Musika

Xabier Gantzarain

2014.09.25

Xabier Gantzarain

Azaletik (IV): Laboaren irudia

Ez da errealitatea interesatzen zaiguna, bere irudia baizik. Equipo Realidad taldearen esaldirik ezagunena da seguru asko, eta badu, bere sinplean, irudiaren gaineko kezka sakon bat, eta irudiaren bidetik, nola ez, baita errealitatearen gainekoa ere. Bizi zituen gizartearekin oso kritikoa zen pop artea egiten zuten, azkar sailkatzeko esanda. Errealitateari heltzeko irudiari heltzea beste modurik ez dagoela sinistuta pintatzen zuten Jorge Ballester eta Joan Cardellsek.

Antzera esan dezaket nik ere: ez da Mikel Laboa interesatzen zaidana, (Zumetak eraikitako) bere irudia baizik.

Josu Zabalak esana da: portadetan Euskal Herrian seguru aski izan da fenomeno harrigarria, eta bakarra munduan, zera, Laboaren portadak eta Jose Luis Zumetaren lanak. Lehenengo LP bikoitzetik Zumetak egin zizkion portada guztiak, eta hori iruditzen zait bilduma ikaragarri bat non artea kanpotik eta barrutik agertzen den.

Baina Zumetak ez zizkion portadak (bakarrik) egin, irudia baizik. Laboaren erretratuak dira asko:

6 diskoko Laboa erdibitua,

6

 12 diskoko txapel hegalaria,

12

Xoriek 17 diskoko ziklope txapelduna.

Xoriek 17

Gure iruditerian, gure irudimenean eta gure irudipenean, bere musikak bezainbestekoa ez dakit, baina bere irudiak ere badu tokia.

Bat-Hiru aipatzen du jende askok azal berezien artean: koloreen bizia, anabasa, beltzaren indarra, materiaren presentzia; irudi ausarta bere garairako (eta gaur?).

Bat-Hiru

Nik, izango da txikitako oroitzapenagatik ere, beti izan dut maiteagoa, eta badakit gustua ez dela inportantea, Lau-Bost martzianoa. Buruz nekien zein kantu zetorren hurrena, edo bihotzez, frantsesez bezala.

Escanear 42

IGOH batek (Identifikatu Gabeko Ontzi Hegalari batek) Mikel Laboa idatzi du zeruan, eta uretatik, Ness lakuko uretatik nola, izaki misteriotsu eta mitiko batek lepoa luzatu eta burua atera du, eta zer gertatzen den begira dago. Desertu bat da mundua, hondarretan idatzita dago Lau Bost, eta harri txiki bat da Zumeta.

1980an gertatu zen hau. Handik urte askotara, beste leku batean azaldu zen izaki misteriotsu hori.

portada

Akauzazte taldearen ‘Akauzazte Danok’ diskoaren azala.

ETIKETAK:126AkauzazteazaletikBat-HiruDiskoakElkarJose Luis ZumetaJosu ZabalaLau-BostMikel LaboaXoriek 17