Entsegu lokaletik industrialdera

Jokin Azpiazu Carballo

2019.04.08

BADOKentzat zerrenda bat egitea ohorea da eta aldi berean gauza arraroa. Betidanik izan dut ohitura jendeari musika oparitzeko, urtebetetze eta halakoetan. Teknologia aldatu ahala aldatu dira formak, kaseteak oparitzen nituen, gero CD grabatuak, noiz edo noiz USB memoriak... Tira, lagunen batekin oraindik kaseteak trukatu ditzaket. Baina kasu horietan denetan badakizu norentzat den musika eta horren araberako aukeraketa egiten duzu... Hemen zerrenda bat egitea jendea ikusi gabe DJa izatea bezalakoa da. Suposatzen dut irrati esatariei ere hala gertatuko zaiela.

Zerrendan bildu dut BADOK atarian dagoen musikatik gustuko dudanaren %1a. Gustu patologikoki zabala dugunon arazo ohikoa izaten da, kanpoan utzi beharra oso onak iruditzen zaizkigun gauza asko eta asko. Baina momentu honetan horrela atera da. Drumkoptersek irekitzen du zerrenda; duela gutxi agur esan digu taldeak eta pena da nik uste dudalako haize fresko dezente ekarri zutela euskal eszenara, musikalki hemen horrenbeste lantzen ez diren soinuak probatuz, euskaraz eta konpromiso DIY eta feminista erakutsiz. Faltan botako ditut baina ziur naiz abentura berriak abiatuko dituztela.

Dantzut ere bere garaian nahiko bereziak izan ziren. Euskaraz rock alternatiboa, pop kutsukoa, oso 90. hamarkadako soinua. Sampler eta programazioak erabili zituzten haien Nahiezkero disko bakarrean; kasu askotan horrek esan nahi zuen teknikariak “play” sakatzen zuela soinu mahaian zegoen kasete pletina batean, zeinak soinuak grabaturik zeramatzan. Kasu gutxi egin zitzaien, baina niri oso onak iruditu zaizkit beti hala diskoa nola maketa ere.

Morau artista totala da, hain zuzen ere artista ez delako. Bere kantugintza tradizioak ez du transzendentalismoan oinarria baina aldi berean serioa da (nahi duenean). Bere disko denak ditut gustuko baina, ez dakit zergatik, azkenaldian berriz entzun dut Amodio domestikoa eta esango nuke norabide anitzetan disparatu zuela disko horretan, eta gehienetan asmatu zuela. Kantu hau zerrendaren giroarekin ondoen zetorrena da, Beñardo-Andoni bikoa gordin-gordinean umore serioa arma bezala erabiliz.

Laugarren abestitik aurrera lurralde elektronikoetan sartzen gara. Xano Basque Electronic Diaspora bildumen bidez ezagutu nuen; asko markatu ninduten konpilazioak izan ziren Bixente Iriart (BXT) musikariak koordinatu zituenak Esan Ozenki eta Metak-entzat. Bere bidea jarraitu du musikariak eta bere uzta eman du, baina BED#1 hartatik aukeratu dut bere kantua. Konpilazio osoa iruditzen zait entzuteko modukoa, BDF, Bxt, Voodoo Muzak eta nire kuttunak izan ziren K-Ahba ere, disko zinez interesgarria egin zutenak gerora.

Angel Katarainek  Laboari egindako Txerokee omenaldian sartu zuen “Txoria txori” abestiaren moldaketa dator hurrengo. Esparru teknikoan ezaguna da Katarain, baina jende askok ez du bere musikagile elektroniko alderdiaren berririk. Tira, berak ere Durango Azoka eta Al fin diskoak hala kaleratu zituen, edizio txikietan eta gehiago lagunen artean banatzeko saltzeko baino.

Pelax eta Telmo Trenorrek elektronika eta rock kantagintzaren arteko bidegurutzean egin zuten topo disko bat egiteko, eta bakoitzaren onena hartu dute: Telmoren elektronika garbia eta Pelaxen kantu gitarrero zikinagoa. Tentazioari ezin eutsita, FM eta Dut-ek egin zuten "Lukrezia" kantuaren moldaketa jarri dut, baina disko osoa entzuteko aitzakia izatea espero dut. Anita Parkerren bigarren diskotik hartu dut “La Petite Mort”. Onartu behar dut bigarren disko hau lehena baino askoz gehiago gustatu zaidala, electro-swing soinuetatik urruntzen ziren heinean beste soinuetara mugitu direnean. Produkzioa primerakoa iruditzen zait eta sintetizadoreen erabilera aparta.

Nizuri Tazuneri ekarri ditut hona ere, haien azken diskoko kantu batekin. Ez nuke jakingo trap musika definitzen, baina esango nuke musika oinarriei bira elektronikoago eta zainduago eman dion hip-hoparen txiribuelta dela. Talde honetatik gehien gustatzen zaidana haien freskotasuna da, eta belarriak ondo irekitzera behartzen nautela. Eta norabide berdinean doa Mursego, belarriak irekitzera behartzen zaituen musikari horietakoa. Azkenengoz zuzenean ikusi nuenean trap abesti bat egin zigun eta berehala sortu zait konexioa. Zalantza handiak izan nituen “Retaguardia” eta “Las minas del Rey Salomón” kantuen artean eta azkenean lehena aukeratu nuen hurrengo kantuari bide egiten ziolako errazago.

Guzuralek irekitzen du atal industriala. Gaztetxoa nintzenean Gutural misterio bat ziren, inoiz Oarsoaldean egon zen talde industrial hori, kontzertu gutxi eman zituena eta askotan izara baten atzean. Arto Artianek beren diskografia berrargitaratu zuen eta buelta asko eman nizkion. Urteak pasata Guzural talde hartako arima zen Tzesnek eta Euskal Herriko musika extremoan gako den Fres baxu joleak osatzen dute. Zuzenean mundialak dira, betiko proposamen industriala bide libreagoetara eramanez, zarata librearen bidez. Kantu hau Bonbereneak argitaratu zien singletik dator.

Baina musika industrialak izan zituen beste izen batzuk Euskal Herrian eta, arestian aipatu ditudan K-Ahba eta Bad F-Line taldeez gain, niretzat garrantzitsuenak 2Kate izan ziren, Izaskun Forkada eta Mikel Kazalisen proiektua. Zuzeneko proposamen estetiko indartsua eta landua zuten eta dantza eta koreografiari lekua egin zioten, anekdota hutsetik harago. Musikalki, bigarren disko honek lehenaren ildo bera jarraitu zuen, metal industrialarena, baina esango nuke haien soinua asko indartu zutela.

Eta musika industrialak ere izan zuen eragina Akauzazte azkoitiarren soinuan, nahiz eta ez izan makinekin egindako musika industriala. Erritmo errepikakorrak, zarata eta baita blues sentsibilitate handia ere ekarri zituzten haien errotiko proposamenarekin. Bere kantutegiak aurpegi ugari landu ditu. Aizkolari jartzen direnean, kantu honen hasiera eta amaieran kasu, ileak lazten zaizkit. Después de Nunca talde malagar-azkoitiarraren bertsio aske hau zuzenean grabatua da, Berako Ertz festibalean. Paradoxikoa bada ere, haien soinua ondoen harrapatu duen grabaketa dela esango nuke, eta nik dakidala eskuzko grabagailu batekin jaso zen emanaldian.

Bidaia txikia egin dugu popetik elektronikara, trapetik pasatu eta industrialdeetan amaitzeko. Egiteke daude beste mila bidaia, beste bide batzuen esplorazioa, baina horretarako beste aitzakiaren bat bilatu beharko dugu. Ez ahaztu musikari maitasuna eta atentzioa eskaintzen.