Iruñeko musikariak pianoa ikasi zuen Pablo Sarasate kontserbatorioan, eta jazz ikasketak Musikenen egin zituen. Opera eta ahotsa ere jorratu ditu, eta Europako hainbat eszenatokitan aritu da. Bakarkako lanari dagokionez, 2011n Hilkorra ez banintz diskoa kaleratu zuen, euskal idazle garaikideen poesia lanak konposizio propioekin musikatuz. 2012tik aurrera, Jazzy Leap taldearekin egin du bide profesionala, zuzendari, moldatzaile, pianista eta abeslari. Taldearekin, berriz, Perico Sambeat, Sedajazz Big Band, Kalakan eta besterekin kolaboratu du. Iruñeko After Cage musika garaikideko jaialdiarekin harremana duen 7.2 kolektiboko kide ere bada, eta La Pamplonesa banda sinfonikoarekin kolaboratzen du.