Xabi Etxeberri, Jeremie Garat, Elorri Falxa eta Paxkal Irigoienek osatzen dute Bilau laukotea. Zenbait kontzertu jo ondoren, 2017ko urrian kaleratu zuten lehen diskoa. Biolinak, biolontxeloak, gitarrak eta perkusioak areagotu egiten dute Paxkal eta Elorrik deklamatutako mantra hunkigarrien indarra. Sei abestiko bilduma da Ainhize-Monjoloseko laukotearena: bare-bare hasi eta apurka-apurka intentsitatea hartzen duten sei kantu. Folketik zerbait badutela esan liteke, slowcorea gogora ekar lezakete, baina, etiketetak etiketa, sinpletasuna dotorezia handiz mamitzen du Bilau taldeak.