2019.05.13
Jojo eta Ramuntxo

Jojo eta Ramuntxo

  • 1990 - 2004
  • Folka, Herri kanta

Hamabi urte zituenetik herrietan kantari aritu da Jojo Bordagarai. 1973an, Jojo eta Bernadette taldea osatu zuen arrebarekin, eta Txomin Hegi kantari, idazle eta antzerkilariak laguntzen zien gitarrarekin. Urte batzuk lehenago, Hegik berak eta Peio Serbiellek Urrakoa kantu ikuskizuna landu zuten. Jojok eta Bernadettek Agur diskoa (Elkar) grabatu zuten 1978an, Bordagaraik eta Hegik sortutako kantuekin. Hurrengo urtean taldea desegin egin zen, eta Jojo Garaziko Nekez Ari abesbatzan hasi zen kantari. Ahotsaren trebakuntzak Euskal Kantu Txapelketan parte hartzera eraman zuen, 1987an, eta lehiaketa hartan bertan ezagutu zuen Ramuntxo Carrere.

JOJO_BORDAGARAI

Jojo Bordagarai. (Joanes Etxeberria)

Bikotea beste musikari batzuez inguratu zen taldea osatzeko, eta folk herrikoiaren bidetik ekin zioten (akordeoia, gaita, flauta…). Bordagaraik hartu zuen kantuetako hitzak idazteko ardura, eta doinuak bien artean sortu zituzten. Haize andrea estreinako diskoa (Elkar, 1990) Niko Etxart kantariaren estudioan grabatu zuten, eta Vladimir Cosma errumaniar konpositorearen lan bat moldatu zuten, “Xabinari“. Horren aurretik, Azala taldearen Marigaizto diskoan parte hartu zuen bikoteak.

Bordagarai

Jojo Bordagarai eta bere taldea. (Ander Gillenea)

Geroago beste bi disko etorri ziren: Maitasunez ba ote… (Elkar, 1993) eta Zure kanpoetara (Agorila, 2001). Disko bakoitzean, baina batez ere azken horretan, taldearen soinua osatuz joan zen musikari berrien ekarpenekin: Matthieu Haranboure (baxua; King Mafrundi, Txakun…), Phillipe Ezkurra (akordeoia, bandoneoia; Peio Serbielle, Pier Paul Berzaitz…), Mixel Etxekopar (xirula, ttun-ttuna)…

2004. urtean Ramuntxo Carrerek kantatzeari utzi zion, eta Jojo Bordagaraik Pil Pil taldearekin jarraitu zuen. Alexandre aitak, Bernadette arrebak eta Mixel Thikoipe lehengusuak osatzen dute taldea. Beste egitasmo batean ere aritu da, Triki Trakan. Xabi Pery (Itoiz) musikari eta soinu teknikariaren inguruan sortutakoa da hori.

PIL PIL

Pil Pil taldea: Aletxandre Bordagarai, Jojo Bordagarai, Bernadette Bordagarai eta Mixel Thikoipe.

Haatik, orain bakarkako proiektuan dabil murgilduta. Bahaki… diskoa (Elkar, 2008) da lan horren orain arteko fruitua, Philippe Ezkurraren laguntzaz egindakoa. Jazz musikariz inguratu da Bordagarai, eta Europako ekialdeko musikatik eta kantu tradizionaletik asko duten konposizio garaikideak, emozio askotarikoak eta koloretsuak lantzen dituzte.

Testua: Jon Eskisabel

Haindiko laguna

Zama handi batez kargatuak
Erdi mutu ditugu kantuak
Ilunpe honetan
Zorte gogorrari
Aski oldartuak
Arropa beltzetan
Gure bihotzari
Zintzilikatuak.

Zer gisaz bidea utzi duzu?
Nongo irriak entzun dituzu?
Zure aintzinean
Zerbaiten hastea
Senditu dukezu
Neurriak haustean
Aldeko atea
Zabaldu zaukezu.

Haindiko laguna
Zure oroipena
Hain dut biziduna
Goaitatzen dut eguna
Doluaren mina
Nik ahantzezina
Ukan maitasuna...

Batzuetan bakarrik naizelarik
Kalapitetarik urrundurik
Begiak zerratuz
Amets egiten dut
Mugak iragaiten
Ezin helduz eskuz
Erran nahi dauzut
"Zato, mintza gaiten..."

Piano baten segeretuetan
Ardura jartzen naiz izerditan
Horrek daut emaiten
Hor gaindiko berri
Zer duzun kantatzen
Gure izaiteen
Arteko lokarri
Zauku bilakatzen.

Haindiko...

Denbora baitzata faltatuko
Erran beharrak oro errateko
Berriz ere gostuz
Araiz ahalko naiz
Zurekilan egon
Apalik galdatuz
ilunpeari maiz
Argia darion.

Haindiko...