Musika

badok

2017.09.25

badok

Udazkeneko diskoak

AIZKORAK ZORROZTU: Arkitekto mental baten paranoia kronikoa
Bilboko hirukotea bere entsegu lokaleko estudioan grabatzen ari da bere bigarren diskoa. “Rock makrobiotiko-frenetikoa” deritzo taldeak abesti bilduma berriari. Diskoan hainbat kolaborazio esanguratsu izango ditu, tartean Zazkel taldearena. Grabazioa urrian amaitu eta abenduan kaleratzea aurreikusten du taldeak.

Aizkorak azala

ALBOKA: Lurra, Ur, Haize
Oskorri desagertu ondoren, folk taldeen artean beteranoena da Alboka. Hamahiru urte igaro dira bere aurreko diskoa, Lau anaiak, argitaratu zuenetik. Joxan Goikoetxeak eta Alan Griffinek gidatzen duten taldeak amaitu berri du bosgarren lanaren grabazioa —alboan ohiko bi musikariak izan dituzte lagun: Xabi San Sebastian eta Juanjo Otxandorena—. Diskoak 17 pieza —doinu tradizionalak eta berriak, instrumentalak zein kantatuak— eta kolaboratzaile ugari bilduko ditu, tartean Fiachra MacGabbhan, Peter Maund, Iain McLeod, Juan Arriola, Arkaitz Miner eta Silvio eta Nanni Teot. Durangoko Azokarako argitaratu da diskoa, eta lehen kontzertuak 2018ko udaberrian izango dira.

Alboka grabazioa

Xabi San Sebastian, Joxan Goikoetxea, Alan Griffin eta Petti, Garate estudioaren kanpoaldean.

ARKADA SOCIAL: Eromena besarkatzen (Mauka)
Hogei urte egin ditu Arrasaten sortutako street-punk taldeak, eta bosgarren diskoa argitaratuz ospatuko du. Lehen aldiz diskoko kantuz guztiak euskaraz izango dira —aurreko lanetan gaztelania eta euskara tartekatu dituzte—. Eromena besarkatzen ere Mauka diskoetxeak argitaratuko du.

BEÑAT IGERABIDE: Geldialdi bakoitzean (Elkar)
Urriaren hasieran kaleratuko du Elkar diskoetxeak Beñat Igerabideren bigarren diskoa. Geldialdi bakoitzean Sonola estudioan grabatu du, Gorka Urra (gitarra), Matthieu Haranburu (baxua), David Etura (bateria) eta Peio Gorrotxategirekin (teklatuak). 2014an Orbainak kaleratu zuen Igerabidek.

BERRI TXARRAK
Denbora da poligrafo bakarra grabatu zutenetik hiru urtera, Coloradoko (AEB) The Blasting Room estudiora itzuli da hirukotea disko berria grabatzera. Lan hirukoitz hartako Xake-mate kultural bat ekoitzi zuen musikariarekin, Bill Stevensonekin, egin du berriz lan taldeak. Stevensonek berak eman zuen albistea, bideo labur baten bidez. Diskoa azaroaren amaieran kaleratuko da Only in Dreams zigiluarekin.

BROKEN BROTHERS BRASS BAND: Txertaketa (Errabal Jazz)
Ildoa landuz bikaina argitaratu eta urtebetera Lanabe estudiora itzuli da Iruñeko brass band-a lan berria grabatzera. Oraingoz diskoaren izenburua baino ez da ezagutzen: Txertaketa.

BULTZ!: Erraiak (Mauka)
Iheskide, Pixontxis edota Kruders taldeetan aritutako musikariek osatzen dute Bultz!: Xabier Gallastegi Xagu (gitarra), Ibai Arrizabalaga Ibaiko (bateria), Liher Larrañaga (gitarra) eta Txibillo (baxua). Urte hasieran grabatu zuten Erraiak lehen diskoa Higain estudioan, eta bertatik ateratako lehen kantua da “Ahozabal”.

EN TOL SARMIENTO
Gasteizko Andra Mari Zuriko jaien barruan Foruen plazan eskainitako kontzertuaren grabazioa argitaratuko du Arabako Errioxa taldeak CD-DVD formatuan. Bere ibilbide osoaren errepasoa egin zuen taldeak abuztuaren 6ko emanaldian, eta horren lekuko izango da zuzeneko diskoa. Horrez gain, DVDak taldearen historiari buruzko dokumentala jasoko du.

ERAUL: Iraultza (Egilea editore)
Asier Beramendi donostiarra buru duen taldeak urrian kaleratuko du bere lehen disko luzea. Euskarazko eta ingelesezko abestiak bildu ditu Iraultza izenburuko diskoan, indie-folk ildokoak. Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena Donostiako Dabadaba aretoan egingo du, azaroaren 4an, eta gonbidatu gisa Nogen taldeak ere joko du.

GOVERNORS
Urrian ikusiko du argia Arrasateko taldearen lan berriak. Lau urte igaro dira Morphinapolis kaleratu zuenetik eta bi urte Su garaian zuzeneko diskoa grabatu zuenetik. Geroztik, emanaldi bakan batzuk baino ez ditu eman Governorsek.

Governors argazki berria

Governors taldearen egungo kideak.

JOSEBA IRAZOKI-BEÑAT AXIARI-JULEN AXIARI
Aspaldiko asmo bat gauzatuko dute Joseba Irazokik eta Beñat Axiarik udazken honetan: Robbie Basho kantagile estatubatuarraren konposizioekin disko bat grabatzea. Hala ere, Axiarik diskorako sortutako zenbait pieza ere jasoko ditu lan honek. Julen Axiarik ere parte hartuko du diskoan. Elkar diskoetxeak argitaratuko du.

JABIER MUGURUZA: Lehio bat zabalik (Mara Mara)
Pianoaren soinu akustikoa utzi eta gitarra elektrikoak eta elektronikak hartu dute protagonismo osoa Jabier Muguruzak Ander Mujika eta Javier Carasueñorekin grabatu duen disko berrian. Urriaren amaieran argitaratuko du Muguruzak berak bere zigiluan. Informazio gehiago, hemen.

Jabier Muguruza azala

Jabier Muguruzaren lan berriaren azala.

JOSEBA TAPIA: Besamotzak (Gaztelupeko Hotsak)
Duela urtebete inguru zuzenekoetarako abian jarritako Besamotzak egitasmoa diskoan jaso du Joseba Tapiak. Egitasmo horretan bere kantutegiko hainbat abesti rock formatura egokitu zituen Tapiak, talde baten laguntzaz: Iñigo Telletxea (baxua), Iker Uriarte (bateria) eta Dani Narbarte (gitarra eta trikitixa). Diskoan Tapiak berak grabatuko ditu tresna gehienak, baxu eta bateria batzuk kenduta. Azken hiru diskoak —Real politik (2006), Eta tira eta tunba (2010), Tximela kapitainaren izarrak (2013)—  Zakurraren Biolina zigilu propioaren bidez argitaratu ondoren, Gaztelupeko Hotsak diskoetxera itzuliko da Tapia lan berriarekin.

KEU AGIRRETXEA: Improphono (Mauka)
Lan berriaren grabazioa amaitu berri du Keu Agirretxeak. Oraingoan gitarrarekin egindako inprobisazioak izango dira Ondarroako musikariaren lanaren ardatza.

Keu Agirretxea bideklip

Bideoklip berriaren grabaziotik ateratako irudia. (Kontixu Visuals)

LA BASU: Ni naiz izotz erregina
Urtea bukatu baino lehen aterako da La Basuren euskarazko lehen diskoa. Euskal emakume baten lehen rap diskoa izango da. Kolaboratzaileak ere emakumezkoak izango dira: Maria Rivero (Siroka, Kintsukoroi…), Natalia Garmendia (Humus)… Hainbat estilo jaso ditu Elena Caballerok diskoan, rapaz gain dancehall eta swing doinuak ere entzungo baitira.

LIBE: Ilargia erori da (Bonberenea Ekintzak)
Libe Garcia de Cortazar-ek (Neubat, Sorkun, Izaki Gardenak) gidaturiko proiektuaren bigarren lana urriaren bukaeran iritsiko da. Aurretik ere taldean ziren Txus Billalabeitia eta Dani Arrizabalagari Karlos Osinaga batu zaie oraingoan kantuak lantzeko eta grabatzeko orduan. Urriaren 27an Tolosako Bonberenean aurkeztuko du zuzenean.

Libe2017

Txus Billalabeitia, Libe eta Dani Arrizabalaga.

M I C E
Zortzi kantuz osaturiko diskoa grabatzen ari da Miren Narbaiza Berako Atala estudioan. Abuztuan hasitako lanari irailaren bukaeran emango dio azkena. Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir) aritu da ekoizle Napoka Iriako abeslari ohiaren bakarkako lehen diskoan. Urriaren 27an Tolosako Bonberenean aurkeztuko du eta azaroaren 23an Bartzelonako Euskal Etxean, EH Sona jaialdiaren barruan.

MUGALDEKOAK: Galdemoduen trilogia (Gaztelupeko Hotsak)
Bost urteko isiltasunaren ondoren hirugarren lanarekin itzuliko da Beñardo Goietxek, Raul Garciak eta Edu Zelaietak osatutako taldea. Oraingoan ere Zelaietaren poesiaren eta Goietxek eta Garciak sortutako folk-rock doinuen arteko uztarketa dakar hirukoteak. Hainbat musikari izan dituzte lagun grabazioan, eta ahotsetan Morauk, Pettik eta Idoia Gilleneak kolaboratu dute.

mugaldekoak

Edu Zelaieta + Beñat Goietxe + Raul Garcia = Mugaldekoak.

PELAX: Talkak egiten du didaktika (Egilea editore)
Telmo Trenor elektronikako musikariarekin lau kantuz osatutako EPa kaleratu ondoren, irailaren 28an plazaratuko du disko berria kantari donostiarrak. Berako Atala estudioan grabatu du, Iñigo Irazokirekin. “Sua dela badio?” da aurrerapen abestia.

Pelax azala

Pelaxen diskoaren azala. Egilea, Iñaki Rifaterra.

RAFA RUEDA: Hiri kristalezkoa (Elkar)
Mungiako bakarlariak Elkar estudioan grabatu du bere bosgarren diskoa, Enaren geometria argitaratu zuenetik sei urtera. Hiri kristalezkoa du izenburu, eta hiria da diskoaren ardatz. Jon Agirrezabala (WAS) arduratu da ekoizpenaz, eta musikarien artean Ander Zulaika (bateria, Lou Topet) eta Jaime Nieto (baxua, Atom Rhumba) daude. Azaroaren hasieran argitaratuko du Elkar diskoetxeak, eta azaroaren 24an aurkeztuko du Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

TENPORA: Itzulika (Egilea editore)
Juantxo Zeberio pianista eta teklatu jotzailearen inguruan sortutako taldeak urriaren 10ean argitaratuko du hamar kantu berriz osatutako auto-ekoizpena. Lehen diskoan bezala popa eta jazza dira abestien ardatza, baina oraingoan elektronika eta rock progresiboa bezalako eremuetan ere sartu da taldea. Diskoa Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute, Fredi Pelaez musikari eta soinu teknikariarekin, eta boskoteak Karlos Linazasoro eta Harkaitz Cano idazleen elkarlana izan du kantuen hitzetarako. “Hitz guztiak aspaldi esan ziren” abestiaren bideoklipa aurkeztu du taldeak.

THE FRIDAY’S CREW: Harresien gainetik (Mauka)
Azpeitiko punk-oi! taldeak Higain estudioan grabatu du bere laugarren diskoa, Harresien gainetik. Bertan The Guilty Brigade taldeko Gartxotek kolaboratu du.

TXUMA MURUGARREN: Marmokak eta itsas izarrak (Gaztelupeko Hotsak)
Binilo formatuko singleak argitaratzeari ekingo dio Gaztelupeko Hotsak zigiluak. Horretarako, Lokatzetan play izeneko saila sortu du. Txuma Murugarrenek jarriko du lehen alea, bi kantuz osatutako grabazio batekin.

XABI SAN SEBASTIAN: Zuhaitzak ez du beldurrik (Egilea editore)
Irailaren 21ean kaleratuko du Xabi San Sebastianek bere laugarren diskoa. Inaxio Esnaola kazetariak idatzitako promozio orriak dioenez, “sustraidun hats eta hotsak naturalki bildu ditu Xabi San Sebastian sortzaile finak. Hurbileko mendi eta zelaietako folka, zein urruneko desertu eta errepideetako rocka. Bidaia natural, heze eta idorra. Ahots bereizgarria bidaide, freskotasuna emanez”. “Zuhaitza” da aurrerapen abestia.

XABIER MONTOIA: Gorraizea (Gaztelupeko Hotsak)
Hari laukote batekin grabatu du Xabier Montoiak disko berria. Informazio gehiago, hemen.

Itziar Lertxundi, Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, Pottoko estudioan. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Itziar Lertxundi, Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez, Pottoko estudioan. (Andoni Canellada / Argazki Press)

ZAZKEL: Ez entzun (Baga-Biga)
Bilboko taldeak irailaren 26an aurkeztuko du bere bigarren diskoa. Lehenengoa bezala, Garate estudioan grabatu du eta Kaki Arkarazo arduratu da ekoizpenaz. Abestien artean, Hertzainak taldearen “Infernuko atea” moldatu du Zazkelek. Baga-Biga diskoetxeak argitaratuko du “Ez entzun”, Banden Lehia irabazi izanaren sari gisa.

zazkel berria

Zazkel taldeak irailean kaleratuko du lan berria.

ETIKETAK:Aizkorak ZorroztuAlbokaArkada SocialBeñat AxiariBeñat IgerabideBerri TxarrakBroken Brothers Brass BandBultz!DiskoakEn Tol SarmientoEraulGovernorsHertzainakJabier MuguruzaJoseba B. LenoirJoseba BaleztenaJoseba IrazokiJoseba TapiaKeu AgirretxeaLa BasuM I C EMugaldekoakNapoka IriaPelaxRafa RuedaTenporaThe Friday's CrewXabi San SebastianXabier MontoiaZazkel