Musika

Carles Belda

2014.07.03

Carles Belda

Euskal Groove II: ‘Kattalin’

Estitxu single azala

Robles-Arangiztar Estitxu franko ezaguna da euskaldunen artean, ezta? Beskoitzeko urretxindor bilbotarra estimatua zen, baita haren senideak ere. Artistak, sortzaileak, ekintzaileak. Estitxuren diskografia aski zabala da, horregatik ez da batere zaila bakoitzaren gustuko kanturen bat harrapatzea.

Estitxu.

Estitxu Robles-Arangiz.

Dantzatzeko, nik gehien maite dudana Kattalin da. Northern Soul pausoak eta mugimenduak egiteko bikaina! Tempo egokia, instrumentazio xinple eta indartsua. Baxuak, jazpanak eta pianoak motorra pizten dute, bizkitartean, hari moldaketek olioaren lana hartzen dute, xuabe-xuabe ibiltzeko. Ahots bakarra eta hitz zuzenak.

Kattalina, ezagutu neban
Kattalina, neska polit bada
Kattalina, mutil gazteen ametsa.
Jende guzien artean beti da erregina
ta lilien artean bera beti ederrena

Noren errua izan zen? Murtziako Benito Lauret Mediato konpositore eta musikari famatuarena, moldaketen arduradunarena. Seguru aski, Estitxuk berak euskaratu zituen hitzak, Bizkaiko eta Lapurdiko euskalkiak nahasten baitira. Hori bai, ez dut bertsio originala atzeman… Zuek lortzeko kapableak baldin bazarete eskertuko dizuet. Kredituen arabera, The Cousins-en adaptazioa zen. Bon, ba, ingelesezkoa lehenbizi lortuko duenarendakotz, gasna (oso) bat.

1972ko LP batean sartua zen, nazioarteko eta kantu propioen artean. Disko handi horretatik singlea atera zuten: A aldean Agur Maria dago, eta, behar den bezala, gure harribitxia, Kattalin, B aldean gordeta bizi izan da.

ETIKETAK:EstitxuEuskal Groove