Sei soken xarma

Hibai Etxebarria

2018.02.05

Ze ote dauka gitarrak hain erakargarri egiten duena? Baziren garaiak ligatzeko tresna bezala ere balio zuena. Maitaleen balkoipetan, ezinezko amodioei kantari zebiltzan trobadoreen garaietan bederen. Gaur egun ere badauka jadanekotasuna arlo horretan, DJekin lehia gogorrean ordea.

Denborak aldatu dira, baina azken mendean gitarristek asko esperimentatu izan dute instrumentuarekin eta honen erabilerak sekulako eboluzioa izan du. Denetarako balio du gaur egun. Joker bat bezalakoa da, instrumentuen komodina: abesti xumeak laguntzeko, melodia ederrak lirikotasun ederrez adierazteko, solo amaigabe zein zorabiagarriak egiteko, elektronika eta mundu digitalarekin nahasteko, berezko sonoritatean sakontzeko…

Euskal Herria gitarra jotzaileen harrobi izan da eta horrela izaten jarraitzen du. Askotan beste batzuen gerizpean izaten dira, hortxe, beraien gitarrarekin zerbait esateko tartetxoaren zain. Beste batzuetan, protagonismo osoa ere izan dezake edo abeslariaren matalaz armoniko soil bezala jokatu. Baina beti hor. Arraroa da euskal talde zein bakarlari bat aurkitzea, inguruan edo soinean, hor nonbait, gitarraz jantzirik ikusten ez dena.

Oso zaila egin zait aukeratzea eta seguru hainbat gitarrista bikain utzi ditudala kanpoan. Gustuko ditudan estilo ezberdinak landu dituztenak biltzen saiatu naiz. Lotsa ematen dit emakumerik ez dela ikusteak. Baina orain arte izan dugun errealitatea aldatzea ezinezkoa zait. Zorionez, oraina eta etorkizuna hobeto ikusten ditut arlo horretan. Gitarra irakasle bezala bizi izan dudanean oinarrituz gutxienik. Ea etorkizunean emakumezko euskal gitarristei buruzko bat egiterik dudan.

Hona hemen nire sei soken erreginarik gabeko erregeak:

Mixel Ducau
Gu guztion aitabitxia. Zer litzateke euskal rocka eta gitarraren historia Mixel Ducau gabe? Ez dakit eta ez dut jakin nahi ere. Errobik ekarri zuen guregana 60. hamarkadan kanpoan zebilen rock-psikodeliko-progresiboa eta etorkizuneko euskal rock talde guztien oinarriak ezarri. Errobi CREAM talde ingelesaren parekoa da, eta Mixel Ducau, gure Eric Clapton.

Angel Unzu
Ezin dut hitzekin adierazi Angel Unzurekiko dudan miresmena. Zentzu guztietan, gainera. Pertsona eder, xalo eta sakona. Musika munduan denetatik egin duena eta urrats guztiak bikainak. Aspaldian Benito Lertxundirekin egiten ari den lana daukat oso gustuko, baita bakarka atera duen azken diskoa ere. Plazer bat da zuzenean ikustea gitarrarekin zein maneiatzen dituen beste hainbat kordofonorekin jolasean. Kasu honetan, Txuma Murugarrenekin grabatu zuen diskoko kantu bat aukeratu dut, bere aurpegirik rockeroena azalduz.

Joseba Irazoki
Joseba Irazoki jaunak, gitarrak bezala, ez dauka limiterik. Horien bila dabil baina ez ditu sekula aurkituko, eta eskerrak hala den. Bere bide horretan utziko dizkigun altxorrekin gozatzeko aukera izango baitugu. Bere azken lana, Gitarra onomatopeikoa deitu duena, instrumentuaren inguruko esperimentazioan dago oinarritua. Inprobisazio askeak sortze prozesuaren oinarritzat erabiliz. Beti pauso bat aurrerago.

Jean Marie Ekai
Denetarik egin duen arren, jazzaren testuinguruan gustukoen dudan gitarrista da. Hitz batean definitu beharko banu, hitz hori dotorezia litzateke. Ez diozu sekula nota bat lekutik kanpo entzungo bere lanetan. Dena dago bere tokian, kantuak behar duen neurrian. Benito Lertxundiren Hunkidura Kuttunak diskoetan egin zituzten grabazioetan entzun dezakezu. Aprobetxatu nahiko nuke Benito Lertxundi bera ere gitarrista akustiko bikaina dela esateko. Estilo propio eta imitaezina dauka. Urteetan zehar oso landua.

Jose Alberto Batiz
Batiz euskal gitarraren mito bat da. Aspaldian pixkat erretiratuta dabilen arren, bere ibilbidea ikusgarria da. Bete askoren artean, Fitoren gitarrista izan zen urte luzez. Bluesaren arima darama barruan eta gitarrarekin inork baino ozenago eraman du euskal musikan. Kasu honetan, nire herrikide den Exkixu taldearekin egin zuen kolaborazioa dakart gogora.

Fran Iturbe
Oso gustuko dut bere estiloa eta bere motako musikariak erreibindikatu nahi ditut. Gitarristok asko ikasi behar dugu beragandik. Inork baino hobeto daki zer den abesti baten zerbitzura egotea. Askotan ematen du ez dagoela hor, baina benetan ez dagoenean sumatzen duzu bere falta

Iñigo Moñux, Edu Cruz, Xanet Arozena…
Tranpa apur bat egin dudala onartu beharra daukat. Baina ezinezkoa zait Akelarre taldeko gitarrista bakarra aukeratzea. Taldeak izan zuen ibilbide luzean, hainbat paregabeko musikari igaro baitziren bertatik, Batiz bera barne. Rock-metal-progresiboaren aitzindariak izan ziren baina, “berbeneroak” zirela pentsatzen dutenak badira oraindik zoritxarrez…

Aitor Gorosabel
Bera da, seguruenik, nigan influentzia musikal gehien izan duen gitarrista. Edo, are gehiago esango nuke: musikaria. Gitarrista baino gehiago baita. Ahotsarekin, pianoarekin eta musikaren idazkeran maisua da dudarik gabe. Ez dauka parekorik. Beti nago beragandik ikasten. Su Ta Gar-ekin grabatu duen edozein abesti aukeratu dezaket baina, kasu honetan, merezi du kantu hau gogora ekartzeak.

Haimar Arejita
Aitortu beharra daukat ezinezkoa zaidala guztiz objektiboa izatea Haimarrekin. Baina seguru nago zerrenda honetan sartu dudala subjektiboari kasu gehiegirik egin gabe. Gitarrista garbia, teknika eta gustuaren arteko orekan gutxik bezala mugitzen dakiena. Irakasle bikaina, lankide, lagun… Gatibun beti aurkitzen du tartetxoren bat bere abilezia erakusteko. Kantu honetako soloan bezala, berarentzat ere oso berezia dena.

Joseba Baleztena
Niretzat Joseba Baleztena rocka da. Rockak, nolabait, gizakiok bisitatzea aukeratu izan balu bezala Josebaren izatean. Berakoak ondo ezagutzen du zer den lokatzetan bustitzea. Musikarekiko daukan konpromezua %100koa da. Berdin dio aurrean lau katu edo hamar mila pertsona izateak. Beti dena ematen du. Gitarrarekin maisua da, dudarik gabe. Rockak behar duen zikintasun garden hori dauka eta luze darama bere kalitatea taula gainean zein hauetatik kanpo azaltzen: Sextysexers, Willis Drummond, Sumision City Blues…

Keu Agirretxea
Ibilbide interesgarria izan du ondarrutarrak eta, nire ustez, Improphono azken lanean inoiz baino hobeto islatu du bere barneko ahotsa. Espresibitate asko du instrumentuarekin eta gitarra akustikoarekin oso ondo maneiatzen da. Fingerpicking estiloan dabil azkenaldian, nik bereziki oso gustuko dudana. Liburu bat atera berri dut horren inguruan. Oso egokia deritzot hartzen ari den norabidea.

Mikel Kazalis
Gitarrarengandik asko maite dudan soinua da Anestesiarena. Instrumentuaren beste aurpegi bat. Energia, pisua, sendotasuna, indarra… Hori guztia daukate Mikel Kazalisen riff boteretsuek. Matrailezurrean ukabilkada bat bezalakoak dira. Ez da birtuosismorik behar gitarrista ona izateko. Bakoitzak bere bidea jorratu behar du, norberarekin zintzoa izanda. Azken finean, norberaren benetako ahotsa bilatzeko bide bakarra da. Gainera, ezin hobeto datorkit kantua agur esateko. Milesker irakurle eta entzuleok. Ondo segi!