1989an Irunen sortutako punk-rock talde bat izan zen Apurtu, Petruska Records zigiluaren sortzaile Aitor Perez musikari eta ekoizlea buru izandakoa. Bere ibilbide luzean, hardcoretik punk melodikorako bidea egin zuen Apurtuk. Kaleratutako hamar diskoetan aditu daiteke bilakaera hori. 2015ean taldea banatu ondoren, beste disko bat kaleratu zuten: taldearen ibilbidea laburbiltzen duen hogeita lau kantuko binilo bikoitza. Euskal Herriko hainbat txokotan aritzeaz gain, Alemanian, Bulgarian, Eslovakian, Espainian, Frantzian eta Ingalaterran ere eman zituen kontzertuak taldeak.