Tolosako Bonberenea ekimenaren urteurrenaren harira, 2003an kuadrilla bat bildu zen kalejiran kantu batzuk jotzeko asmoz, eta, geroztik, hainbat herri eta jai batzordek Bonberenea txarangaren doinuez alaitu nahi izan dituzte hamaika kale eta jaialdi. Txarangaren bizilekua kalea da, eta gauza gutxik alaitzen dute festa giroa txaranga batek adina. Estudioan ere bide oparoa izan duen arren, gehienbat kale eta jaialdietan ikusi dugu Bonberenea txaranga. Horren erakusgarri dira Pirritx eta Porrotxekin BECen egindako emanaldia, Kukutzaren aldeko kalejira, Trebiñuko ikastolaren aldeko kalejira, Gose taldearen Eutsi kantaren moldaketa, Tolosako Kilometroak festaren alde 2013an Laskorain ikastolan egindako kontzertu berezia, eta abar.