Musika

Amagoia Iban

2018.04.12

Amagoia Iban

Hurrengo azalberritzea heldu bitartean

Ziklo bat itxitzat eman zuen Zebra diskoarekin (2005, Metak). Bost urte baziren Esan Ozenkirekin Habiak argitaratu zuela; zortzi Anari eman zuela. Anari Alberdik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970) 1997an itxi zuen, izan ere, Psych Out taldeko bateria-jotzaile zikloa, bakarkako ibilbideari ekiteko. Ez zen bakarrik egon, baina, sekula. Xabi Strubell (gitarrak), Mikel Abrego (bateria) eta Pello Ramirez (txeloa) izan zituen lagun lehen disko horretan. Baita beste hainbat ere. Eta berehala lortu zuen musikazaleen arreta, bere ahots kraskatuarekin eta bere hitz landuekin.

2017-10-27, Bilbo. BIME Live 2017. 27-10-2017, Bilbao. BIME Live 2017. Anari

Anari Alberdik jasoko du Donostiako Udalaren 2018ko Adarra Saria. (Marisol Ramirez / Foku)

Zebra osteko zikloak Bidehuts zigilua sortzea ekarri zuen —Inoren Ero Ni eta Lisabö taldeetako kideekin batera—, 2007an. Ordutik, eman dituen disko guztiak zigilu horrekin atera ditu: Irla izan (2009), Zure aurrekari penalak (2015) eta Epilogo bat (2016). Iluntasunari tarteka argia erantsiz, zalantzaz, galderaz, minez eta bakardadez betetako mapak zirriborratu ditu; eta mapok biziarazi, zero, bi zein lau zangoko animaliak hitzez hitz zizelkatuz.

Hitzak. Hor ere izan du garapenik Anariren bideak. «Idazkeran aldaketa bat, beste modu bat» bilatzen saiatu zen Zebra ostean. Irla izan «frakaso» gisa definitu zuen musikariak berak Zure aurrekari penalak aurkeztu berritan. Azken horrekin sentitu omen zuen helburua beteta, egunkari honetan bertan adierazi zuenez: «Niretzat, oraintxe, kantuaren %80 hitzetan dago». Hitzen zaintzak, hain zuzen ere, poeta titulua irabaziarazia dio Anariri zenbaiten begietara. «Despoetizazioa» nabarmendu du berak, baina: «Seguru asko, despoetizazioarekin du zerikusia aldaketak. Despoetizazioa dago poesia eta literatura idatziarekiko distantziazioan. Metaforak, paralelismoak eta horrelako baliabideak erabili ditut; baina ahozkotasunera joz, idatzizkora baino gehiago».

“Laugarren azalberritzea”. Musikariaren orain arteko azken diskoa (Epilogo bat) irekitzen duen kantuaren titulu despoetizatua. Energia ez da galtzen, eraldatu egiten da. Anariren ibilbidea ere bai. Lagun artean segitzen du; lagunartea ere eraldatuz joan da: Mikel Abregok segitzen du hasieratik; Xabier Olazabal Drake (baxua), Borja Iglesias (gitarra) eta Mariano Hurtado (teklatuak) izan ditu kide ohikoenak azken urteotan. Ander Mujikak hartu du Iglesiasen tokia azken diskoko zuzenekoetan. Eta hamaika kolaboratzaile izan ditu; eta hamaika lanetan kolaboratu du. Guztiak ekarri zituen gogora Anarik atzo, Donostiako Udalak aurtengo Adarra saria eman diola zabaldu zenean. «Lagundu didaten guztiei eskerrak emateko aukera ederra da», zioen Euskadi Irratian, saria aitortza kolektibotzat hartu zuela nabarmendu ostean.

Ekaineko ekitaldia
Hurrengo azalberritzea heldu bitartean, ekitaldi berezia dute sarituak berak eta bidaide izan dituenek, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, ekainaren 21ean. Musikaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan jasoko du Adarra saria Anarik, eta kontzertu «historiko-kronologiko» berezia eskainiko segidan. Orain arteko eboluzio, garapen, eraldaketa prozesuan lagun izan dituen musikari «den-denak» ondoan dituela —Maite Arroitajauregi Mursego, Jon Oiartzun Jomes, Karlos Osinaga Txap, Pello Ramirez, Xabi Strubell eta beste—. Horretarako, hil honen amaieran etena egingo du zuzeneko emanaldietan. Gaur jarriko dituzte salgai kontzertu horretarako sarrerak, 11:30ean.

ETIKETAK:Adarra SariaAnariAnder MujikaBorja IglesiasInoren Ero NiJon Oiartzun 'Jomes'Karlos OsinagaLisaböMaite ArroitajauregiMariano HurtadoMikel AbregoMursegoPello RamirezXabi StrubellXabier Olazabal 'Drake'