2019.05.13
Jojo eta Ramuntxo

Jojo eta Ramuntxo

  • 1990 - 2004
  • Folka, Herri kanta

Hamabi urte zituenetik herrietan kantari aritu da Jojo Bordagarai. 1973an, Jojo eta Bernadette taldea osatu zuen arrebarekin, eta Txomin Hegi kantari, idazle eta antzerkilariak laguntzen zien gitarrarekin. Urte batzuk lehenago, Hegik berak eta Peio Serbiellek Urrakoa kantu ikuskizuna landu zuten. Jojok eta Bernadettek Agur diskoa (Elkar) grabatu zuten 1978an, Bordagaraik eta Hegik sortutako kantuekin. Hurrengo urtean taldea desegin egin zen, eta Jojo Garaziko Nekez Ari abesbatzan hasi zen kantari. Ahotsaren trebakuntzak Euskal Kantu Txapelketan parte hartzera eraman zuen, 1987an, eta lehiaketa hartan bertan ezagutu zuen Ramuntxo Carrere.

JOJO_BORDAGARAI

Jojo Bordagarai. (Joanes Etxeberria)

Bikotea beste musikari batzuez inguratu zen taldea osatzeko, eta folk herrikoiaren bidetik ekin zioten (akordeoia, gaita, flauta…). Bordagaraik hartu zuen kantuetako hitzak idazteko ardura, eta doinuak bien artean sortu zituzten. Haize andrea estreinako diskoa (Elkar, 1990) Niko Etxart kantariaren estudioan grabatu zuten, eta Vladimir Cosma errumaniar konpositorearen lan bat moldatu zuten, “Xabinari“. Horren aurretik, Azala taldearen Marigaizto diskoan parte hartu zuen bikoteak.

Bordagarai

Jojo Bordagarai eta bere taldea. (Ander Gillenea)

Geroago beste bi disko etorri ziren: Maitasunez ba ote… (Elkar, 1993) eta Zure kanpoetara (Agorila, 2001). Disko bakoitzean, baina batez ere azken horretan, taldearen soinua osatuz joan zen musikari berrien ekarpenekin: Matthieu Haranboure (baxua; King Mafrundi, Txakun…), Phillipe Ezkurra (akordeoia, bandoneoia; Peio Serbielle, Pier Paul Berzaitz…), Mixel Etxekopar (xirula, ttun-ttuna)…

2004. urtean Ramuntxo Carrerek kantatzeari utzi zion, eta Jojo Bordagaraik Pil Pil taldearekin jarraitu zuen. Alexandre aitak, Bernadette arrebak eta Mixel Thikoipe lehengusuak osatzen dute taldea. Beste egitasmo batean ere aritu da, Triki Trakan. Xabi Pery (Itoiz) musikari eta soinu teknikariaren inguruan sortutakoa da hori.

PIL PIL

Pil Pil taldea: Aletxandre Bordagarai, Jojo Bordagarai, Bernadette Bordagarai eta Mixel Thikoipe.

Haatik, orain bakarkako proiektuan dabil murgilduta. Bahaki… diskoa (Elkar, 2008) da lan horren orain arteko fruitua, Philippe Ezkurraren laguntzaz egindakoa. Jazz musikariz inguratu da Bordagarai, eta Europako ekialdeko musikatik eta kantu tradizionaletik asko duten konposizio garaikideak, emozio askotarikoak eta koloretsuak lantzen dituzte.

Testua: Jon Eskisabel

Partitu nintzen herritik

Partitu nintzen herritik zuri promesa emanik
Enetzat fidel egon zinten ongi gomendaturik
Ez duzu egin kasurik!

Fidelik ez egoiteko ez dut ez nik arrazoinik
Ene bihotza zuk daukazu arras enganaturik
Hortaz ez izan dudarik!

Partitzean eman nauzun seinaleƱo bat nik zuri
SeinaleƱo hura nik orai nahi nuke ikusi
Ez baduzu eman nehori!

Zuk eman seinale hura ez dut eman ez nehori
Begiratuko ere nuen ez balitzeraut hautsi
Egin zaut bi zati!

Nik eman eraztun hura ez zuzun bada kobria
Ez zen eta ere zilarra, bainan zuzun urria
Diamantezko begia!

Amodiorik bazinu zuk, batere enetako
Poxiak bilduren zintuen niri erakusteko
Ni satisfos egiteko!