2022.11.16
Amaia Zubiria

Amaia Zubiria

  • 1947
  • Zubieta (Gipuzkoa)
  • Folka, Herri kanta

Zubietan (Gipuzkoa) jaio zen, 1947ko irailaren 11n. Aita sekula plazarik egin ez zuen ahots bikaineko bertsolaria eta ama kantuzale iaioa izanik, txikitatik jaso zuen kanturako zaletasuna. Kantatzea etxean eta lagunartean gorde beharreko kontua zelakoan, ezkutuan hasi zen, 16 urterekin, kantari berrientzat garai hartan ohikoak ziren txapelketetan parte hartzen. Halako batean La voz de España egunkariko argazki batean agertu, eta horrela jabetu ziren etxean Amaia gazteak kantaria izan nahi zuela. Sekulako iskanbila sortu zuen deskubrimenduak, gurasoek ez baitzuten nahi alabak plazan kantatzea.

AMAIA_ZUBIRIA

Amaia Zubiria. (Gari Garaialde / Argazki Press)

Oso gazte ezkondu zen, 19 urterekin, eta 25 urterekin hiru seme-alaba zituen. Hala eta guztiz ere, sekula ez zuen alde batera utzi kanturako grina. Txomin Artola ezagutu zuen 70eko hamarkadaren erdialdean; biek maite zuten Walt Whitman poeta estatubatuarra, eta Artolak proposatu zion Haizea taldean kantari gisa jardutea. Haizeak ezagutarazi zuen Amaia Zubiriaren ahots garden eta sentikorra. Ordu arte Hego Euskal Herrian entzun ez zen emakume kantaera zen hura, eta entzuleak txunditu egin zituen. Esan daiteke, zalantzarik gabe, Amaia Zubiriaren ahotsa izan zela Haizearen arrakastaren gakoetako bat.

Haizearekin zuzeneko hamaika emanaldi eta bi disko grabatu ondoren –Haizea (Herri Gogoa, 1976) eta Hontz gaua (Xoxoa, 1979)–, Frantziara eta ondoren Iparraldera jo zuen, eta hainbat jazz musikarirekin hasi zen lanean. Horrela ezagutu zuen Pascal Gaigne (Caen, Frantzia, 1958) gitarrista eta musikagilea. Harekin lanean hasi zen 1983ko udan, eta bikote artistikoa osatu zuten hainbat urtetan. Tartean, Etxahun eta Etxahun diskoan (IZ, 1980) parte hartu zuen, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiarirekin batera. Disko horretan Pierre Topet Etxahun eta Pierre Bordazarre Etxahun Iruri-ren piezarik esanguratsuenen berrirakurketa egin zuten.

Zubiria-Gaigne bikoteak egindako lanak bi zutabe ditu: alde batetik, herri musikaren inguruan kaleratutako diskoak, eta, bestetik, zinemarako egindako musika. Egun argi hartan (Elkar, 1985) izena hartu zuen bikotearen lehen diskoak. Herri kantak, gitarra jostagarriak eta ahots sakonak: hori izan daiteke diskoaren laburpenik egokiena. Diskoan nabaria da, ordea, Pascal Gaigneren konposizio eta moldaketen itzala. Hurrengo urtean Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986) kaleratu zuten. Aurrekoaren akustikotasun biluzi bera jorratzen zuen.

Zinemari dagokionez, Pascal Gaigne ezagutu baino lehenagokoa da Amaia Zubiriak egindako lehen lana, La fuga de Segovia (Angel Amigo, 1981) filmerako musika Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin egin baitzuen. Gero, “Tango” kantuarekin parte hartu zuen La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1983) filmaren musikan. Dena dela, Gaignerekin batera egin ditu bere lanik esanguratsuenak: Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Santa Kruz apaiz gudaria (Jose Maria Tuduri, 1990), Loraldia (Oscar Aizpeolea, 1990) eta Como tú quieras (Joseba Salegi, 1992). Ondoren, Gaignek ibilbide esanguratsua egin du zinemarako musikaren alorrean (El sol del membrillo, Mensaka, Lucio, Amaren eskuak, Loreak, Lasa eta Zabala…).

Amaia Zubiria ARGAZKI:  ANDER GILLENEA.

‘Haatik’ diskoaren promoziorako argazkia. (Ander Gillenea)

Bikoteak zinemarako egindako lan horren guztiaren emaitza da Hamar urte zineman bilduma diskoa (Angel Amigo, 1990), Amaia Zubiriak eta Pascal Gaignek bikote gisara kaleratutako azkena. Geroztik elkarren arteko harreman artistikoa ez da hautsi, eta Pascal Gaignek Amaia Zubiriaren diskoetako kolaboratzaile ia finkoa izaten jarraitu du.

Bere disko eta kantaldiez gain, ez da zaila Amaia Zubiriaren ahotsa 80ko hamarkadako disko askotan topatzea, Imanol Larzabalenak eta Txomin Artolarenak lekuko. Modu naturalean egin zuten berriro topo Artolak eta Zubiriak, gero eta elkarlan mamitsuagoa osatuz. Horren emaitza da hiru diskok osatutako Folk-lore sorta bilduma. Lehenak, Folk-lore-sorta 1 (Elkar, 1991), oihartzun handia lortu zuen komunikabide eta zaleen artean. Herri kantuen bertsio fidelak dira, bi kantarien ahotsak nabarmentzen dituen laguntza musikal akustiko dotoreez jantziak. Joxan Goikoetxea (soinua, teklatuak) eta Alan Griffin (whistlea, flauta, txirula…) Alboka taldeko kideak dira laguntzaileak. Ez dago esperimentaziorik, nahiz eta une batzuetan Haizearen garaiak gogora ekarri. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herri osoan, eta 1993an desegin zuten bikotea beste bi disko kaleratu ondoren: Folk-lore-sorta 2 (Elkar, 1992) eta Folk-lore-sorta 3 (Elkar, 1993).

Gero, bakarkako ibilbideari heldu zion berriro Amaia Zubiriak, eta sei disko kaleratu ditu geroztik. Amonaren mengantza (IZ, 1995) kantariaren azken urteetako ildoaren adierazle da. Kantu tradizionalak eta jazz musikatik datorren esperimentazioa uztartuta, batez ere kantatzeko moduan eta ahots jokoetan adierazten dena. Gainera, izenburuak ongi adierazten du diskoaren intentzio “feminista”, Zubiriaren jardunaren beste ezaugarrietako bat.

Korrika Kulturalaren barruan antolaturiko "Hamalau baietz" ekitaldian kantari, 2003ko otsailean. Argazkia: Jon Urbe / Argazki Press

Korrika Kulturalaren barruan antolaturiko “Hamalau baietz” ekitaldian kantari, 2003ko otsailean. (Jon Urbe / Argazki Press)

1998an bi disko kaleratu zituen: Inauterietako kantuekin osatutako Hou pitxu hou! (Elkar) eta Mami xuri (IZ, 1998). Bietan Angel Unzu gitarrista (GanbaraKepa Junkera, Benito LertxundiJabier Muguruza, Txuma Murugarren…) aritu zen ekoizle lanetan. Handik lau urtera, berriz, Haatik (Elkar, 2002) ondu zuen. Bertan hainbat kantu zahar berreskuratu eta zazpi kantu berri eskaini zizkigun Pascal Gaignek ekoitzi eta moldatutako diskoan. Geldialdi bat etorri zen ondoren, harik eta hainbat kantu herrikoi ezagunen bilduma apailatu zuen arte: Nabil (Elkar, 2008). Bertan, besteak beste, “Maitia nun zira“, “Prima eijerra“, “Itsasoa laino dago” eta hainbat abesti entzun ditzakegu Zubiriaren ahotan.

Amaia Zubiriak argitaratutako azken diskoa Amona Mantangorri da (Brian’s Records, 2010). Haurrentzako lan horretan Zubiriak berak sortu zituen kantu guztiak, eta Ritxi Salaberria (Sorotan Bele, Zaldibobo, Bidaia) arduratu zen ekoizpenaz.

Zuzenekoak ematen jarraitzen du Amaia Zubiriak, eta horietako askotan Edorta Amurua semea izaten du laguntzaile gitarrarekin.

Testua: Andoni Tolosa

Atzera

Prima eijerra

Xoriñoa kaloian

Xoriñuak kaloian
tristerik du kantatzen,
dielarik han zer jan, zer edan,
kanpoa desiratzen,
zeren, zeren
libertatea zoinen eder den!

Kanpoko xoria,
so giok kaloiari,
ahal balin bahedi
hartarik begira hadi,
zeren, zeren
libertatea zoinen eder den!

Barda amets egin dut
maitea ikusirik,
ikus eta ezin mintza,
ez da pena handia,
eta ezinbestia?
desiratzen nüke hiltzia!