2014.05.26
Pier Paul Berzaitz

Pier Paul Berzaitz

  • 1952
  • Muskildi (Zuberoa)
  • Herri kanta, Kantautorea

Zuberoako abeslaririk handienetakoa da Pier Paul Berzaitz. Azken urteak Pauen irakasle eman baditu ere, Zuberoaren abeslaria izan da, bertako tradizio eta jendeei lotuta baitago haren kantutegia. “Muskildin edota Urdiñarben euskalduna izatea gauza naturala zen, Maulen ez. Ez bakarrik eskuararen aldetik, hiriko gauza ere bazen, baserriko izaitea izugarria zen. Hartara, errebeldia amini bat sortu zen eskualdunon baitan. Zenbaitek errebeldia hori baliatu zuten eskuararen kontra joaiteko. Belaunaldi zenbait Parisera joan zen Euskal Herria fini zelakoan. Funtzionario eta jendarme sartuz hainbat. Beste batzuk, berriz, eskual kantuari eta kulturari ekin genion. Sofrikario hori daramagu nolazpait (1).

Berzaitz 70eko hamarkadan hasi zen kantuan, Guk taldean, Joanes Borda, Beñat Sarasola, Panpi Lacarrieu eta Beñat Davantekin. “Behinola, Damaskorako bidean, argia ikusi nuen Beñat Sarasola eta Guk taldeko bertze lagunekin topatzean; suerte handia izan zen enetzat. Eskual kantua, kultura eta hizkuntzari lotua bizi naiz, eta ez dut duda egin sozietate horretan zela ene eginbidea” (1). Guk taldearen kantu askoren doinuez arduratu zen Berzaitz. Taldearen hitzak Sarasolak egin ohi zituen gehienetan. Taldearen aurkezpen ofiziala 1974an izan zen, Aita, seme, laborari ikuskizunarekin. Geroago, pare bat single argitaratu zituen, eta 1977an lehen diskoa heldu zen, Laborari, langile eta nagusi… (Elkar).

76

Pier Paul Berzaitz, ‘Baratze bat’ diskoa kaleratu berritan. (Berria)

1979an taldea utzi zuen Berzaitzek, eta Parisera joan zen banketxe batean lan egitera. 1987an kaleratu zuen bakarkako lehen lana, Han eta hor (Elkar), Frantziako (Daniel eta Remi Brel anaiak) eta Euskal Herriko (Alain Perpetue, Beñat Davant) musikariekin. Orduz geroztik, presarik gabe, merkatuaren legeetatik aldenduta argitaratu izan ditu lanak. Hamahiru urte geroago kaleratu zuen Baratze bat (Elkar, 2000), Berzaitz entzule talde zabalago batentzat ezagun egin zuen diskoa, batez ere diskoari izenburua ematen dion kantuari esker. Berzaitzen aurreko lanen aldean, ekoizpen handiko lana izan zen. Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musikari talde bikaina aukeratzeaz: Pascal Gaigne, Xabier Zeberio, Javi Area, Pello Ramirez, Txema Garces…

Aspalditik kontzertuetan ematen zituen kantuetatik sorta bat grabatu zuen hurrengo diskoan: Lili baten kantorea (Elkar, 2005). Itxaro Borda idazlearen olerkien gainean Berzaitzek sortutako doinuak,  Etxahun-Iruri-renak (“Matalazen hiltzea”), herri kantuak (“Bereterretchen kantorea”) eta Xabier Lete (“Xalbadorren heriotzean“) eta Imanol Lartzabalen (“Barne kanta“) bertsio bana bildu zituen zuberotarrak, berriz ere Karlos Gimenezen gidaritzapean egindako diskoan.

3395

Pier Paul Berzaitz eta Karlos Gimenez.

Arnaud D’Oihenart (1592-1667)-Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008) diskoan, poeta zuberotarraren gaztaroko olerkiak musikatu zituen, soinuan hari instrumentuei protagonismo berezia emanez. Hemen (Elkar, 2011) da orain arte argitaratu duen azken diskoa. Itxaro Bordaren zenbait poema musikatu ditu, Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” moldatu du eta katalanez abesturiko kantu bat (“Vath d’Aspa“) grabatu du Berzaitzek lan horretan.

Berzaitzen sorkuntza lana ezin da, halere, bere diskografiara mugatu. Hain zuzen, musikak adina garrantzi hartu du pastoralak haren azken hogei urteotako obran. Lau pastoral idatzi eta zuzendu ditu: Harizpe (1991), Atharratze jauregian (1997), Madalena de Jaureguiberry (2000) eta Ramuntxo (2003). Horrez gain, Elkanoren semeak (1998) eta Euskaldunen Izpiritua (1999) antzezlanetan musika komediaren generora hurbildu zen. 2008an Orreaga estreinatu zuen Baionan, dantza, musika, antzerkia eta bestelako osagaiak batzen dituen ikusgarria. Or Konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatutako ikuskizunean, parte hartu zuten Beñat Axiari kantariak, Aezkoa gizon abesbatzak, Theatre du Versanteko antzezleek eta 50 dantzarik, besteak beste. Halaber, Ze bolada! Jean Errecarten so begiz (2009) ikuskizun musikala sortu du, Jean Errekart politikariaren historian oinarrituta, Beritza konpainiak ekoitzi eta Jean-Dominique Espilek zuzendua.

Orreaga ikuskizunaren bide beretik, Amaiur: haien ametsa gurea da ikuskizun artistiko-musikala estreinatu zuen 2012ko uztailaren 21ean Nafarroako herri horretan (2). Azkenik, Egunsentiaren kantak kantaldi kolektiboan parte hartu zuen 2013. urtetik aurrera, Erramun Martikorena, Estitxu Pinatxo eta Magali Zubillaga kantariekin eta Joxan Goikoetxearen zuzendaritzapean.

Testua: Jon Benito

  • (1) Argia, 1.771. zenbakia, 2000ko uztailaren 23a
  • (2) Berria, 2012ko uztailaren 18a
Esku hutsik hiltzen gara

Esku hutsik hiltzen gara

Zuz: Ion Mari Beasain

Atzera

Esku hutsik hiltzen gara

Zuz: Ion Mari Beasain

Allande eta Juana D\'Oihenart-I

Ziek orai ezagütürik
eta hainbeste maithatürik
gure bidian agitürik
bethikotz gure bihotzen khümitiak
hatik nula xüxen aipha
zien amodio ederra
zien bihotz hain handia
edeiten ziala mundü bat osua.

Zide juanik aspaldian
geroztik denbora da iragan
gü gira gaur mundü huntan
zer ote ari zien aintzinian?
Leheneko nekeziak
gisa batez egun berak
ordinko libertate gosiak
heiek azkar oraino erruak.

Girelarik oso düdan
gogua aphal denian
et'ez segur gure xedian
ikhara gure fedian
ziek arrapiztü gureki
gora altxatü muskildi
izan gure ametsen gidari
eta dohakabetan sokhorri.

ERREPIKA

Udaberrian lehen lilia
zientzat Allande eta Juana.
Larrazkenian Xuberoko larrantza
zientzat Allande eta Juana.