Astelehen kopetilunak

Silvia Guillen

2017.06.19

Batzutan, zama arintzeko beharra somatzen dut. Serioegi hartzen dut edozer arazo, eta gure lurralde maite honen zerua bezain kopetilun agertzen naiz. Astelehenetan batez ere.

Aldiz, aspaldi aurkitu nuen lainoak uxatzeko metodoa. Distantzia hartu, nonbaiten galdu, arnastu, eta beste begirada batekin errealitatera bueltatu. Horretarako, autoa dut garraiobide eraginkorrena. Eta musika, bidai-lagun isilena. Inork ez baitu nire kantu kuttun hori hitz hutsekin eten egiten...

Maite ditut bakartasun momento horiek. Eskuak bolantean ditudala, nire barrukoak lasai asko aska ditzaket, burua unibertso paralelo batetik galtzen uzten dudan bitartean. Beirak lausotzen diren heinean, leku txiki horretan askatasunaz gozatzen dut. Plazer hutsa. Semaforora iritsi arte. Orduan, serio aurpegia jartzen dut, inoiz ez baitakizu aldameneko autoan nor egongo den, zure katarsia epaitzeko prest. Eta metaleroak jende serio eta gogorra gara, aizu. Zuhurrak emozioetan.

Arin sentitzen naiz gero, guztiz indarberrituta. Eta nire bidai-lagun diren kantu batzuen zerrenda ekarri dizuet: amorrua, tristura, malenkonia eta, azkenik, bidaiaren helmuga den poztasuna. Zuen esku zeintzuk diren asmatzea. Astelehen kopetilunetan zuen burua galtzen uzteko mapa.