Musika

Amagoia Iban

2017.03.13

Amagoia Iban

Dolutik jaiotako itzulera

“Egia da urte asko egin dudala musika mundutik guztiz urrunduta. 2004an Alaitzek eta biok agur kontzertua eman genuenetik, uko egin diet elkarrizketei, eskaintzen zizkidaten agerraldi publikoei…». Beste lehentasun bat zeukalako. «Ama izan nahi nuen. Ate batzuk irekitzeko beste batzuk itxi behar dira, eta ez zait damutu». Itxitako ateak atzera irekitzeko tenorea baduela sentitu eta bueltan da, bada, Maider Zabalegi (Oiartzun, Gipuzkoa, 1976). Bakarkako lehen diskoarekin: Zuei (Elkar).
Maider Zabalegi

Maider Zabalegi, Urbil Artola, Dani Venegas eta Gorka Urra. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Duela hamahiru urteko azken kontzertutik hona, gauza asko gertatu dira Maiderren bizitzan. «Hamar urteko amatasun burbuila batean murgiltzea», bat. Eta maite zenbaiten heriotzak. «Dolu prozesu bat bizi izan genuen. Aurrena amona hil zen, eta, gero, aitonaren minbizia etorri. Hor izan zen lehen aldia gitarra hartu eta berriro barruan nuen zerbait kanporatzeko beharra sentitu nuena».

Gitarra hartu bai, baina kantua bukatu ezin. Aitona hil zen egunera arte. «Egun hartan jo nuen lehen aldiz kantua osorik. Uste dut leherketa indartsu bat izan zela nire baitan. Ordutik aurrera, sortu eta sortu hasi nintzen. Aitonarekin bizi izan nituenak musikaren bidez atera beste aukerarik ez nuen, sentsazio eta emozio batzuk deskribatzeko hitzak ez direlako sortu».

Sortzen eta suntsitzen ez den energia musika bihurtu zitzaion Maiderri. Atzo aurkeztu zuen diskoari «hirugarren umea» deitzeraino. Gitarra ate bihurtuta. «Ni ez naiz gitarrista, ezta gutxiago ere; kantuak sortzeko medio moduan erabili izan dut beti, barruan dudan hori guztia ateratzeko. Gitarrarekin harreman oso azalekoa eta oso sakona dut aldi berean».

“Azken hamar urteotako bizipenen leherketa moduko bat da disko hau. Barruan harriz betetako morral erraldoi bat banu bezala, eta morrala bertan hustu izan banu bezala”
Dolutik jaiotako disko bat da Zuei, azken batean. Aitonarenaz gain, «beste dolu batzuk ere» egon direlako musikariaren egunerokoan azken aldian. «Bizitza honetan, prozesu asko agurrarekin daude lotuta, eta azken hamar urteotako bizipenen leherketa moduko bat da disko hau. Barruan harriz betetako morral erraldoi bat banu bezala, eta morrala bertan hustu izan banu bezala».
Hamar abesti
Hamar urteko agurretatik sortu, eta hamar kantuk osatzen dute Zuei lana. «Disko intimista da; goxoa eta sakona ere bai. Eta denen gainetik, gauza bat esango nuke: izugarrizko ilusioarekin egina dela». Jon Belokik idatzitako “Aitonari” ez beste guztien hitzak, Maiderrenak berarenak dira. Maitasuna eta askatasuna dira diskoko gai nagusiak, eta Dani Venegasek moldatu ditu melodia guztiak —baita bi kanturen musika sortu ere—. «Niri falta zaidan puska berak eman dit», zioen Maiderrek atzo Venegasi buruz. Venegas ondoan zuela aurkeztu zuen atzo bere diskoa Maiderrek. Urbil Artola eta Gorka Urra ere bertan ziren. «Benetan prezatzen dudan jendeaz inguratu nahi nuen diskoa egiteko, eta lortu dut». Venegas, Artola eta Urraz gain, Joseba Loinaz eta Karlos Aranzegi ere lagun izan ditu grabaketetan. Alaitz Telletxea garai bateko bikotekideak ere kolaboratu du diskoan, bi kantutan. Ezin bestela izan. «Diskoan egon behar zuen. Ni orain naizen hau, parte batean, Alaitzengatik ere banaiz. Hemen Alaitz eta Maiderreko Maider hura dago».
Hilaren 18an, Oiartzungo udaletxeko aretoan aurkeztuko du diskoa Maiderrek; maiatzaren 7an, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturunean; eta maiatzaren 19an Durangoko (Bizkaia) Plateruenan. Bost lagunekin igoko da oholtzara: diskoan parte hartu duten Artola, Loinaz, Urra eta Aranzegi eta Garbiñe Sagastibeltza.
(Berria egunkarian, 2017ko martxoaren 11n argitaratutako artikulua)
ETIKETAK:Alaitz eta MaiderAlaitz TelletxeaDani VenegasElkarGorka UrraJoseba LoinazKarlos AranzegiMaiderMaider ZabalegiUrbil Artola