2019.09.09
Antton Valverde

Antton Valverde

Antton Valverde (Donostia, 1943ko maiatzaren 21a), perito ikasketak egin, eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Graficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik: solfeo, harmonia, konposizioa eta piano. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak. Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde du arreba, hura ere margolaria.

Antton Valverde, 2005eko Donostiako Musika Hamabostaldian kantari. Argazkia: Monika del Valle / Argazki Press

Antton Valverde, 2005eko Donostiako Musika Hamabostaldian kantari. (Monika del Valle / Argazki Press)

60ko hamarkadaren amaieran hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. 1969 eta 1971 bitartean hiru disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen, eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, “Maitasunez hil” eta “Asaba zarren baratza” kantuak. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkariak beti izan dira Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaz gain, Letek, Bitoriano Gandiagak eta JosAnton Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.

Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.

Antton Valverde 1992an, Lauaxetaren irudiaren ondoan. Argazkia: Berria

Antton Valverde 1992an, Lauaxetaren irudiaren ondoan.

1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986). Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta kutunetakoa. Harekiko zaletasuna txikitatik datorkio: “Etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat” (1).
Lizardiren jaiotzaren mendeurreneko kontzertuan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Argazkia: Berria

Lizardiren jaiotzaren mendeurreneko kontzertuan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, “Barberian. “Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo” (2).

2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.

ANTTON_VALVERDE

Xabier Leteren omenezko kontzertuan, Arantzazun, 2011ko abuztuan. (Gari Garaialde / Argazki Press)

2009. urtean Gu gira jaialdian parte hartu zuen beste hainbat kantarirekin batera, eta 2013. urtean 3Lak musika eta literatura emanaldia estreinatu zuen Anjel Lertxundi idazlearekin. Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemen inguruan osaturiko ikuskizuna CD-DVD batean jaso zuten.

Testua: Gontzal Agote

  • (1) Argia, 1.125. zenbakia, 1986ko azaroaren 16a
  • (2) Berria, 2007ko abenduaren 26a

Gure aurreko guraso zarrak

Gure aurreko guraso zarrak
aspaldi xamar il zian
guk ainbat bider faltatu gabe
jende santuko itzian;
izar tartetik begira daude
jendia nola bizi dan,
negar-malkuak dakazkitela
fueruak ofenditzian,
zer kontatua izango dute
Josafatera biltzian.

Kantabriya da ibai eder bat
guziya arraiz betia,
eta geiena jenero fiñak,
bastuak banakak dia;
beste erriyo zatar batzuek
artu ziguten partia,
fortunatzen da gaiztuak ona
bentzutu edo jatia,
orregatikan dago aserre
ur onen ama maitia.

Nola etxian esposatuta
nagusitzen den morroia
alaxen dago ibai onetan
gaiztuetako arraia;
egiten asi giñadenian
aiei ongi-etorriya
galdu giñuzen bizilekua
barriyua eta erriya...
euskaldunentzat ura izan zen
egun ikaragarriya.

Zori gaiztoko gerra zibilla
sortu zelako meriyo
lau probentziyak gelditu giñen
fetxaz beteta seriyo,
egun batian lur jo genduben
ezin gindezke gora iyo,
berriz altxako ote geraden
ere ez naiz oso fiyo...
erdera etzen bakarrik kapaz
euskerak lagunduko diyo.

Lenengo etsaiak erromatarrak,
bigarren txandan jentillak,
ta gero berriz frantzesarekin
izugarrizko batallak;
gure aurreko aitona zarrak
asko dira gerran illak,
mundu guziya bildurtzen zuten
kantabriyako mutillak,
oraingo mauser ainbat baziren
orduko lizar-makillak.

Gau eta egun antzika dago
gure kantabri ederra,
alde batera naiago nuke
ezpanitz emengotarra,
mundu guziyak aditutzen du
euskaldunaren negarra,
enpeñatzia ez bada libre
alperrik degu indarra,
au da txoriyak gari tartian
gosiak egon bearra!