Barne deiadarrak

Iker Martinez

2017.07.17

1.- "Nazka" (Su Ta Gar): Aitzindariak, maisuak, erreferenteak.. Hitzak motz geratzen zaizkit Su Ta Garrek niretzat suposatu duena deskribatzeko… Beste 10 abesti aukeratu ahal izango nituen, garai zaharretakoak eta garai berrietakoak, ez baitute kalitatea inoiz  jaitsi. Baina niretzat euskal thrasharen maisulan gorena dira “Nazka” abestia eta Hortzak estuturik diskoa. Azkarra, zorrotza eta gogorra.

2.- “Sentipenen bihotza” (EH Sukarra): Nire iritziz, Euskal Herrian egin diren abesti eta melodia hoberenetariko batzuk egin ditu EH Sukarrak. Gainera, uste dut Nortonen ahotsa Euskal Herrian izan dugun ahots politenetako bat dela. Abesti honek gazteagoa nintzeneko garaietara eramaten nau eta orduan sorrarazten zidan irribarrea, ilusioa eta bizitzeko gogo bera sortzen dit orain.

3.-  “Ai hau gauaren zoragarria” (Tapia eta Leturia): Tapia eta Leturiak, eta bereziki Tapiak, egiten duen guztia gustatzen zait. Baina trikitixa alde batera utzita, Joseba Tapia abeslari, melodia egile eta ahotsen armonia egileak beti harritu nau eta beti miretsi dut. Abesti hau alaia da, polita, eta bertan Tapiak izugarrizko lana egiten du bere ahots goxoarekin.

4.- “Yalah yalah Ramallah” (Fermin Muguruza): Ferminen ibilbidetik ere ia guztia gustatzen zait, batez ere Negu Gorriaken diskoak. Beti miretsi dut bere inguruan dituen talentu izugarri desberdinak uztartzeko duen gaitasuna: Kaki, Iñigo anaia… Neguren edozein abesti aukeratuko nuke, baina bere bakarkako ibilbideko abesti hau aukeratu dut, arrazoi batengatik: nire barruko dantzariarekin zuzenean konektatzen du, eta entzuten dudan bakoitzean, izugarrizko dantzarako gogoak sartzen zaizkit!

5.-  “Eromena abian” (Dut): Bere garaian zeharo harrapatu ninduen Dut taldeak, eta zuzenean askotan ikusteko zortea izan nuen. Ez zegoen haiek bezalakorik: gogorrak, oldarkorrak, ilunak… eta gero ere ez da egon. Euskal Herriko musikan izan den puntu gorenetako bat izan da Dut eta Askatu korapiloa diskoa. Bete- betean bizi zan nuen garai hura.

6.- “Askatasun egarriz” (Lin Ton Taun): Euskal Herrian egin den disko interesgarrienetako bat du Lin Ton Taunek: Micro. Hala ere, taldearen hasierako garaiarekin geratzen naiz, nola uztartu zuten rocka eta trikitia, eta, batez ere, zeinen alaiak eta freskoak ziren. Abesti hau berriz entzutean, orduko alaitasun hura berriz sentitzen dut.

7.- “Horma eta haizea” (Izaki Gardenak): Oraintxe bertan martxan dauden euskal taldeetatik, beharbada, Izaki Gardenak-ekin geratzen naiz, eta batez ere abesti honekin. Lehen aldiz entzun nuenetik, banekien nere bizitzan klasiko bihurtuko zela. Dena dauka niretzako, nire barruarekin izugarri konektatzen du, niretzako barne deiadar bat bezala da.

 8.- “Hemen nago” (Ruper Ordorika): Ruperrek pila bat abesti bikain egin ditu. Bere garaian Dabilen harria diskoa asko entzun nuen eta irekitzen duen kantuak sekulako impresioa egin zidala gogoratzen dut. Itxuraz abesti "normal" bat izanda, orduan berarekin grabatu zutenek (Monder/Sverrison/Wollensen), giro oso berezia eman zioten kantuari... erritmo hori... gitarra soinu horiek... Niretzat guztiz berria zen orduan gitarra soinu hori. Beharbada ez da Ruperren kantu onena, baina kantu berezia da niretzat, benetan sakona.

9.- “Iñundik inoare” (Huntza): Lin Ton Taun orain dela hogei urte freskotasuna eta alaitasunaren gorena baldin bazen, oraintxe bertan Huntza eta “Iñundik iñoare” abestia iruditzen zaizkit beraien oinordekoak. Abestiak zerbait du berez alaitzen nauena. Uste dut arrakasta merezia dutela, eta badagoela hor abesti egile bikain bat.

10.- “Bidaiari” (Zingira): Iñigo Ibarrondok, oñatiarra eta laguna, sekulako artelana egin zuen Zingira bere proiektuarekin. Euskal herrian disko gutxi egongo dira kalitate horrekin eta musikari gutxi musika hain urruti eramateko gai izan denik. Egoitz Olalderen lana ere izugarria iruditzen zait. Duda barik, Iñigok errekozimendu gehiago merezi du Euskal Herrian eta Oñati bere herrian.