klubean, 20:00etan. Aurrerago, berriz, hainbat kontzertu dituzte Gipuzkoan: Azpeitian (azaroaren 18an), Oñatin (abenduaren 30ean), Bergaran eta Orion.

ETIKETAK:Adi!Aitzol BerasategiAlex UbagoAnder EderraBenito LertxundiBuffaloDavid GorospeGozategiJoanes EderraOlatz ZugastiThe Police