80ko hamarkadan Mogollon taldearekin eman zituen bere lehen pausoak musikan Adrian Perez donostiarrak, eta, garai hartako beste hainbat talderekin batera, parte hartu zuen Donosti Sound zigiluaren sorreran. 1993an, Mal de Ojo euskal runba proiektu probokatzailea sortu zuen, eta hamabi urtean zazpi disko kaleratu zituen taldearekin. Haragi Gordina taldean ere aritu zen gerora. Orain bere proposamenik pertsonalenarekin dihardu, bere iloba Unai Pelayo Pelax eta Balio Dute kolektiboaren laguntzaz.