Euskal folklorea da Adarrots proiektuaren iparrorratza, baita euskal folk musikaren iraupena ere. 2003. urtearen amaieran elkartu zen lehen aldiz Bizkaiko zazpikotea, gaur egungo soinu eta erritmoak baliatuz sustraietako musika eguneratzeko asmoz. 2009an, Mendebala Folk Jaialdiko talde berrien lehiaketa irabazi zuen, eta sari horri esker grabatu zuen estreinako diskoa, Haizekadak. Beste hainbat sari ere jaso dituzte; besteak beste, 2011ko Eurofolk jaialdiko Europako talderik onenaren saria. Hogei urteko ibilbideari amaiera eman zioten 2023. urtean, lau disko kaleratu ondoren.