Itxaro Borda kantatuz

Badok

2019.10.01

Itxaro Borda idazlea dugu euskaraz gehien musikaturiko idazleetako bat. Dela hark abestuak izateko sorturiko hitzetan, dela haren poema musikatuetan, Bordaren izena hainbat diskotan aurkitu daiteke. Hertzainak taldea izan zen lehenengoa, 80ko hamarkadaren amaieran, Baionako sortzailearen hitzei musika jartzen, eta geroztik hainbat izan dira bide bera jarraitu dutenak: Peio Serbielle, Mikel Errazkin, Jean Bordaxar, Pier Paul Berzaitz, Maddi Oihenart

Urriaren 12an, Itxaro Borda kantatüz emanaldia antolatu dute Maule-Lextarreko Maule Baitha aretoan. Dozena bat kantarik hartuko dute parte saioan: Maddi Oihenart, Johañe Bordaxar, Amaia Riouspeyrous, Txomin Hegi, Otxalde, Kattalin Indaburu, Mixel Arotze, Beñat Axiari, Izarrak, Pantxix Bidart, Basabürütarrak, Jojo Bordagarai eta Zein Ere.

Itxaro Borda kantatuz

Emanaldia 21:00etan hasiko da eta sarrera 15 euroan da salgai ondoko leku hauetan: Xiberoko Botza, Mauleko Herriko Etxea, Xibero Bio saltegia, Donapaleuko Pagola saltegia eta Baionako Elkar denda.