Reggaea, dancehalla eta ragga landu dituen Euskal Herriko talderik entzutetsuenetako bat da Bad Sound (lehen, Bad Sound System). Selektah Stepi DJak sortu zuen Brujo, Masta eta Kenitra rap abeslari edo MCrekin. Fermin Muguruzarekin hainbat kontzertutan aritu ostean, Buiaka diskoa kaleratu zuen 2004an, Kontrakalea eta Metak diskoetxeekin. 2008an kaleratu zuen bigarrena, Kalean, hainbat kolaboratzailerekin; haien artean zen Sorkun abeslaria, eta gerora ere sarritan kolaboratu du taldearekin. Mexikon eta Japonian biran ibili, Rototom Sunsplash jaialdian aritu, eta beste bi disko kaleratu dituzte.