Zentsura frankistari aurre egin behar izan zion Amets taldeak, eta hamahiru urtez aritu zen oholtza gainean. Araban sortu zen taldea, 1969an, eta Araba Abesbatzako bost kide izan ziren sortzaileak. Xabier Castillo Xeberri (gitarra eta ahotsa), Sabin Salaberri (teklatua eta ahotsa), Javi Galdos (bateria), Gaspar Ruiz de Gordoa (baxua eta ahotsa) eta Enrike Ruiz de Gordoa Alda (gitarra eta ahotsa) izan ziren Amets proiektuko taldekide egonkorrenak. 1973an grabatu zuten lehen lana, zeina Euskal Hit Parade zerrendan goraipatu zuten eta prentsan aipamen esanguratsuak izan zituen. 1976an, administrazio frankistak Amets taldearen emanaldiak debekatu zituen, baina Elizaren jabetzako tokietan zuzeneko batzuk egitea lortu zuten, taldeari izena aldatuta. 1981ean eten zuten beren ibilbidea, entseatzen zuten lokaletik instrumentuak eta bestelako materialak lapurtu zizkietenean. Ibilbidea eten aurreko azken urteetan, Juanjo Mena musika klasikoko zuzendari ezagunak ere parte hartu zuen Amets taldean, klarinetea eta txistua joz. 1993an, Araba Abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko, taldea berriz elkartu zen, eta antolatutako omenaldietan parte hartu.