2014.05.26
Jon Enbeita

Jon Enbeita

  • 1950
  • Muxika (Bizkaia)
  • Herri kanta

Atzera

Jon Enbeita
 

Jon Enbeita

1971 - Cinsa


  • Dirua(Hitzak eta doinua: Jon Enbeita)
    facebook iconfacebook icon
  • Emoidazu eskua(Hitzak eta doinua: Jon Enbeita)
    facebook iconfacebook icon
  • Horrela doa mundua(Hitzak eta doinua: Jon Enbeita)
    facebook iconfacebook icon
  • Euskalduna naiz(Hitzak eta doinua: Jon Enbeita)
    facebook iconfacebook icon

Formatua: EP


Argi kodea: CIN-176


GENEROA

Bertsolaritzan artean haurra zela hasi zen Jon Enbeita, 9 urterekin atera baitzen lehenengo aldiz plaza. Bertsolaritzara emandako familiakoa da Enbeita, bere aitona Kepa Urretxindorra eta aita Balendinek lan handia egin baitzuten bertso munduan. Aita, adibidez, Bizkaiko txapeldun izan zen 1929an eta 36ko gerraren osteko aurreneko bi txapelketetan, eta bertso eskolen sustatzaile nagusietakoa ere izan zen XX. mendeko 50eko hamarkadan.

Bertsoak ez ezik, musikak ere gazte zela deitu zion Jon Enbeitari, eta 18 urterekin hasi zen gitarra jotzen. Plazaz plaza ibili zen zenbait urtetan, 70eko hamarkadaren hasieran, eta single bat ere grabatu eta argitaratu zuen 1971n (Jon Enbeita, Cinsa), lau kanturekin: Emoidazu eskua, Horrela doa mundua, Dirua eta Euskalduna naiz. Hortik aurrera jarraitu zuen zuzenean kantaldiak eta bertso saioak tartekatzen, eta 1978. urtean, indarrak bertsolaritzan jartzea erabaki zuen. “Taldeak agertzen hasi zirenean, bi bideak jorratzea moldakaitza izango zitzaidala eta, zalantzatan ibili ostean bertsolaritzaren aldeko hautua egin nuen” (1).

Bertsolaritzarekin eta kantuarekin batera, Enbeitak literatura ere landu du, eta 1980an poesia liburua argitaratu zuen: Inguruaren arduraz (Hordago). Horretaz aparte bere sendiari buruzko hiru liburu idatzi ditu, Enbeitatarrak I, Enbeitatarrak II eta Enbeitatarrak III (Sendoa, 2000), eta hainbat aldizkaritan idatzi izan du: Karmele, Anaitasuna, Olerti, Argia, Aizu…

3599

Jon Enbeita bertsolari eta kantaria. (Lanku)

80ko hamarkadan Bizkaiko bertsolaritzako erreferentzia nagusietakoa bihurtu zen, eta Euskal Herriko txapelketetan ere finalera iritsi zen ekitaldi guztietan. 1980an Xabier Amurizarekin lehiatu zen txapela lortzeko, eta bigarren postu horren ondoren, finalean izan zen ondorengo txapelketa guztietan: 1982an, 1986an, 1989an eta 1993an. Gainera, Araba-Bizkaiko bertso txapeldun izan zen 1990 eta 1992an.

Bertso txapelketatan gehiago ez parte hartzea erabaki ostean, Paperetik Plazara taldea sortu zuen Ireneo Ajuria bertsolariarekin eta hainbat musikarirekin -Roberto eta Kepa trikitilariak, Idurre Erauzkin teklatu jotzailea, Haimar Arejita gitarrista (Gatibu), Dani Asua baxu jotzailea eta Ireneo Ajuria ahots laguntzailea-, eta 1995. eta 1999. urteen artean, aitak, aitonak eta Jon Enbeitak berak idatzitako bertsoak eskaini zituzten zuzenean.

Azkeneko urteotan bertsotan aritu da Jon Enbeita, baina 2008an, kantari lanari ekin zion berriro ere hiru hamarkadako etenaren ostean. Etxean gordeta zuen gitarra hartu, jotzen hasi eta kantu berriak egiten hasi zen. “Nola orain bertsolari gisa lan eta konpromiso gutxiago daukadan, aukera daukat kantagintza eta bertsolaritza biak lantzeko. Ez noa bertsoa utzi eta kantatzen hastera”, adierazi zuen kantagintzara itzuli zenean (2).

2009an, horrela, Hainbeste, hain gitxi (Lanku) diskoa grabatu zuen Rafa Ruedak ekoizpen esparruan lagunduta. Arkaitz Miner (biolina, biola, mandolina), Jexux Aranburu (teklatua, soinua), Ekain Elortza (perkusioak) eta Itsaso Etxebeste (baxua) izan zituen ondoan Enbeitak diskoa grabatzeko orduan, eta Oihane alabak ere abestu zuen zenbait kantutan.

Hainbeste, hain gitxi-k hamahiru kantu biltzen ditu, 70eko hamarkadan idatzitakoak batzuk eta azken sasoikoak beste batzuk, eta guztiek gordetzen dituzte 70eko hamarkadako kantagintzaren arrastoak. Hitzetan, gai orokorrak (“Askatasuna, bakea,Euskera“) eta pertsonalagoak (“Hotzak jo dau azaroan” -aita Balendinen heriotzan idatzitakoa-, “Lo Ekhi lo” -bilobari eskainitako sehaska kantua-) uztartzen ditu diskoak.

Diskoa kalean zela, Enbeitak hura aurkezteko hainbat kontzertu eman zituen, batzuk bakarka eta beste batzuk taldearekin.

Testua: Mikel Lizarralde

  • (1)   Gara, 2009ko ekainaren 18a
  • (2)   Berria, 2009ko ekainaren 3a