Zestoan sortu zen Ankhar thrash metal taldea 2012an, hasieran Human izenarekin. Hurrengo urtean, Etorkizunarekin jolasean diskoa kaleratu eta harrera ona izan zuten; Euskal Herrian kontzertu batzuk egiteaz gain, nazioartean ere aritu ziren, besteak beste Vita Imana, In Mute eta Anestesia taldeekin oholtza partekatuz. 2014. urtean, taldearen izena aldatu, eta, bi urte geroago, Deshumanizazioa lana kaleratu zuten, Blood Fire Death zigiluarekin.