Doinu elektronikoak protagonista dituen Mungiako post-punk laukoteak 2011n hasi zuen ibilbidea, eta laster publikoaren arreta bereganatu zuen, 2012an Gaztea maketa lehiaketa eta Espainiako Radio 3 irratiko El Ojo Critico lehiaketa irabazi ondoren. Urte hartan bertan, Bilboko BBK Live jaialdian eta Donostiako Jazzaldian aritu ziren bizkaitarrak. 2013an Eurie diskoa kaleratu, eta geroztik diskografia oparoa osatu dute, gehienbat ingelesez kantatuta, baina euskarazko eta gaztelaniazko kantuak ere argitaratu dituzte. Josu Billelabeitiak (gitarra, ahotsa), Cris Lizarragak (ahotsa, teklatua), Lander Zalakainek (bateria, ahotsa) eta Lore Billelabeitiak (baxua, teklatua, ahotsa) osatzen dute taldea.