Musika

Andoni Tolosa

2017.11.13

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Nire begiak’ (Igor Arzuaga)

IgorANirebegiakPort

Badakit zer arriskutsua den berezko edo benetako adjektiboak jartzea disko bati. Zenbatetan ez ote ditudan erabili, alferrik. Trukoa agerikoa da; pop kulturak dena salgarria bihurtu du, edozer izanda ere (baita zopa lata bat ere), eta, orduz geroztik, laborategi osoak dabiltza erabat benetako eta izugarri berezko diren produktuak diseinatzen eta etengabe saltzen. Horregatik, kontuz erabiltzeko adjektiboak dira, errespetuz, alegia. Kamusadek erakutsitako tentuz.

Hori esan ondoren, aitortuko dizuet (beldurrik gabe, gainera) berezkotasuna eta benetakotasuna direla disko honen bi ezaugarririk aipagarrienak. Nortasunak gainezka egiten duelako Igor Arzuagaren disko bakoitzean, eta zenbat eta biluzi eta intimoago, orduan eta nabarmenago. Aski dituelako pianoa eta ahotsa erraietatik atera berriak diruditen kantu hauek ondu eta ilea lazteko moduan emateko. Bai, bazen garaia euskal kantautore batek pianoa aukeratzeko bidaia lagun (Valverde izan ote zen azkena?). Beste inolako edergarririk gabe, birtuosismoak estali ez ditzan kantuok, gehiegizko azukreak ez ditzan ito.

Berezkotasuna dario diskoari, barru-barrutik kantatzen digulako kantariak, eta «ez naiz ihesean joango bizitza dastatu gabe» kantatzen duenean, uki dezakezulako itxaropen, eskarmentu eta egoskorkeria. Bere buruaz ari dela sumatzen duzu, artisten autokonplazentziaz, hain ohikoaz, landa. Ez da enegarren topikoa, ez da norbaiten gupida esnatzeko botatzen den aurrez egindako hamaikagarren esaldi borobila. Bere buruaz ari da, eta tranpa askorik egin gabe, esango nuke. «Ez naiz zuen zaborretan itoko» dioenean bezala.

Ahots kraskatu eta gordin samarrak adieraziko dizu, diskoa hasi bezain laster, hau benetako zerbait dela. Ez dela estilo ariketa bat. Piano lerro errepikakor eta melodia batzuetan naif samarrek hori azpimarratuko dute. Kantuak geldo doaz, malenkoniatsu, nahiz eta argi txinpartak sortu gutxien espero duzunean, “Ez nau maite” kantuko letanian bi bihotz alderatzen ari dela kantatzen duenean, adibidez. Piezarik sobera ez duen puzzle batek bezala funtzionatzen du diskoak, hasieratik amaieraraino. Ez gaude ohituta hain lan trinkoekin. Eta estimatzekoa da.

Oso gutxi dira gurean pianoarekin pop mundura hurbildu diren kantariak, eta alde horretatik ere estimatzekoa da Arzuagak disko honetan egin duena, pop musikatik askoz ere hurbilago, musika klasikoaren formalismotik baino. Bagenuen gogoa horrelakoren bat dastatzeko, eta egia esateko, ez genuen espero halako mailako lanik. Gogoz geratu naizenez, banoa Peter Hammillen eta Tom Waitsen kantu sorta bat entzutera, aukeraketa ezin hobea udazkenaren lehen enbatentzako.

(Berria egunkarian, 2017ko azaroaren 12an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Antton ValverdeDisko KritikakDiskoakGaztelupeko HotsakIgor Arzuaga