Musika

badok

2015.03.24

badok

Badok atariak 22m2, Lurra eta Piztiak aurkeztuko ditu Bilbon

Apirilaren 23tik 26ra euskal kultura Bilbo hiriaren erdigunean jarriko du Loraldia jaialdiak. Euskal kultura garaikidearen “ezinbesteko plaza” izateko asmoz sortutako ekimen berriak sorkuntzaren adierazpen guztiak bilduko ditu: musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, arte plastikoak, bidaiak… Hemen duzu egitarau osoa.

Loraldia

Badok euskal musikaren atariak bere ekarpena egingo dio jaialdiari, Badok Geroa kontzertua babestuz. Campos antzokiko Cupula aretoak hartuko du kontzertua, apirilaren 25ean, eta bertan hiru taldek hartuko dute parte: 22m2, Lurra eta Piztiak.

Sokaide eta Amaiur taldeetan aritutako Naroa Gaintza abeslariaren inguruan eratutako taldea da 22m2. Iaz argitaratu zuen bere lehen diskoa, Karratura (Elkar), David Nanclares musikariarekin batera ondutakoa, eta “Nomada” izeneko kantuak harrera beroa jaso zuen Badok atarian. Diskoko kantuak  zuzenean aurkezteko Gaintzak osaturiko taldean Karlos Aranzegi (Bide Ertzean) bateria jotzailea dago, besteak beste.

Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens, Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeetan aritu ostean, Iñigo Muguruzaren egungo egitasmoa da Lurra. Rocka eta elektrizitatea alde batera utzita, jatorri askotariko doinuak (bluesa, ska, popa, reggaea…), beroak eta samurrak, molde akustikoan jorratzen ditu Lurrak. Iaz kaleratutako Akatsa sisteman lehen disko luzea aurkeztuko dute Bilbon Ane Garciak (ahotsa), Carlos Zubikoak (baxua), Xabi Dolls-ek (bateria) eta Muguruzak berak (gitarra). Kirmen Uribe idazleak dioenez, Lurrak “gure bihotzen neurriko musika egitea du xede, beraien bihotzen taupaden erritmoa geureena ere izatea. Eta horrela, giro eta kolore ugariko diskoa osatu dute. Orain bihotzak bare bare egiten ditu taupadak, orain lauhazka doan zaldi baten larritasunarekin. Banago arte lan bat detaileek egiten dutela on, eta disko hau xehetasunez betea dago, soinu ñabardurak alde batetik eta letra ikusgarriak bestetik. Eguneroko bizitzatik irudi argigarriak jasoz, ‘zure oinutsak maite ditut’ esaten denean bezala”

Badok Geroa kontzertuak erabateko estreinaldi bat eskainiko du, Loraldian aurkeztuko baititu jendaurrean lehen aldiz Piztiak taldeak U lan berriko kantuak. Txomin Uribek eta Josu Aranbarrik 1991. urtean sortutako taldea indarberriturik itzuli da Jesus Galan gitarristaren ekarpenarekin, eta baikortasunak jotako disko argitsu eta heterogeneoa osatu dute.

 

 

ETIKETAK:22m2AmaiurBide ErtzeanDelirium TremensJoxe RipiauKortatuLoraldiaLurraNegu GorriakPiztiakSagarroiSokaide