Alboka taldea 1994an sortu zuten Joxan Goikoetxeak (soinua, trikitia), Txomin Artolak (gitarra), Josean Martin Zarkok (bouzoukia) eta euskal musikarekin maitemindutako irlandar batek, Alan Griffinek (flauta, twistle-a…). Hasieran, bakoitzaren –batez ere Goikoetxearen eta Artolaren– egitasmo propioen talde paralelo gisa sortu zen. Asmoa, hauxe: dantza musika modu instrumental eta akustikoan ematea. Horrelaxe ondu zuten lehen lana, urte hartan bertan: Alboka (Lagin Records, 1994). Lanak dezenteko oihartzuna izan zuen Euskal Herrian. Baina, horretaz gain, poliki-poliki taldea ezagun egiten hasi zen Europako folk zirkuituetan.
Txomin Artolak alde egin zuen taldetik 1996an, eta Juan Arriola (biolina) etorri zen haren ordez, bigarren diskoa bukatzen laguntzera. Jauzi kualitatiboa eman zuten Bi beso lur diskoan (Aztarna, 1997). Ordurako Alboka ez zen egitasmo paralelo bat, baizik eta adin nagusitasunera iritsitako talde bat. Aurreko diskoaren joera gainditu eta tradizioan oinarritutako kantu berriak sortzeari ekin zioten, eta horietako hainbatetan ahotsa sartu zuten. Horretarako, Xabi San Sebastianen laguntza eduki zuten; handik aurrera, hark jarriko zuen ahotsa taldearen disko guztietan. Gainera, beste hainbat aukera dituen CD interaktibo batekin osatu zuten diskoa.
Zuzenekoak ematen jarraitu zuen Albokak, eta nahiko arrunta zen taldearen izena Europako folk jaialdi nagusietan topatzea: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Herrialde Katalanak), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Musicas Del Mon (Herrialde Katalanak), World Music Getafe (Espainia), Transhumances Musicales (Frantzia)… Jaialdi horietan egindako harremanak baliatu zituzten hirugarren lana egiteko.
Albokaren berririk ez da izan azken aldian. Griffinek beste talde bat du une honetan, Aintzina, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena eta Zigor Sagarnarekin osatua. Joxan Goikoetxeak berriz, hainbat disko argitaratu ditu bere izenarekin –Lehenengo geltokian (Elkar, 1988), Goazen lagun (Aztarna, 1996), Supernova (Canton, 2000), Innervisions (Aztarna, 2007), Angel Unzurekin –Kollage, (Elkar, 1991)– edo Juan Mari Beltranekin —Beti ttun-ttun (No-CD Rekords, 1999)—, eta zenbait ikuskizunetan hartu du parte: Neguan izan zen (Xabier Leterekin), Sortuko dira besteak, Egunsentiaren kantak… Halaber, hainbat kantariren diskoetan grabatu du pianoa edota akordeoia.
Testua: Andoni Tolosa
1 Frantziatik ederrenik,
Abian da neska;
Bidazti doa Parisa
Aita-amen xerka.
2 Hara bidea okertuz
Xahutua beta,
Haritzpe bat babes hutsa
Lagunik ez eta.
3 Jaun dotore bat Parisa
Horra zaldiketa;
Harengana doa neska,
Arrenduz arreta:
4 - Otoi eraman nazazu,
Oi jaun zaldun presta!
- Bai bihotz osoz, damatxo,
Bihotz osoz, neska.
5 Zalditik kilimusia,
Bonetaz fereka,
Neska zelaren atzean
Jarri du aldeka;
6 Bidearen erditsuan,
Amorez galdezka.
Neskak, hori entzunik,
Hain zorrotz kopeta:
7 - Ixo, ixo, jaun zalduna,
Gaizto duzu seta,
Aita-ama legendunen
Haurra nauzu eta:
8 Bizi nahi ote zara
Legenez beteta?
Jaun zalduna, ikaratan,
Mutu eleketa.
9 Parisa heldurik, neskak
Irribarrez festa.
- Zer zaizu hain irrigarri,
Zer ote hor, neska?
10 - Jaun zaldun bat irrigai nik,
Kikil zer den eta:
Neska landan hain eskura,
Eta berriketa!
11 Jaun zaldunak, zapuzturik,
Limuri hizketa:
- Itzul gaitezen, gauza bat
Ahantzi dut eta.
12 Neskak sotil-sotil dio:
- Ez eman buelta,
Gorputzez itzuli arren
Ni nihaur naiz eta.
13 Erregek bainau alaba,
Ohorez pareka:
Bizi guztiko zintzaket
Burdinez esteka.