Musika

2018.06.20

Aitor Biain

Sustrai haietatik loratutakoak

Larrepetiten zuhaitza erditik moztuz gero, enborrak hogei eraztun inguru dituela jabetuko da entzulea. Izan ere, badira hogei urte Igor Arzuaga, Gile Iturriondobeitia eta Aritza Ortuzar lehen aldiz elkartu zirela. Elkarrekin musika jo bestelako helburu zehatzik gabe, Arzuagak sortutako abestiak entseatzen zituzten etxeko egongelaren epelean. Ekinaren ekinez, Smog izeneko maketa bat ere grabatu zuten garai hartan; entsegu gelako bozgorailuetan baino ez zen entzun, ordea, lana ez baitzuten inoiz argitaratu; hirukotea ere ez zen inoiz agertoki batera igo. Denboraren joanarekin, aldenduz joan ziren, eta bakoitzak bere musika ibilbideari ekin zion. Larrepetiten hazia ereinda zegoen ordurako, baina. Berriz ere elkartzeko aukera izan du hirukoteak orain, eta taldearen ibilbideko lehen lana kaleratu dute: Zuhaitz horiek . Garai hartan errotutako sustraietatik loratu diren zortzi abestik osatzen dute.

Larrepetit

Larrepetit taldea orain dela hogei urte sortu zen Smog izenarekin, baina orain kaleratu du bere lehenengo diskoa.

«Hiruron artean ekoizteko modu bat dugu. Kantuak nik eginak dira, baina hirurok elkartzen garenean beste kutsu bat hartzen dute, jantzi egiten dira nolabait. Norberaren estilotik taldearen izaerari lotutako estilora jauzi egiten dute», azpimarratu du Arzuagak. Smog zena Larrepetit da orain, hein handi batean. Arzuagak, Iturriondobeitiak eta Ortuzarrek osatzen baitute taldearen ernamuina. «Whatsappeko taldeari duela gutxi aldatu genion izena. Orain gutxira arte, Smog baitzen», erantsi du.

Hirukote zena seikote bilakatu da ondu duten lan berrian, halere. Laura Pelayo, Julen Iarritu eta Nando de la Casa batu baitzaizkie; zeharkako flauta, saxofoia eta teklatuak, hurrenez hurren. Eta horrek izan du eraginik abestien soinuan ere. Pop, jazz eta folk doinuak nabarmentzen baitira, batez ere. Arzuaga: «Jazz kutsua, esaterako, saxofoiaren inprobisazioekin edota flautaren melodia eta trantsizioetan aurki dezakegu; oinarri erritmikoan, aldiz, gehiago popa. Hori guztia pianoarekin mugiarazten dugu. Klasikoaren eta jazzaren arteko tarte horretan aurki ditzakegun soinuekin jokatzen dugu, batez ere».

Iturri askotatik edaten duen lana da, musikari laudioarraren arabera. Lou Reed, Neil Young, Pink Floyd eta halako erreferentziak izan ditu oinarri Arzuagak konposatzeko orduan, bere unibertso partikularretik atera gabe. «Erreferentzia musikal horietaz guztietaz aparte, saiatzen naiz zerbait aberatsa sortzen. Musika instrumentuen arteko jolasak oso gogoko ditut, adibidez, eta erritmo arin batez laguntzen ditut askotan. Hau da, bateriari pisu bat ematea gustatzen zait abestietan, ez dadila izan osagarri sinple bat. Saiatzen naiz instrumentu bakoitzari bere lekua eta bere garrantzia ematen, eta esango nuke hori nabaritzen dela abestietan». Abetxukun (Araba) egin zituzten grabaketak, Kultura & Natura estudioan, Nando de la Casaren gidaritzapean.

Biniloa, «apustu sendoa»
Biniloan argitaratu dute lana. Azalari garrantzia emateaz gain, entzuleari begira egindako «apustu sendoa» izan dela adierazi du Arzuagak. «Musika lan bat argitaratzen dudan aldiro, saiatzen naiz eroslearentzat opari baten gisan egiten. Ez dadin produktu bat izan soilik, zerbait hutsala. Erosleak lana eskuetan hartzen duenean zerbait erakargarria dela pentsaraztea gustatzen zait. Biniloa aukeratu dugu orain». Aitortu du, ordea, ez zukeela berriz egingo: «Ez naiz damutzen; behin egin dut, eta listo».

Igor Arzuaga: “Klasikoaren eta jazzaren arteko tarte horretan aurki ditzakegun soinuekin jokatzen dugu, batez ere”

Ez da lehen aldia Arzuagak lanak argitaratzeko formatu berezien aldeko hautua egiten duela. Aurrez, bere bakarkako ibilbidean, USB batean kaleratu zituen berak argitaratutako zortzi disko. Ez du formatu bakar baten aldeko apusturik egin nahi oraindik, Arzuagak uste du unearen araberako erabaki bat dela. Horretan jarraitu nahi du aurrerantzean ere: «Jarraituko dut bilatzen zein den nire lanak argitaratzeko modurik egokiena edo originalena. Agian ez dut inoiz aurkituko, eta ikertzen jarraitu beharko dut, ez dakit». Exkixu taldean eta Mikel Urdangarinen kolaboratzaile ere aritutakoa da musikari laudioarra, baina bakarka ere ibilbide oparoa ondu du. Hainbat disko ditu argitaratuak: Argi izpi bat (2002), Smog (2004), Lagun eroa (2008), Mara mara (2011), Nire begiak (2017)… Larrepetitekin bide berri bati ekin badio ere, jarraitzen du bakarkakoarekin ere, paraleloki behinik behin. Eta hala jarraitu nahiko luke: «Bakarka asko gozatzen dut, baina lagunekin konpartitzea ederra da».

Kontzerturik ez dute aurreikusia oraingoz, baina aurrera begira formatu aldaketa bat iradoki du Arzuagak Larrepetitentzat: seikote dena hirukote bihurtuko da. Beste kutsu bat eman nahi diote taldeari zuzenekoetan, musikariak nabarmendu duenez: «Hirukote gisa ardura handiago du musikari bakoitzak, baina uste dut power-trio deritzan horretan ongi moldatuko garela. Esango nuke zerbait polita egin dezakegula, nahiz eta grabaketa beste formatu batean egin». Nolanahi ere, ez dute baztertzen seiak batera agertokira igotzea diskoa bere horretan jotzeko bada ere. «Baditugu beste proiektu batzuk esku artean, eta ez da inor zintzilik geratuko alde horretatik: jarraituko dugu talde bat izaten, baina formatu ezberdinak probatuko ditugu». Larrepetit sustraietara itzuliko da formatu aldaketarekin, horrenbestez; zuhaitzak hazten jarraituko du.

ETIKETAK:Aritza OrtuzarExkixuGaztelupeko HotsakGile IturriondoeitiaIgor ArzuagaJulen IarrituLarrepetitLaura PelayoMikel UrdangarinNando de la Casa