Ene bada! ikuskizunak elkartu zituen Aiama eta Aneguria oholtza gainean 2019. urtean, ahizpatasunez aurre egiteko musikagintzan pairatutako egoera desatseginen ondorioz sentitzen duten hauskortasun profesionalari. Aiama piano jotzaile eta abeslaria da, eta, kontserbatorio ikasketak izateaz gain, Habanan musika latinoa ikasi zuen, eta Rio de Janeiron musika brasildarra. Nazioarteko hainbat jaialditan hartu du parte. Aneguria, berriz, rap eta hip-hop abeslaria da, eta zenbait disko kaleratu ditu. Fermin Muguruzarekin kolaboratzaile gisa aritu da, eta Eskina Femenina, Lapiko Klika eta La Dolçe Rima taldeetan ere bai.