Musika

Jon Eskisabel

2014.10.15

Jon Eskisabel

Entzulearengana bidean (eta IV)

1. ASKOREN ARTEAN: Lou Reed, mila esker
Urriaren 27an, Lou Reeden heriotzaren lehen urtemugan, aurkeztuko dute New Yorkeko kantariaren omenezko diskoa. Jonan Ordorika soinu teknikari eta Reeden obraren miresle sutsuak bultzatu du proiektua, eta Reedekin jo zuten zenbait musikarik hartu dute parte, Fernando Saunders baxu jotzaileak besteak beste. Reeden kantuak euskarara ekarri dituzten abeslarien izenak ez dituzte aurkezpen egunera arte jakinaraziko, baina aurrerapen gisa Andoni Basterretxeak (Delirium Tremens) grabaturiko Walk on the Wild Side-ren bertsioa zabaldu dute.

2. ADARROTS: Nahia egi bihurtzearen bidea (Egilea editore)
Ezkerraldean sortutako folk taldeak 10 urteko ibilbidea egin du eta hori ospatzeko CD-DVD bat kaleratuko du aurki. Diskoak 10 kantu bilduko ditu, eta DVDak berriz, 10 urteko ibilbidea azaltzen duen dokumentala jasoko du. Zuzeneko aurkezpenetan, dokumentalaren emanaldia eta kantuak tartekatuko ditu taldeak. Adarrotsek Mendebala jaialdiak antolaturiko maketa lehiaketa irabazi zuen 2009an eta horri esker Haizekadak (2009) lehen diskoa grabatu zuen. 2010an Eurofolk jaialdia estatu mailako kategorian irabazi zuen, eta 2012an bigarren diskoa plazaratu zuen: Zazpi ditut.

3. ANNE ETXEGOIEN: Ongi etorri (Elkar)
Euskal kantu herrikoien bertsioekin iaz Frantzian arrakasta komertzial itzela lortu zuen Donapaleuko abeslariaren kantu-bilduma argitaratuko du Elkar diskoetxeak azaroaren 7an. Etxegoienek Aizkoa abesbatzarekin grabaturiko bi diskoetako —Les Voix Basques (2013) eta Les Voix Basques: Berriz (2014)— zenbait kantu eta bi ale berri jasoko ditu Ongi etorri bildumak. Azaroaren 14an Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoan abestuko du Etxegoienek.

4. EMON: Sua (Baga Biga)
Konfeti kolore disko arrakastatsuaren aurkezpen kontzertuak amaitu orduko, Mutrikuko AME estudioan sartu da Emon taldea bere hirugarren diskoa grabatzera Axular Arizmendirekin. Hainbat kolaboratzaile izango dira diskoan, besteak beste Selektah Kolektiboko kide izandako Iñigo Goikoetxeandia Wanka-rena. Manugaitz izenpean lehen diskoa grabatzen ari da Goikoetxeandia, AME estudioan bertan.

5. FLY SHIT: Barneko ahotsaren bila (Egilea editore)
Bergarako hardcore taldeak fabrikan du bere laugarren diskoa. Laukoteak kide aldaketa bat izan du, Iker Elortza Supercools taldeko kide ohiak hartu baitu Jon Ostolazaren lekua. Barneko ahotsaren bila Azpeitiko Elektrika Grabaketak estudioan grabatu du eta binilo eta cd formatuetan argitaratu eta banatuko du taldeak berak,  DDT Banaketak eta In My Heart Empire-rekin elkarlanean. Bigarren ahotsetan eta kantuen hitzetan taldearen inguruko lagunen kolaborazioa izan dute. Esaterako, Sestaoko Txirbilenea gaztetxeko kide Roberrek egin ditu Utopia laztantzen aurrerapen kantuaren hitzak. Hemen entzun dezakezu.

6. LEIHOTIKAN: Zuzenean Bonberenean (Gor)
Joan den larunbatean grabatu zuen Leihotikan-ek zuzeneko CD eta DVDa Tolosako Bonberenean. Hogei urteko ibilbidearen errepasoa egin zuen laukote nafarrak emanaldi horretan. Gau berezi horretan gertatutakoa azaroaren amaieran entzun ahal izango dugu.

leihotikan bonberenea

Leihotikan, joan den larunbatean Bonberenean emandako kontzertuan. (Asier Musa)

7. JUAN MARI BELTRAN: Hots larretan (NO-CD Records)
Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatu zuen Juan Mari Beltranek Hots larretan, Andoni Salamero poetarekin eta Kukai dantza taldearekin ondutako ikuskizuna. Horrela aurkeztu zuten: “hotsez, erritmoez, musikaz eta dantzez osatutako sinfonia ederra, gure inguruko txoko eta landetan sortutako soinu, doinu eta kantuetan oinarritzen dena”. San Telmo museoan taularatu ondoren, emanaldi hura disko batean jaso du Beltranek. Gaintzako borda batean Suso Saiz ekoizlearekin grabatu du “hotsen festa bat” izango den lana. Txalaparta, xirula, txistua, alboka, dultzaina, flautak… eta beste jo ditu Beltranek, eta ondoan izan ditu Ane Errege Belda (akordeoia), Pello Ramirez (biolontxeloa), Ander Barrenetxea (txalaparta, perkusioa, ahotsa, tronpa…) eta Gema Ines (gitarra, ahotsa, txalaparta).

8. GONTZAL MENDIBIL: Nire bihotzak zure begiak ditu (Elkar)
Zeberioko kantautorearen 14. diskoa izango da Nire bihotzak zure begiak ditu. Elkar diskoetxeak azaldu duenez, “hitzez nekez azaldu daitezkeen sentimenduak eta burutazioak azalerazi nahi ditu kantariak: bere barru-barruan iltzaturik dauden oroitzapenak, bizitzaren gorabehera gazi-gozoak, gizakumearen nondik-norakoa lur honetako pasadizoan, Euskal Herriari eskainitako hats maitekorraz bildurik”. Urriaren 30ean argitaratuko da Gontzal Mendibilen lan berria.

9. GOSARIAK: Gosariak (Jangura)
Joseba Sarrionandia, GoseIñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea batu ditu Gosariak egitasmoak. Poesia, musika eta pintura. Disko huts bat baino gehiago, objektu artistiko bat da datozen asteetan aurkeztuko den Gosariak CD-liburua. Sarrionandiak beren-beregi egitasmo honetarako sortutako hitzei musika jarri die Gose hirukoteak, eta Arrasateko Juan Luis Goikolea eta Iñigo Arregi pintoreek forma eta kolorea eman diote obrari.

10. PATXUKO NICE: Toc, toc
Sergio Ordoñez Joxe Ripiau, The Solanos eta Esne Beltza taldeetako kide ohia buru duen taldea Patxuko Nice. Ordoñezekin batera, Jon Mari Beasain (Etzakit, Esne Beltza, Mal de Ojo…) eta Ernesto Villar gitarristek (& The Fans), Dafnis Linares baxu jotzaileak (& The Fans) eta Eneko Fernandez bateria jotzaileak (Luz de Putas) osatzen dute hainbat musika estilo (reggaea, ska, popa…) eta hizkuntza (euskara, gaztelania, ingelesa…) nahasten dituen proiektu hau. Iaz kaleratutako maketa baino rockeroagoa eta psikodelikoagoa izango da Aieka estudioan Peio Gorrotxategirekin (Izotz, Esne Beltza) grabatzen ari diren diskoa. Azaroaren amaieran ikusiko du argia, eta berau finantzatzeko crowdfunding kanpaina bat zabalduko dute laster.

ETIKETAK:AdarrotsAnne EtxegoienEmonFly ShitGontzal MendibilGoseJuan Mari BeltranLeihotikanPatxuko Nice